Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapezak BERRIAri jakinarazi dio auzitara eramanen duela Aldak seinalatu duen etxejabe iruzurgilea. Alokairu kontratuetan iruzur egitea eta konpentsazio araua urratzea leporatzen dio etxejabeari auzotarren mugimenduak. Herenegun, alokagai duen bizitegian sartu eta okupatu egin zuten. Gaur jakinarazi dute bertan behera utziko dutela okupazioa, jarritako helburu guziak lortu baitituzte: plataforma turistiko guztietatik erretiratu dute bizitegiaren iragarkia, eta erreserbak ezeztatuak izan dira; alokairu iruzurra jasan zuenari dirua itzuli diote, eta Hendaiako Herriko Etxean errezibituko dute, beste bizileku bat hartzeko aterabide bat proposatzeko; etxejabeek kontuak eman beharko dituzte auzitegian», adierazi dute agiri batean.
Ikusi gehiago
Ez da lehen aldia Alda mugimenduak gisa horretako ekintzak egiten dituela. Behin baino gehiagotan salatu dute bizitegi turistikoak alokagai jartzen dituztenek egiten dituzten iruzurrak. Altzariak dituen bizitegi bat alokatzean, gutxienez urtebeteko kontratua egin behar da legez, baina, horren ordez, sei eta bederatzi hilabete arteko mugikortasun kontratuak inposatzen dituzte jabeek, ondoren udan turismorako alokatzeko. Berez, ikasleentzat eta sasoiko langileentzat berezituak dira kontratu labur horiek.
Asteartean etxebizitza okupatu zutenean, praktika horren biktima izan den langile baten berri eman zuten. Baina atzo jakinarazi zuten haren aurretik alokairuan egon zen beste emakume batek ere pairatu zuela iruzurra. «Ondorioztatu dugu etxebizitza anitzen jabe den bikote hau ohitua dela iruzurrak egiten alokairuetan. Uda aitzin eteten dituzte kontratuak, etxebizitza prezio handian alokatu ahal izateko, horretarako baimenik ez badute ere».
Etxe kontratu iruzurrezkoen kontra borrokatzeko lurralde batzordeari jakinarazpena eginen diotela abisatu du Aldak. Era berean, oroitarazi dute kontrolak egitea Euskal Hirigune Elkargoaren ardura dela baina iruzurgileak auzitara eramatea herriko etxeei dagokiela.
Kanpoko inbertsoreak
Ezenarrok esplikatu du lehen aldia dela halako auzibide bat abiatzen dutela, baina, iruzur gehiagoren berri jakinez gero, etxejabeen kontra ekiteko «prest» agertu da. «Euskal Hirigune Elkargoarekin elkarlanean aritu gara, eta Miarritzeko Herriko Etxeari ere aholkuak eskatu dizkiegu, haiek auzitara jo izan baitute jadanik». Prozedura akatsik gabea izatearen garrantzia azpimarratu du, etxejabeak helegitea jartzeko aukerarik izan ez dezan.
Auzapezaren hitzetan, Hendaiatik kanpora bizi dira etxejabeak, eta bizitegi bat baino gehiago dituzte ezker-eskuin. «Ez ditugu ezagutzen», zehaztu du.
Alde horretatik, azpimarratu du zaila dela kontrolak egitea halako iruzurrak aurkitzeko. «Neurri bat onartzen den ber, hura saihesteko moduak aurkitzen dituzte». Hala ere, zalantzan jarri du neurriaren beraren egokitasuna, ez baitu urtean zehar alokatzeko bizitegi gehiago libratu. «Ikusi duguna da gehienak saldu egiten dituztela, eta zergak ordaintzeko arazorik ez duten kanpoko inbertsoreek erosten dituztela».
Horregatik, neurria aldatzearen alde egin du, eta defendatu etxejabe bakoitzeko bizitegi turistiko bat baimendu beharko litzatekeela. «Gurea bezalako herri turistiko batean, zinezko eragin ezkorra du». Hala ere, argi mintzatu da: «Iruzurgile gehiago aurkitzen badituzte, haien kontra eginen dugu».