Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriak gaur egin du lehen ekitaldi publikoa, eta Portugaleteko (Bizkaia) Errepelega osasun zentroa aukeratu du horretarako, herritar gisa dagokion osasun zentroa, hain zuzen ere. Osasun publikoaren eta lehen arretaren aldeko aldarria egin nahi izan du, eta «jendearengandik hurbil dagoen Osakidetza sendo baten aldeko apustuaren sinboloa» izan dela argitu.
Izan ere, Osasun Saila eta haren jarduera funtsezkoak izango dira abiatu berri den legegintzaldian. Lehen mailako arreta «Osakidetzaren giharra» dela uste du Martinezek, eta lehen mailako arreta sendoa izateak bakarrik berma dezakeela kalitatezko osasun laguntza edukitzea. Nabarmendu du hamar patologiatik zortzi tratatzen direla lehen arretan: «Ez gara sarrerako ate soil bati buruz ari, baizik eta osasun sistemaren oinarriari berari buruz».
Sailburu berriak konpromisoa hartu du euskal gizarteak behar eta merezi duen osasungintza lortzeko, eta horretarako «urrats sendoak» egiteko. Portugaleteko ESIko zuzendari kudeatzailearekin eta Errepelegako osasun etxeko arduradunekin izan da, baita gainontzeko profesionalekin ere. Eskerrak eman dizkie «egunez egun egiten duten lanagatik eta erakusten duten inplikazioagatik».