Europako Batasunean betetako espetxealdiak kontuan hartzeko erreformaren eraginak nabaritzen ari dira 7/2014 legearen ondorioz euren zigor urteak nola luzatu ziren ikusi zituzten horiek. Azkena Alberto Plazaola izan da. Hark hamarkada bat zeraman Ipar Euskal Herrian, espetxeratua izateko arriskua baitzuen Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpen bat zela medio. Orain, Hego Euskal Herrian egoteko moduan da, Auzitegi Nazionalak ebatzi baitu haren kontrako atxilotze agindua bertan behera uztea, Frantzian egindako zigor urteak kontuan hartuta.
Plazaola 1990ean atxilotu zuten, eta 1996ra arte Frantzian egon zen preso. Orduan, Espainiaratu egin zuten, eta, 1997an, 46 urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAren Arabakomandoko kide izatea leporatuta, hau da, 30 urteko gehienezko espetxe zigorra. Ebazpen haren arabera, presoak 2026an beteko zukeen zigor osoa. Halere, Plazaola 2014ko abenduaren 4an atera zen espetxetik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Lehen Sekzioak hala erabakita; ordurako, 24 urte eginak zituen espetxean.
Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen, Europako Batasuneko zuzentarauak agindu moduan, Frantzian betetako urteak kendu behar zitzaizkiola Espainian ezarritako zigorrari, eta, neurri horri zigorra ordaintzeko onurak batuta, 2013ko abuzturako betea zuela zigor osoa. Hain zuzen, ebazpena argitaratu eta egun gutxira sartuko zen indarrean 7/2014 lege organikoa, Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartzea eragozteko.
Auzitegi Nazionalaren erabakiak gutxi iraun zuen indarrean, fiskaltzaren helegitea tarteko, Auzitegi Gorenak atzera bota baitzuen; 2015eko martxoaren 10ean Plazaola atxilotzeko agindu zuen.
Guardia Zibila Plazaolaren etxera joan zen haren bila, baina ordurako ihesean zen hura. Ziburura (Lapurdi) joana zen, eta han bizi izan da azken hamar urteotan. Madrilek egin ditu hura Espainiaratzeko saiakerak ere. 2015eko irailean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, haren kontrako euroagindu bat zela tarteko. Halere, Paueko Apelazio Auzitegiak baztertu egin zuen Espainiaren eskaera.
Plazaolarena ez da 7/2014 lege organikoaren aldaketaren ondorioz eten duten lehen espetxe zigorra. Martxoaren hasieran, Sare Herritarrak eta Etxerat elkarteak jakinarazi zuten Balbino Saenz Olarra euskal presoa Martuteneko espetxetik (Gipuzkoa) atera zela, arrazoi beragatik. Lehen aldia izan zen preso bat aske geratzen dena Espainiak euskal presoei aplikatu dien zigorren batuketa baliogabetzeko erreforma baliatuta. Halere, Sareren datuen arabera, 7/2014 lege organikoak 50 euskal presori baino gehiagori eragiten die oraindik ere, eta, behin erreforma martxan izanik, horietako seik aske beharko lukete.