Higiezinen Frantziako federazioaren (FNAIM) Ipar Euskal Herriko adarrak helegitea aurkeztu du 2024ko urriaren 21eko prefeturaren erabakiaren kontra, zeinak baldintzatzen baitu alokairuen mugatzea Ipar Euskal Herriko tentsio handiko 24 herritan. Alda auzoetako mugimenduak salatu du «zenbait jaberen interes indibidualak interes kolektiboaren gainetik lehenesteko borondatea» dutela.
«FNAIMen joko bikoitzak ez du luzaz iraun», idatzi dute. Zeren akordioaren izenpetze egunean jadanik entseatu baitziren higiezin agentzien integratzera jabeek alokairuen mugatzea ongi plantan jartzen dutela kontrolatuko zuen lantaldera; «epaile eta parte hartzaile izateko saiakera bat» da, Aldaren ustez. Azkenean, «maskak behin betiko erori dira» FNAIMek helegitea aurkeztu baitu Paueko (Okzitania) Administrazio Auzitegian.
Ipar Euskal Herriko tentsio handiko herrietan alokairuen mugatzea «ezinbesteko neurria» dela irizten dio Aldak, «herrian bizitzeko eskubidea betetzeko».