Zaldibarko luizia

Alberto Sololuzerenak dira Zaldibarren agertutako gorpuzkiak

DNA probak baieztatu du Sololuzerenak direla igandeaz gero aurkitutako arrastoak. Bi astez ariko dira toki berean Beltranen bila; agertu ezean, beste eremu bat egokituko dute

Indusketa lanak, atzo, Zaldibarko zabortegian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maider Galardi
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
«Gure esker ona adierazi nahi diegu Albertoren bilaketan eta aurkikuntzan parte hartu duten guztiei. Nahiz eta oso egoera bereziak bizitzea egokitu, haiek ez dute etsi». Alberto Sololuzeren senideen esker hitzak dira, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian topatutako gorpuzkiak haien senitartekoarenak direla frogatu diren egunekoak; atzokoak, alegia. Luze iraun baitu bilaketak: sei hilabete eta hamahiru egun, zehazki. DNA proben emaitzak, berriz, azkar heldu dira. Astebururako edukitzea espero zuen Eusko Jaurlaritzak, eta, azkenean, hiru egun behar izan dituzte laborategian Sololuzeren hezurrak direla baieztatzeko. Oraindik auzitegi medikuen txostena ez dago erabat itxita, baina analisiek frogatu dute zabortegiko baskularen azpian, 23 metro behera eginda, igandeaz gero topatutako gorpuzkiak, Sololuzerenak direla. Orain, ordea, Joaquin Beltranenak aurkitzea falta da. Hala diote sololuzetarrek ere: «Gure bakea ez da osoa izango hura ere agertu arte».

Joan den otsailaren 6an izan zen Zaldibarko luizia, eta lurpean gelditu ziren harrapatuta zabortegiko langile Beltran eta Sololuze. Erreskate lanak berehala abiarazi zituzten gorpuzkiak topatu dituzten gunean —baskularen alboan, B1 eremuan—, baina sei hilabete baino gehiago behar izan dituzte lehen aztarnak topatzeko. Izan ere, nahasmena sortu zen lehen egunetan, eta, gainera, amiantoa topatu zuten, suteak piztu ziren eta lurra ezegonkor zegoen. Ondorioz, beste gune batean hasi ziren induskatze lanak egiten. Igandean topatu zuten aurreneko giza arrastoa: berna hezur bat oihalez inguratuta. Hasierako eremu horretan zegoen, baskularen alboan —bertan egiten zuen lan Sololuzek—, baina 23 metro egin behar izan dute behera, eta 250.000 metro kubiko zabor mugitu, giza aztarnak topatzeko. Igandetik, moteldu egin zituzten bilaketak, hondakinak «metroz metro» aztertzeko, eta egunotan gorpuzki eta objektu pertsonal gehiago ere topatu dituzte. Atzo baieztatu zen azkenean Sololuze zela. «Sekulako arindua da. Koronabirusa pasatu da, hilabeteek luze jo dute, eta, animoak behean zeudenean, agertu da gorpua», adierazi diote BERRIAri familiako iturriek. Lanean eta babesa ematen aritutako guztiei eskerrak eman dizkiete senitartekoek, ohar bidez.

Beltran bilatzeko lanak

Hain zuzen ere, sololuzetarrek eskatu dute Beltranen gorpua bilatzen segitzeko. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du gune berean segituko dutela lanean, baskularen inguruan, B1 eremuan, alegia. Beste bi aste iraun dezakete induskatze lanek gune horretan, eta, hor agertuko ez balitz, eremu berri bat arakatzen hasiko dira.

BERRIAk jakin ahal izan duenez, beste hiru auto aurkitu beharko lituzkete eremu horretan —joan den apirilaren 6an aurkitu zuten Sololuzeren autoa, baina ordutik ez dute bestelako aztarnarik topatu—, eta berehala amaitu behar zituzten gune horretan indusketa lanak. Baina, Sololuzeren gorpuzkiak aurkituta, eremua zehatzago aztertzen ari dira orain. Jaurlaritzak dio «konpromisoa» bi gorpuak aurkitzea dela. Atzo, esaterako, Iñaki Arriola Ingurumen sailburua eta Elena Moreno sailburuordea Zaldibarren izan ziren, lan mahai teknikoak astero egiten duen bileran. Sololuzeren gorpua identifikatuta, Beltranen gorpuzkiak bilatzeko lanak antolatzen aritu ziren atzo.

Hain zuzen ere, Moyua enpresa ari da indusketa lanak egiten, eta, abuztu amaierara arteko kontratua izan arren, egunkari honek jakin du luzatu egin dutela hitzarmena, lanekin aurrera segitzeko, abendura arte, gutxienez. Hortaz, Beltran bilatzeko lanak beste hiru edo lau hilabetez luza daitezke. B1 eremuan ezer ez aurkituz gerobeste eremu bat egokitu beharko dutelako.

Jaurlaritzako Ingurumen saila da hondeatze lanen kudeaketa materialaren arduraduna, eta bertako iturrien arabera, egokitze lanak ez dira errazak izango: 300.000 metro kubiko hondakin mugitu behar dira, eta, horretarako, luizia egonkortzeko jarritako horma kendu beharko dute.

Horregatik, Sololuzeren familiak eskatu du bilaketa lanak ez eteteko, eta Beltranen gorpuaren bila segitzeko.

Dolua eta prozesu judiziala

Gorpu bat edukitzeak «doluan laguntzen» duela adierazi dute familiako iturriek; ez baita gauza bera hori, ala senide bat desagertua izan. Oroitarazi dute, gainera, ez zutela nahi gorpua zabor artean galtzea. «Esperantzaz apal» zeudenean heldu da albistea. Sololuzeren gorpua aurkituta, hurrengo urratsak Beltran topatzea eta bide judizialean aurrera egitea izango dira.

Senideen ustez, prozesu judizialean ez da aldaketarik izango gorpua egon ala ez: «Zuhurtziagabekeriazko homizidioa eta ingurumenaren aurkako delitua hor daude, eta ikusi beharko da zein bide hartzen duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.