«Denbora beharko dugu arratsaldeko txandak betetzeko irtenbidea aurkitzeko, eta, agian, irtenbidea ez da beti izango arratsaldeak beteta edukitzea». Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aitortu du Osakidetzan «oso zaila» dela arratsaldeko txandetan medikuak izatea. Gizartearen bizi ohiturak dira arrazoia, haren ustez: «Profesionalek ez dute arratsaldez lan egin nahi». Horregatik, zera ohartarazi du: «Pizgarriak ez dira nahikoak txanda horiek erakargarriak izateko».
Osakidetzan betetzeko zailak diren 200 postu ingururentzako lan eskaintza publiko (LEP) bereziaren xehetasun batzuk eman ditu gaur Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta horren harira egin ditu adierazpen horiek sailburuak. Familia medikuei, pediatrei eta psikiatrei eskainiko dizkiete postu horiek, baina ez oraindik: aurrekontu legea urtarrilean onartu, eta horren ostean ekingo diote mahai sektorialean LEP horren oinarriak eztabaidatzeari.
Postu horien %66 Bizkaian daude —Barrualde-Galdakaoko ESIan, bereziki—. Debagoienean, Arabako Mendialdean eta Oionen (Araba) daude gainerako postu gehienak. Sailburuak azaldu duenez, postu horiek ez betetzeko arrazoi nagusia zera da, osasun zentro horiek «hiriguneetatik urrun» daudela. Zenbait hirigunetan etxeak garestiak izateak ere badu eragina, haren ustez —Donostia aipatu du—.
Pizgarriak
Arratsaldeko txandak betetzea da, ordea, Osasun Sailaren beste buruhausteetako bat, eta, sailburuak azaldu duenez, postu horiek betetzeko ere izango dira LEP berezi horren pizgarriak, nahiz eta uste duen ez direla «nahikoak» izango. Sektoreko mahaiari proposatuko dizkion pizgarrien artean daude, besteak beste, hauek: lantokira joateko behar den denbora lanorduen barruan sartzea, eta LEPetako merituen parte bihurtzea postu horietan lan egitea.
Betebehar bat ere izango dute lehiaketa publiko horretan postua lortuko dutenek: gutxienez hiru urtez egon beharko dute lehiaketa publiko bidez lortutako lekuan. Dena dela, oraindik ez da ziurra LEPean zenbat postu izango diren, orain arte ebatzi gabekoak itxi beharko baitituzte lehenago. Datorren urtearen hasieran ebaztea aurreikusten du Osasun Sailak.
Lantaldeari lotutako politikaz ez ezik, azpiegiturez eta, bereziki, Osakidetzak datorren urtetik aurrera eskainiko dituen zerbitzuez jardun dira gaur Alberto Martinez Osasun sailburua eta haren talde osoa Gasteizko Arriaga-Lakua osasun etxean. Ia gaztelania hutsean, lehen arretarako ekintza plana aurkeztu dute, eta baita beren burua ere: zuzendari asko berriak dira —asko anestesiologoak, Osasun sailburuaren moduan—.
Erizain gehiago
Azaldu dutenez, lehen arreta pazienteen eskura eta haiengandik hurbil egotea da Jaurlaritzaren konpromisoa, eta horregatik emango diote garrantzia «bestelako pertsonal politika bat» ezartzeari. Datorren urtean 358 postu gehituko dizkiote lehen arretako lantaldeari —berrehun inguru, erizainak—, eta aztertzen ari dira lantaldeak antolatzeko beste era bat, zerbitzu eta unitate guztiak ondo hornituta egon daitezen.
Azpiegiturez ere hitz egin dute. Gasteizen, esaterako, eragile ugarik salatu izan dute ospitaleetako larrialdiak «gainezka» egon izan direla, besteak beste, 2019an San Martin auzoko EAG etengabeko arretako gunea itxi zutenetik. Bada, datorren urteko otsailean berriro irekiko dute, sailburuak gaur aditzera eman duenez.
Horrez gain, osasun etxeak eraikiko dituzte 2030. urtea baino lehen Gasteizko Alde Zaharrean, Arrigorriagan (Bizkaia) eta Lazkaon (Gipuzkoa), esaterako.
Desburokratizazioa
Osasun arretarako sarbidea errazteko, garrantzia eman diote desburokratizazioari. Iragarri dute beste eredu bat garatzen ari direla eskaria kudeatzeko: eredu horren bidez, administrariei igorriko dizkiete orain arte medikuek eta erizainek egin behar izaten dituzten tramite kliniko-administratiboak. Eredu hori, ordea, garatzen ari dira oraindik.
Itxaron zerrendak ere lotuta daude sarbidearekin, eta «pozik» agertu dira azken datuekin: adierazi dutenez, lehen arretan lortzen ari dira 24 orduko epean artatzea, eta itxaron zerrenda kirurgikoa 52 egunekoa da batez beste.
Gaixotasunei aurrea hartzeari dagokionez, prostatako minbizia, biriketakoa eta gastrikoa atzemateko bide eraginkorrenak zeintzuk diren aztertzen ari dira, aurrerago herritarrei eskaini ahal izateko. Ondesteko minbiziaren baheketa, berriz, 74 urtera artekoek egin beharko dute aurrerantzean.
Gainera, gaixotasun kronikoak artatzen adituak diren 63 erizain kontratatuko dituzte datozen bost urteetan, eta datorren urtearen bigarren erdian 37 erizain komunitariori emango diete lana osasun zentroetan. Haurren Osasunerako Programa ere martxan jarri dute, umeei arreta integrala eskaini ahal izateko.
Bestalde, gogorarazi dute martxan segitzen duela gripearen aurkako txertaketa kanpainak, eta txertoa jartzera dei egin diete herritarrei. Adierazi dute Gabonen osterako aurreikusten dutela gorakadarik handiena. Nabarmendu duten arren orain arte jarraipena ona izan dela, bereziki haurdun dauden emakumeak deitu dituzte txertatzera.