Carlos Cousoren hizkerak eta hitz gogorrek agerian utzi dute, beste behin ere, Nafarroako Ahal Dugu-n dagoen arrakala handia. Ruben Belasko, Fanny Carrillo eta Laura Perezekin batera azalpenak emateko batzarra egin zuten atzo Iruñeko Kondestablearen jauregian. Gertatutakoa ez ezik, alderdiaren hainbat trapu zahar ere atera ziren argitara. Militante anitz bildu ziren, eta egoera nola konpondu, hori zuten kezka nagusia bildutakoek. «Jendeak eskubidea du azalpenak jasotzeko, eta guk azalpenak emateko beharra genuen, oraingo egoera larria eta arriskutsua baita aldaketarentzat eta alderdiarentzat», azaldu zuen Cousok.
Ezinbestekotzat jo zuten arazoa konpontzea, 2019an UPN ez dadin gobernura itzul. Berriz ere azaldu zuten parlamentuko bozeramailea parlamentariak babesteko aldatu zutela: «Sinadura kendu diegu, eta hemendik inork ez du alde eginen». Susmoa zuten Mikel Buil bozeramaile ohiak Laura Perez kanpora zezakeela, bozeramailearen sinadura aski baita hori egiteko.
Hainbat aferari egotzi diote gaur egungo krisi sakona. Eduardo Santos idazkari nagusiari alderdiaren erdia zokoratzea leporatu zion Cousok. Ez hori bakarrik: Perezen aldeko langileak bota izana, parlamentariei haiek onartutako araudia inposatzea eta Laura Perezen aurkako «prozesu inkisitoriala» egitea. Santosek Perez bota nahi zuela salatu zuen. Ondoren, gainerako kideek beren lana defendatu zuten.
Aurrera jarraituko dute
Orain zain daude, Laura Perez botako dutenetz argitu arte. Gogorarazi zuten Perez izan zela Madrilen aldaketa defendatu zuena, eta xedea aldaketa dela. Botako balute, parlamentari aktari eusteko aukera aipatu zuten, baina horrek aldaketaren aldekoen gehiengo batzuk galtzea ekarriko luke. Perezek jarraituko balu, zuzendaritza kanpoan ikusi zuen Cousok. «Elkarrekin joan beharra dugu; edo eraikitzen dugu, edo hau suntsitzen badugu, ingurukoa ere suntsituko dugu».
Aldaketa babesteko, barne gatazka konpontzea galdegin dute kritikoek
Nafarroako Ahal Dugu-ko parlamentari kritikoek beren lana babestu dute, eta zuzendaritzari «jokabide inkisitoriala» leporatu diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu