Aldak gehiegizko alokairu prezioak ezartzen jarraitzen duen jabe bat salatu du

Duela urte bete jada salatu zuen Stephanie Detxenike jabea Alda mugimenduak, Lehuntzeko egoitza berean. Legeak onartu alokairu-sari emendatze handiegiak areagotu dituela salatu du. Bi alokatzaile ohirekin auzitara joko dute.

(ID_14299196) (Nahia.Garat/EZEZAGUNA) Aldaren ekintza : legez kanpoko alokatze baten salaketa
David Hugla Lehuntzeko auzapeza, Aldaren ekintzan hitza hartzen, astelehenean, Christy eta Peyraut saihetsean dituela. NAHIA GARAT
Iñaki Etxeleku.
2024ko irailaren 30a
16:45
Entzun

Ohiko modua erabili du Aldak: prentsari auzo herri batean hitzordua eman dio, eta ekintza lekura eraman du. Bizitegi sozial gisa duela zenbait urte egin eraikin multzo baten artera iritsi dira denak, astelehen eguerdian, Lehuntzeko (Lapurdi) Dorrea auzotegira. Aldako ekintzaileak bertan zeuden, pankartak eta afixak eskuan: «Iruzurrekin aski!», «Etxejabe tzarrak aski da!», «Jabe lapurrak aski!», «Legez kanpoko alokairua!» eta halako mezuak dakartzate pankartek.

Aldako Xebax Christyk eta Malika Peyrautek esplikatu dute arazoa: «Bigarren aldia da Alda Lehuntzeko T3 neurriko bizitegi honen aitzinerat hurbiltzen dela». 2023ko ekainean, jada, Stephanie Detxenike izeneko jabeari erran zioten aplikatzen zituen alokairu emendatzeak legez kanpokoak zirela. Duela urtea, hiru gelako pisuaren saria 840 eurotik 1.420 eurora igo zuen, tanpez.

Lehuntze, Lapurdiko beste 23 herrirekin, tentsio gunean sailkatua da. Eremu horretako bizitegi prezio gorak ikusirik, beren bizitegira alokatzaile berriak sartzen direlarik, jabeek ezin dute urteko erreferentziazko indizetik gora finkatu alokairu aldaketa. «Seinalatu badiogu ere, Detxenike anderea ilegaltasunean mantentzen tematzen da», salatu du Christyk. Joan den urteko ekintzatik, Aldakoak ohartu dira jabe horrek bi aldiz berriz alokatu duela bizitegia indizetik goragoko prezioan. «Mugatze dispositiboa berriz ere urratuz, Detxenike anderea herrian bizitzeko eskubidea urratzen duten jabeetariko bat da», segitu du Christyk. Goizean berean jakinarazi dio, funtsean, Aldak, Nizan (Okzitania) bizi den jabeari. Han duen etxearen parean pankartak itsatsi dizkiote mezu honekin: «Stephanie Detxenikek Euskal Herriari iruzur egiten dio».

Etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduari are larriagoa iruditu zaio Lehuntzekoa, ezen egoitza hori bizitegi sozial gisa eskuratu baitzuen jabeak: «Beraz, irizpide sozialei erantzunez eta diru publikoari esker».

«Tokiko agintariek iruzurrak eragozteko eta zigortzeko ahala ukan dezatela eskatzen dugu»

XEBAX CHRISTYAldako kidea

Interneten apartamentu bera alokatzeko iragarki berria jarri zuela ikusirik, Aldak berriz ere jakinarazi dio jabeari legea ez duela errespetatzen. Iragarkia kendu badu ere, beste bat jarri du plataforma berean logela bakarra alokatzeko. «Alokatzaile berriei erranen diegu zer preziotan alokatua izan behar duen», jakinarazi du Christyk.

Auzitara

Aldi honetan, Aldak urrunago joatea erabaki du. Lehuntzeko pisua alokatu izan duen bikote batekin eta laster bizitegia utzi behar duen oraingo alokatzailearekin, Detxenike jabea auzitara jaukiko dute.

Gaurko ekintza eta auzipetzea jabe guziei abisu emateko baliatu nahi izan du Aldak, eta, horrez gain, tokiko erakunde publikoek alokairuen mugatzea eskutan izateko eskatu du; iruzurgileak zigortzeko ahalbidea ukan dezaten. «Egun gutxi barru, alokatzaile batzuek alokatze kontratu berri bat izenpetu dezakete, hemen, ordaindu behar luketen baino 111 euro garestiago. Gaur egun, horren kontrako baliabiderik ez da».

Aldak jakin duenez, Frantziako Gobernuak hitzeman zuen alokairuen mugatzeko neurri indartua azaroan hasiko litzateke betetzen Ipar Euskal Herrian. «Tokiko agintariek iruzurrak eragozteko eta zigortzeko ahala ukan dezatela eskatzen dugu», erran du Christyk.

Hain zuzen, Lehuntzeko auzapeza bera, David Hugla etorri da Aldaren ekintzara, harekin bat egiteko. Euskal Elkargoko hautetsi abertzaleen Bil Gaiten taldekoa da Hugla, eta deitoratu du ez auzapezek, ez eta Elkargoak ere ez baitute iruzurren aitzinean esku hartzeko ahalik. «Zentzugabea eta ulertezina da», salatu du, jakinez, gainera, Lehuntzeko bizitegi horiek jabetza sozialeko programa batekoak zirela. «Botere publikoek ez dute ezer egiten ahal, nahiz eta bizitegi hauek diru publikoari esker eraiki diren». Huglak espero du alokairuen mugatzeko neurria laster indarrean sartuko dela, baina horrekin tokiko hautetsiei kontrolatzeko gaitasuna utzi behar zaiela uste du: «Nahi badugu dispositiboa ibil dadin, kontrolak eraginkorra izan beharko du. Elkargoa izan, edo herriko etxeak izan, baitezpadakoa da kontrol botere hori ukaitea».

«Nahi badugu dispositiboa ibil dadin, kontrolak eraginkorra izan beharko du. Elkargoa izan, edo herriko etxeak izan, baitezpadakoa da kontrol botere hori ukaitea»

DAVID HUGLALehuntzeko auzapeza

Lehuntzeko Dorrea auzoko kasuari begira, Detxenike jabearekin harremanetan sartzen saiatu da BERRIA, baina ez du erantzunik erdietsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.