Iñaki Arzoz. Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarreko kidea

«Aldaketa behar dugu, oxigenoa behar dugun gisan arnasa hartzeko»

Esparru ugaritako norbanakoek osatzen dute batzarra. Aldaketarako zer oinarri beharko liratekeen adostu dute, eta alderdiekin adosguneak lortu nahi dituzte, «benetako» aldaketa bermatzeko.

IÑIGO URIZ / ARP.
gurutze izagirre intxauspe
2015eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Iñaki Arzoz (1966, Iruñea) artista izateaz gain, duela urte asko dabil aktibismoan. M-15eko mugimenduaren ostean, aldaketa sozialaren aldeko batzarra sortu zen Nafarroan, eta geroztik horko kide da, «premiazkoa» ikusten duen aldaketa zehazteko eta horri begira elkarguneak bilatzen laguntzeko. Lankidetzarako eztabaidak ildo horretan antolatu dituzte. Atzokoa zen azkena, erabakitzeko eskubideari buruzkoa.

Nondik sortu da Nafarroan aldaketaren aldeko batzar bat sortu beharra?

M-15eko gogoeten ostean ondorioztatu zen Nafarroan aldaketa egongo bazen horrek barneratzailea eta zeharkakoa izan behar zuela, aldaketaren aldeko sentsibilitate guztiak bilduko zituena. Hori laguntzeko sortu ginen.

Nortzuk elkartzen zarete?

Koordinaziorako lantalde bat dago, eta 45 bat lagun elkartzen gara. Gero, batzar handiago bat dago, eta hor jende gehiago batzen gara: norbanakoak, PSN kritikokoak, Bildukoak, CCOOkoak, LABekoak eta hainbat mugimendu sozialetan daudenak.

Zerk batzen zaituzte?

Aldaketa sakon bat eragiteko nahiak, ziurrenik mugarri bat izango duena datozen hauteskundeetan. Baina uste dugu aldaketa sakona bozetatik harago doala. Ez dugu gobernuan txanda aldaketa soil bat gertatzea nahi, benetako alternatiba bat baizik. Eremu asko berrikusi egin behar dira: justizia soziala, demokratizazio sakona eta herritarren parte hartzea, batez ere.

Zer oinarri behar dira aldaketa hori benetakoa izan dadin?

Oinarrizko agiri bat adostu genuen, hamalau ardatzekoa; gure ustez Nafarroan aldaketa izan dadin heldu beharreko gaiak biltzen dituena. Besteak beste, arlo soziala, ekonomikoa... zehaztu ziren. Hori alderdi eta mugimenduekin kontrastatu nahi izan genuen, eta eztabaida sustatu. Lankidetzarako eztabaidak deitu genien, ez genuelako soilik ezberdinen arteko kontrasteak ikusteko eztabaida nahi. Landu nahi genuen kontsentsuaren bidez akordioak lortzeko aukera. Batzarretan landu izan dugun kontsentsuaren lan dinamika alderdi politikoetara eramatea zen asmoa.

Parte hartzearen gaia landu duzue. Herritarrak aktibo daude?

Oinarrizko gaietako bat da. Herritarren parte hartzea eta demokratizazioa ez badira lantzen, gainerakoak ez du balio handirik. Oinarrian, politika egiteko moduen aldaketa dago, erakunde eta alderdi barruetan parte hartzea sustatzea eta demokratizatzea. Gehien interesatzen zaiguna da herritarren lanak erakundeetan isla izatea, eta, horretarako, benetan parte hartzeko bideak ireki behar dira.

Mobilizazio ugari sustatu dituzue, halaber, azken hilabetetan.

Mugimendu soziala garen heinean, uste dugu mobilizazioak ez duela etenik izan behar, eta handituz joan behar duela. Aldaketa sozialaren aldeko batzarrak sustatu ditu, besteak beste, espazio sozialak mobilizazioak egon daitezen. Uste dugu mugimendu sozialek gero eta inplikatuago egon behar dutela izaera soziopolitikoko mobilizazioetan eta handituz joan behar dutela.

Aspaldiko handienak dira aldaketaren aldeko elkarguneak Nafarroan. Zer dela eta?

Urteak daramagu eskuinarekin, eta uste dut deiadar bat dela, aldaketa behar dugu, arnasa hartzeko oxigenoa behar dugun gisan. Izugarria litzateke aldaketa egiteko hainbat indar egonda elkar hartzeko aukerarekin azkenean ez lortzea, edo ez lortzen hastea.

Erabakitzeko eskubidearekin itxi duzue lankidetzarako eztabaiden zikloa. Zergatik?

Hamalau ardatz horietan agertzen zen gaietako bat zen. Benetako aldaketarako marko eta eredu politikoaren aldaketazehaztu behar zen. Honi buruzko eztabaida lapurtu egin digute azken hamarkadetan Nafarroan. Foru Hobekuntza sasiestatu autonomia bat da, ez digute galdetu herritarrei. Nafarroan horri buruz hitz egitea esanguratsua zela uste genuen: Nafarroako prozesu konstituziogile batez hitz egitea, laugarren xedapen gehigarriaz hitz egitea, autonomia estatutuaz, eta, oro har, erabakitzeko eskubideaz. Lurraldetasunaz harago doa ariketa: gai ekonomikoez...

Eztabaida ziklo hau itxita, zer lan ildo dituzue aurrerantzean?

Hurrengo mugarria zail samarra da, baina honako hau da: gurekin elkarlanean eztabaidetan aritu diren alderdiek gutxieneko akordio batzuk egitea aldaketaren alde. Ea hauteskundeak baino lehen posible den. Eta, bestela, hauteskundeen ondoren sortzen den egoeraren arabera, aldaketaren aldeko batzarrak eskaerak eta jarraipena egingo dizkio aldaketaren aldeko balizko gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.