Espainiako Auzitegi Nazionaleko Alejandro Abascal epaileak diligentzia gehiago abiatu ditu Iñaki Gracia eta Mikel Albisu euskal preso ohien aurka. 1995ean Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hiltzearen erabakia hartu izana leporatu nahi die auzitegiak bi euskal herritarrei, eta, horrekin lotuta, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera igaroak dira biak jada. Auzitegiak pasaportea kendua die bi euskal preso ohiei, eta ezin dira Espainiaren menpeko lurraldetik atera.
Abascalek dokumentuak bildu nahi ditu orain kasuaren inguruan, eta Guardia Zibilari eskatu dio horiek bilatu eta analiza ditzala. Ordoñezen hilketaren aurreko, bitarteko eta ondorengo ETAren batzorde exekutiboko aktak ikertu nahi ditu, bertzeak bertze jakiteko bi euskal herritarrak bilera horietan egon ote ziren, baita horietan aipatu ziren gaiak zein izan ziren ere. Albisuri 2004an Frantzian atxilotu zutenean atzeman zizkioten gailu informatikoak ere ikertzeko agindu du Abascalek. Halaber, ikertuen bertze auzi batzuetako informazioa oraingo prozedurara batzea galdegin du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.