Albiste txarra, albiste txarraren atzetik

Fukushimako istripua eta Belgikako Doel 3ko erreaktore nuklearraren arazoek eragin zuzena izan dute Garoñan

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Garoña zabalik jarraitzeari buruzko eztabaida sutsua bazen lehendik, baina azken hogei hilabeteetan itxieraren aldeko jarrerak indartu dituzten albisteak gertatu dira. Bata bestearen atzetik. Japoniak pairatu zuen tsunamiak Garoñako zentralaren «senidetzat» jo zen erreaktore nuklearrean kalteak eragin zuen, bereziki. Ezbeharren aurreko segurtasunak eztabaida areagotu zuen, eta Europako Batasunak agindutako stress test delakoek aurrez CSNk jarritako muga are gehiago gogortu zuen.

Stress test horien emaitzek ez zuten zentralaren jarraipena ezbaian jarri, eta horrek elkarte ekologisten kritikak piztu zituen. Dena den, lanean jarraitu ahal izateko eskatutako hobekuntzek agerian utzi zuten lan sakonak behar zituela, zentralak modu seguruan lan egiten jarraitzeko. Nuclenorrek berak 120 milioi eurotan zenbatu zuen hobekuntza horiek egiteko beharko zuen dirua, eta beste hainbat egin beharko lituzke urteak aurrera egin ahala.

Fukushimako ezbeharraren ondorioz gogortutako neurriei Belgikatik heldutako albiste bat gehitu zitzaien abuztuan. Belgikako Doel 3 zentralaren erreaktorearen ontzian arazoak sumatu zituzten. Ontziaren egilearen arazoa izan zitekeela jakinarazi zuten, eta enpresa horrek egindako beste ontzien gaineko zalantza areagotu zen: Garoñakoa, besteak beste. Oraindik ez dituzte jakinarazi azterketen emaitzak, baina, arazorik egonez gero, zentrala ixteko moduko arrazoia dela nabarmendu dute adituek.

Azkenik, Espainiako Gobernua prestatzen ari den energia sektorearen aldaketak ere ez dio mesede handirik egin, eta luzapena eskatuz gero zergetan 40 milioi euro gehiago ordaindu beharko dituela kalkulatu du zentral nuklearraren jabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.