Aldako berrogei bat militante elkartu dira Baionako HSA Habitat Sud Atlantiqueko egoitzaren aitzinean. Bertara sartu, pankartak eskuetan, eta zuzendariarekin hitz egin ahal izan dute horien kexaz: Baionako Habas auzoko etxebizitzen kasua da kontua. Han bizi da Rudy Ortica, bere hiru haurrekin; hura ere Alda Habaseko militantea da. «Nire arazoak hegatzetik datoz», azaldu du. «Ura etengabe isurtzen da, mutxidurak badira denetan... Erran zidaten lixibarekin garbitzeko eta berriz tindatzeko... Hogei bat aldiz egina dut jadanik, eta badu urte bat bakarrik hemen naizela». Gehitu du bere haurrak etengabean eritzen direla baldintza horiengatik. Elkarrizketa kalapitatsuaren harira, nolabait ados jarri dira: HSAko zuzendaria bihar goizean iraganen da Orticaren etxetik, 11:00 aldera, obra enpresekin beharrezkoak diren lanak estimatzeko.
Orticaren kasuarekin, Habas auzo osoko etxebizitzetara zabaldu den arazoa salatu nahi izan dute Alda Habasekoak; 500 bat etxebizitza inguru dira. Xebax Christyk zehazki aipatu du: «Duela kasik urte bat, atez ate ibiliz, Aldak hezetasun arazoak identifikatu zituen 137 etxebizitzatan. Geroztik, HSAri galdegin zaio zerbaiten egitea lehentasunez tratatu behar ziren 36 etxebizitza identifikatuz. Aditu bat pasatu da ekainean [36 etxebizitzetatik hamarretan baizik ez]: erran du arazo bat bazela, eta gomendioak eman obra ttipi batzuk egiteko. Urrian bildu dira kolektibokoak HSArekin jakiteko zer eginen zen, eta galdegiteko obren plangintza egutegi bat». Geroztik, erantzunik ez. Hain zuzen, ekintzan Alda Habasekoek salatu eta berriz salatu dute azarotik geroz bidali dituzten mezuak erantzunik gabe geratu direla.
Artean, 2023ko abenduaren 21ean, partikularren etxebizitzen hobekuntzan espezializatua den Soliha elkartea Orticaren etxetik iragan zen gunearen azterketa egiteko: «Etxebizitzak ez ditu behar bezala betetzen onestasun irizpideak», idatzi dute. Gainera, Alda Habasek iragarri zituen lehentasunezko 36 etxebizitzetatik espertak begiratu dituen hamarretatik kanpo da Orticaren etxea. Bihar, beraz, zuzendaria haren etxetik pasatuko da, eta Aldakoek espero dute aterabideak atzemanen direla. Baina, ez dute nahi Orticaren kasuari erantzunez beste 137 etxebizitza problematikoen kasua isildua izan dadin. Eraikinen berrikuntza obrak 2028rako aurreikusi ziren hasieran, eta «larrialdi» obrak planteatu ziren azkenean, 2024rako. Epea iritsirik, obren egutegi zehatza eskatu dute Aldatik, eta horien zerrenda. HSAko zuzendariak, berriz, elkarrizketen bukaera aldera proposamena egin du: «Orticaren etxebizitzak, Solihak erran bezala, ez baditu onestasun irizpideak betetzen, orduan 2023ko alokairuak itzuliko dizkiogu».