Aldaketa egoeraz baliatu behar dela dio Kellyk

Sinn Feineko diputatuak ez du iritzi aldaketarako keinurik ikusten Espainiako Gobernuan

Erredakzioa
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Sinn Feineko diputatu Gerry Kellyk poztasunez hartu du ETABruselako Adierazpenaren sinatzaileekin urratsak aztertzeko prest agertu izana. Haren ustez,iragarpenak «bake prozesu bat lortzeko beharrezko bidea irekita» utzi du.

Era berean, Sinn Feinek argitaratu duen artikulu batean azaldu duenez, ez du harritu Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ETAren agiria «tentuz» eta «mesfidati» hartzea. Kelly Ipar Irlandako bake negoziazioetan hartu zuen parte, eta azaldu du kasu horretan gobernuaren erantzuna berdina izan zela.

Kellyk 90eko hamarkadan Sinn Feineko beste kide batzuekin batera Erresuma Batuko Gobernuarekin egindako negoziazioetan egon zen, eta 1998ko Ostiral Santuko Akordioan parte hartu zuen.

Horregatik dio «itxaron» daitekeela gobernuaren konfiantza lortzeko. Haatik, adierazi duenez, «momentuak ez du itxarongo».

Hala ere, Kellyk ez du uste Espainiako Gobernuak egungo egoera aurrerapausoak egiteko baliatuko duenik. Haren iritziz, ez dago gobernuak iritzi aldaketa izango duela adierazten duen «keinurik». Ideia hori argudiatzeko, Sinn Feinek Erresuma Batuko Gobernuarekin izandako negoziazioekin alderatu du egoera Kellyk. Beraien kasuan Londres «onartezina» zen statu quo bat mantentzen saiatu zela adierazi du, aldaketarako asmorik gabe.

Horregatik dio aldaketa egoeraz baliatzeko pausoak eman behar direla. Hala, Bruselako Adierazpeneko sinatzaileek «aukera itxaron gabe joaten» dela ikusi eta bake prozesu bat lortzeko euren izena eman izana goraipatu du.

Gogorarazi du Irlandako lider errepublikanoen eta herrialdearen statu quo-a aldatu nahi zutenen laguntza jaso zutela Ipar Irlandan beraiek. Hala ere, Kellyk nabarmendu du behin «eraso armatuak alde batera uzteko erabakia» hartzen denean «politikari eta aktibista batzuentzat lan nekagarri eta astuna» izaten dela aldaketa unea aurrera eramateko aukeraz baliatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.