Mende laurdena igaro da Euskal Herriko eragile abertzale andanak Lizarrako adierazpena plazaratu zutenetik. Aurreko hamarkadako ezinikusi politikoek elkarrizketarako esparru berri bati utzitako espazioaren erakusle izan zen hitzarmen hura: posible ziren abertzaleen arteko akordioak. 25 urte geroago, haren eragina presente dago oraindik euskal politikagintzan, baina urrun ikusten da halakorik errepikatzeko aukera.
Oso bestelako egoera batetik abiatu zen Lizarran (Nafarroa) amaitutako prozesua. Loren Arkotxa Ondarroako alkate ohi eta Udalbiltzako presidente izandakoaren esanetan, «apartheid politiko bat» bizi zen 1990eko hamarkada hasieran: «Jende mordoxka bat eszenatoki politikotik baztertu nahian ari ziren eragile politiko batzuk». Izan ere, adierazpena sinatu baino hamarkada bat lehenago sinatu zuten AP, CDS, EAJ, EE, PSOE-PSE eta EA alderdiek eta Eusko Jaurlaritzak Ajuriaeneko ituna.
Galder Sierrak bi fase bereizten ditu itun haren bilakaeran: 1995era bitarteko bat, eta 1997ra arteko beste bat, «itunaren ageriko gainbehera erakusten duena», 1990eko hamarkadaren bigarren erditik aurrera aldaketa bat izan baitzen euskal politikagintzan. Sierrak bere doktore tesian azaltzen du Ajuriaeneko itunak ezarritako demokrata eta biolentoen arteko lehiatik subiranista eta konstituzionalisten artekora egin zela jauzi, eta horrek eragina izan zuen diskurtso politikoetan. Eider Alkortak hala nabarmentzen du aldaketa bere tesian: «1996az geroztik akordio eta planteamendu berriak lantzen hasten dira, subiranotasunaren kontzeptua mahai gainean jarriaz, estatutua agortutzat joaz, eta hori guztia 1998ko [Lizarra-Garaziko] akordioan islatua ikusi ahal izan genuen».
EHUko irakasle Imanol Muruak zehaztu du zein izan ziren aldaketa horren gakoetako batzuk. Batetik, EBBko presidente Xabier Arzallus buru zuela, EAJk «gatazka konpontzeko bide berriak» aztertzeari ekin zion; besteak beste, 1998ko martxoan Ardanza plana aurkeztu zuen Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: euskal alderdien arteko «mugarik gabeko elkarrizketen» alde egin zuen, eta Ajuriaeneko itunaren arrakalak azaleratu. Bestetik, PP eta PSOE «Ermuko Izpirituaren olatua» hartuta zebiltzala azaldu du Muruak, Miguel Angel Blanco PPko zinegotziaren hilketaren ostean. «Abertzaletasun osoa etsaitzat hartu zuten». Une berean, higadura gerraren bidez negoziazioa behartzeko ETAren estrategia ere «krisian» sartu zen.
Testuinguru hartan, «hirugarren bidea» esan izan zitzaion ildoa gorpuzten hasi zela azaldu du Muruak: «ELA eta LABen arteko aliantza, Elkarri-ren sorrera... Jokaleku politikoa asko aldatu zen faktore askoren eraginez». Hala, azaldu du ondorio berera iritsi zirela bai EAJ, eta bai ezker abertzalea eta ETA, argudioak ezberdinak izan arren: «Gatazka konpontzeko bide berriak behar ziren. Testuinguru horretan, Irlandako bake prozesuak irudi inspiratzailea eskaintzen zuen: su etena, negoziazio mahaia, akordioa...».
Horrek bide eman zien abertzaleen arteko elkarrizketei. Bai Lizarra-Garazi gauzatzeko, baina baita, aurrez, ETAk, EAJk eta EAk erakunde armatuaren su etena eragingo zuen akordioa egiteko ere. Muruak azaldu duenez, ETAren menia horrek bide eman zion «indar subiranisten arteko elkarlanari»: «Izugarrizko aldaketa izan zen. Ordura arte, ETAren borroka armatuak ezinezko bihurtzen zuen alderdi politiko abertzaleen arteko ekintza batasuna, eta su etenak posible egin zuen». Horiek hala, EHUko irakasleak adierazi du «distentsioaren potentzialitate politikoa» agerian geratu zela.
Arkotxaren esanetan, «oso aberatsak eta potenteak» izan ziren urte haiek, eta Lizarrako adierazpena lan horren guztiaren ondorio izan zen: «Euskal Herria aintzat hartzen dugun guztiok ikusten genuen hor leku bat genuela». Horixe nabarmendu nahi izan du Ondarroako alkate ohiak, «sentsibilitate politiko ezberdinek» Euskal Herria aintzat hartuta «ate bat irekitzea». Izan ere, «ilusioz betetako estadio batera» igaro zirela azaldu du, eta, «erromantizismotik» haratago, herrigintzarako izandako balioa nabarmendu du: «Lehena eta geroa banatu zituen, eta geroa gaur arte iritsi da. Horren balioa ezin da kalkulatu».
Abertzaleek «haizea alde» zutela uste du Muruak ere; batez ere, ezker abertzaleak. «Hauteskunde emaitzetan gora egin zuen. Eta, inorekin elkarlanean aritu ezin zen eragile bakana izateari utzi, eta joko politiko eta instituzionalean aliantzak egiteko gaitasuna izatea lortu zuen». Euskal Herritarrok plataformak azken bozetan baino hiru eserleku gehiago eskuratu zituen 1998ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta haren botoak erabakigarriak izan ziren Juan Jose Ibarretxe jeltzalea Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko.
Mamia, erabakitzea
Muruaren esanetan, euskal gatazkaren gako nagusiak mahaigaineratzen lagundu zuen gertaturikoak: «Lizarra-Garaziko itunaren mamiaren funtsa euskal herritarren hitzaren errespetua zen, erabakitzeko eskubidea. Kontzeptua ez zen berria, baina hainbeste eragilek gatazkaren konponbiderako gakotzat hartzea eta denak aldarrikapen horren inguruan biltzea, bai».
Amalur Alvarezek bere tesian azaltzen du Lizarrako adierazpenaren inguruan hasi zirela sortzen «erabakitzeko eskubide moduan aldarrikatuko denaren edukiak». Hala, gerora EAJk ezker abertzalearekin zuen lotura zuen arren, Alvarezek azaltzen duen gobernu hark hasiera eman ziola prozesu politiko berri bati: «2004ko abenduaren 30ean Eusko Legebiltzarrean onartutako Estatutuaren Erreformarako Proposamenean gorpuztu zen prozesu hori». Ibarretxe planak aipamen esplizitua egin zion erabakitzeko eskubideari, eta EAJren, EAren, EBren eta Euskal Herritarrok-eko hiru parlamentariren—beste hiru kidek kontra egin zuten, eta beste batek ez zuen bozkatu— babesari esker onartu zuten.
ETAren su-etenak iraun bitartean, bestelako urratsak ere egin ziren, bai gatazka armatuaren zuzeneko eraginei dagokienez, bai Euskal Herriko nazio eraikuntza prozesuari dagokionez. Lehenari dagokionez, Muruak gogoratu du egoera hark eragin zuela Arzallusek berak euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio bateko pankartari eustea. Garai bertsuan, Jose Maria Aznarren gobernuak hainbat euskal preso Euskal Herriratu zituen, eta «euskal askapen mugimenduaren inguruarekin» harremanak hasi zituen; Espainiako Gobernua 1998ko abenduan bildu zen Herri Batasunarekin, eta 1999ko maiatzean ETArekin.
Ondorena kontuan izanik, baina, «aukera galdu bat» izan zela uste du Muruak. Argudiatu du EAJri «zalantzak» sortu zizkiola hauteskundetan onuradun nagusia ezker abertzalea izateak, eta gehitu du jeltzaleek «uzkur samar» jokatu zutela prozesuak aurrera egin ahala: «EAJren sektore batentzat, arrotzak ziren Udabiltza eta halako apustuak, eta arbuiatu egiten zuten ezker abertzalearekiko aliantza instituzionala». Halere, EHUko irakasleak azaldu du Lizarra Garazin parte hartu zuten eragile nagusiek eutsi egin ziotela prozesuari, eta EAJren, EAren eta ETAren arteko akordioaren amaiera jo du hausturaren arrazoitzat: «Frustrazio handia eragin zuen».
Ezker abertzaleari dagokionez, berriz, Lizarra-Garazik eragindako «distentsio garaiak» balio izan zuen ikusteko borroka armatua ez zela «ezinbesteko tresna» negoziazioak bultzatzeko, Muruaren esanetan: «Funtsean, borroka armatuari buruzko zalantzak handitu egin ziren. Bukaeraren hasiera izan zen».
Hegemonia
Hausturak haustura, aurrera egitea lortu zuen, besteak beste, Udalbiltzak. Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzeko eta lurraldearen egituraketa politikoa eraikitzen laguntzeko helburuz eratu zen hura. Arkotxa izan zen lehen presidentea, eta, azaldu duenez, Lizarrako adierazpenak emaniko «hauspo, indar, ilusio eta aukerek» eman zioten bide horri. Halere, kritiko da Udalbiltzak berak azken urteetan izandako ibilbidearekin. Azaldu du lehen helburua zazpi lurraldeetako gizarte eragileekin lan egitea zela, «behetik gora», eta horrek «fruitu handi eta ederrak» eman zituela; besteak beste, nabarmendu du auzolana ekintza politikoaren erdigunean jarri zela. «Egun, baina, haren potentzialitatearen %5 erabiltzen ari dela uste dut. Hor daukat pena», gehitu du, uste baitu Udalbiltzak Euskal Herrian berriz ere indar hartzeko jokaleku egokia dela egungoa.
Izan ere, Udalbiltzako presidente ohiaren iritziz, elkarlana sustatzeko aukerak badaude gaur egun; bai estatuko zentralismoari aurre egiteko, bai nazio eraikuntzarako lana azaleratzeko. «Garai oso ona litzateke halako lan potente bat bultzatzeko. Asko esatea litzateke Lizarra Garazi II deitzea, baina halako zerbait. Badaude motiboak eta aukerak gaur egun ere bide horri heltzeko». Horretarako, Lizarrako akordioak utzitako arrastoari so egin dio: «Irakaspen asko utzi zituen, baina, batez ere, elkarlanarena».
Muruaren ustez, ordea, bi alderdi abertzale nagusiak —EAJ eta EH Bildu— «hegemoniarako borrokan» ari dira egun; aginteari eusteko lanetan lehena, eta goranzko joeran bigarrena. «Ez dirudi estrategia aldatzeko tenorean direnik», gehitu du. Horrekin batera, azaldu du Arzallusen oinordekotzat jo daitezkeen jeltzaleak jada ez daudela EAJren gidaritzan: «Orain lema daukatenek ez dute ezer jakin nahi Lizarra-Garaziren antzeko kontuei buruz». Halere, Muruak gehitu du 1997an ere ez zuela posible ikusten halako akordio bat erdiestea, eta gertatu zen: «Baina 1998koa posible izan zen gatazka armatuaren bukaera zegoelako prozesuaren bukaeran, arrakasta izanez gero. ETAren indarkeriaren bukaera zen pizgarria, eta, hori gabe, orduan ere EAJ nekez sartuko zen halako abentura politiko batean».
Aldaketa baten sinboloa
25 urte bete dira gaur Lizarrako adierazpena aurkeztu zutenetik. Euskal politikagintzak 1990eko hamarkadaren amaieran izandako aldaketaren adierazle nagusia izan zen akordio hura, eta bidea ireki zion, besteak beste, erabakitzeko eskubidea elkarrizketa politikoaren erdigunean txertatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu