Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek hilaren 21ean deitu ditu deklaratzera Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre. Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako salaketari men eginda, epaileak aurreko astean erabaki zuen bi horiek eta Josetxo Arizkuren ikertzea, ETAko zuzendaritzako kide gisa Miguel Angel Blancoren hilketan izan zuten ustezko ardura argitzeko.
Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, Albisu eta Iparragirre uztailaren 21ean deitu ditu deklaratzera, 12:00 eta 12:15 artean. Arizkurenek ere gauza bera egitea nahi du epaileak, eta, horretarako, Frantziari eskatu dio baimentzeko hura Espainiaratzeko euroaginduaren arrazoiak zabaltzea.
Garcia Castellonek Iñaki Gracia ere aipatu zuen ustezko arduradunen artean, baina haren delituak preskribatuta daudela ebatzi du. Ikerketatik kanpo utzi ditu, berriz, Asier Oiartzabal, Juankar Iglesias, Vicente Goikoetxea, Jokin Etxebarria eta Carlos Ibarguren. Haien aurkako salaketa ere aurkeztu zuen Dignidad y Justiciak. Blancoren kasuan egin bezala, elkarte hark ETAren zuzendaritzari beste zenbait ekintza esanguratsu ere egozteko salaketak jarri ditu. Horietako bat da Gregorio Ordoñez legebiltzarkidearena. Kasu hartan, Gracia, Albisu eta Arizkuren ikertzen ari da Auzitegi Nazionala.
Auzitegiak Guardia Zibilak eginiko txosten bat baliatu du Albisu, Iparragirre eta Arizkuren Blancoren hilketarekin lotuta ikertzeko. Txostenaren arabera, ez izan arren egile materialak —Irantzu Gallastegi eta Xabier Garcia Gaztelu epaitu eta zigortu zituzten hilketagatik—, ikertuek «omisioz» parte hartu zuten ekintza hartan, erakundeko «organo exekutiboko» kide gisa hura geratzeko «benetako gaitasuna» izan arren, halakorik agindu ez zutelako.