Alba Garciak, Lander Martinezek eta Edurne Garciak aurkeztu dute hautagaitza Sumar gidatzeko

Asteazkenetik aurrera bozkatu ahal izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako militanteek. Larunbatean amaituko da prozesua.

Alba Garcia, Eusko Legebiltzarrerako bozetarako kanpainan. JON URBE / FOKU
Alba Garcia, Eusko Legebiltzarrerako bozetarako kanpainan. JON URBE / FOKU
Gurutze Izagirre Intxauspe - Iosu Alberdi
2024ko azaroaren 25a
10:35
Entzun

Ez da barne lehiarik izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Sumar Mugimenduaren gidaritza hartzeko. Zuzendaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea amaituta, zerrenda bateratu bat baino ez da aurkeztu, Alba Garciak, Lander Martinezek eta Edurne Garciak zuzendua. Ondo bidean, asteburuan hartuko dute horiek mugimenduaren lema, orduan amaituko baita prozesua, Bilboko Arrupe etxean egingo duten batzarrean. Aurrez, asteazkenetik ostiralera bitarte, militanteek aukera izango dute hautagaitza bozkatzeko.

Hautagaitzaren koordinazio orokorrerako hiru hautagaiek presentzia nabarmena izan dute azken hilabeteetan, batez ere Alba Garciak eta Lander Martinezek. Garcia Sumar koalizioaren lehendakarigai eta Bizkaiko zerrendaburu izan zen Eusko Legebiltzarrerako azken bozetan, eta, eserlekurik eskuratu ez bazuen ere, legebiltzarrean ari da egiten bere lanaren parte handi bat: hain zuzen, Jon Hernandez legebiltzarkidearen aholkularia da —hura Arabako zerrendaburu izan zen, eta Ezker Anitza-IUko kidea da—. Martinez, berriz, Espainiako Kongresuko diputatua da iaztik, eta Espainiako Sumarren exekutibako kidea; zehazki, Finantza eta idazkaritza teknikoko arduraduna da. Iraganean, EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ere izan zen, eta Eusko Legebiltzarreko kide, Elkarrekin Podemoseko ordezkari gisa. Edurne Garcia, berriz, koalizioaren eledunetako bat izan da azken hilabeteetan.

Ohar batean azaldu dutenez, hiru izendapen horiekin «esperientzia, gizarte konpromisoa eta ikuspegi berriak» uztartu nahi izan dituzte zuzendaritzan. Horiekin batera, baina, beste hogei izen ere ageri dira Garai Berria zerrendan. Lurralde bakoitzeko gutxienez bost pertsona daude, eta emakume gehiago daude zerrendetan gizon baino. Besteak beste, batzar prozesuan eledun lanetan aritu diren Azahara Botella eta Sergitz Moreno, Ahal Dugu-ko Antolakuntza idazkari ohi Yahcov Ruiz eta Espainiako Eskubide Sozialen estatu idazkari Rosa Martinez. Era berean, azaldu dute Andoni Berroeta eta Natalia Lapuente ere zuzendaritzan izango direla. Bi horiek Gazte Aldia+-k izendatu ditu, Sumar Mugimenduaren gazte antolakundeak. Hain zuzen, talde horrek batzarra amaitzean ekingo dio bere bideari ofizialki.

Larunbatean, bozketak egin eta emaitzak berrestearekin batera, Sumar mugimenduaren oinarri politiko, etiko eta antolakuntzakoak ere jarriko dituzte. Hain zuzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mugimenduak duen presentzia sendotzea izan da I. Batzar Nazionalaren helburua, eta bere antolaketa «proiektu plural, demokratiko eta feminista» gisa indartzea, oharrean azaldu dutenez: «Ideologikoki berrarmatzea». Gainera, hori barne lehiarik gabe egitea lortu dute, Martinezek ekin aurretik ezarritako xedea beteta: azaldu zuen prozesu «lasaia» izatea nahi zutela, barne lehiarik gabea, eta gehitu zuen formulak aztertzen ari zirela zerrenda bateratu bat prestatzeko.

Sumar 2023a amaitu aurretik eratu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Lander Martinezen gidaritzapean. Hala, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako bozetarako hautagaitza prestatzea izan zen lehen urratsa. Ahal Dugu-rekin akordiorik itxi gabe, Equo Berdeekin eta Ezker Anitza-IUrekin aurkeztu ziren, eta ordezkaritza bat lortu zuten, Araban: Ezker Anitza-IUko Jon Hernandez, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.