Alarmaz alarma, aurrera

Hiru aldiz saiatu da Ertzaintza Aske Gunean sartzen, baina atzera egin behar izan du hiruretan

Ondarroako Aske Guneko kideak, zubiko harresia osatzen. A. LOIOLA / A. PRESS.
Ondarroa
2013ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Nekea, ahuluneak, minak... Egunak aurrea doaz, eta, etsipenik ez badute ere, bistakoa da ondarroarren eta kanpotik etorritakoen sufrimendua. Irribarrez diraute denek, baina barren-barrenean, eusten daude. Aske Gunearen filosofian sinesten dutelako, eusten. Bosgarren eguna beteko du gaur Ondarroako Aske Guneak.

Gau bizia izan zen herenegungoa. Ertzaintzak hiru aldiz bisitatu zuen Aske Gunea. Eta hiruretan argazki bera topatu zuen: herritar andana zubi harresia eraikitzen eta askatasunaren alde oihukatzen. 00:00etan izan zen lehenengo bisita. Ustekabean. Suziriak, turruna eta txistuak izan ziren orduan alarma piztu zutenak. Plaiko Zubiaren gainean hamabost minutuz egon eta gero, bozgorailuek «alarma faltsua» esan zuten. Herritarrak berriro Alamedara jaitsi ziren. 02:00etan berriro ere mugitzeko deia zabaldu zen. «Badatoz!». Oraingoan motelago egin zuten zubirantz herritarrek. Baina Ertzaintzaren furgonetak ikusteaz batera, harresia di-da eraiki zuten. «Oraingoan arin etorri dira!», esan zuten herritarrek zubian, harresia egiten zuten bitartean. Alarma faltsua hori ere. Dardarka. Goitik behera jantzita, zubitik jaitsi berri, nork bere lehengo postuak hartu zituen. Isilunea egin zen bat-baten Aske Gunean. Lehenengo alarma faltsuak herritarren aurpegian irribarrea marraztu bazuen ere, bigarrenean aurpegiak ez ziren hain onak. Nekea eta amorrua marrazten zen aurpegietan. «Noiz etorriko dira?» behin eta berriz entzuten zen.

04:00 puntuan. Ez suziririk, ezta bozgorailurik ere... «Hemen daude!», oihu egin zuten, eta txistuka, ahal zuenak ahal zuen moduan, zubirantz egin zuten herritarrek. Bai, gainean zeuden. Baina zubi harresia segituan eraiki zuten. Martxa hartuta daukate dagoeneko. Txistu hotsen artean, Ertzaintzaren furgonetak etorri ziren bidetik joan ziren. Berriro alarma faltsua.

Donostian egin modura, Ondarroan ere berdina egiten zebiltzala esan zuten batzuek. Beraz, horren arabera, 06:00etan izan behar zen hurrengo eta azken alarma. Seiak. Eta hamar, eta laurden,... Ezer ez. «Ez datoz». Gaueko azken orduak luze jo zuten. Eta ez zen alarma gehiagorik egon.

Egunak argitu zuen, eta Aske Guneak laugarren eguna hasi zuen, atzokoa. «Madrili men egitea da euren jarrera. Operatiboki egokia den unearen zain daudela diote. Uste dut ahultasun unea topatzen ari direla. Baina ez dute topatuko. Euskal Herriko hainbat txokotatik zenbat jende etorri den ikustea harrigarria da», zioen Urtza Alkortak berak.

Beltran de Herediari deia

Eta indar horrekin egin zen goizean elkarretaratzea eta eguerdian prentsaurrekoa. Horretan, Urtza Alkortak hartu zuen hitza. «Estefania Beltran de Heredia sailburuari Ondarroara etorri eta berba egiteko gonbidapena egiten diot. Atxiloketa egiteko momentu egokiaren zain daudela diote. Bada, gauden garai berri hauetan, atxiloketak egiteko ez dago une egokirik».

Bertsolariek —Igor Elortza eta Arkaitz Estiballes—, musika talde ezagunek —Su Ta Gar— eta ikastaro ugarik girotu zuten arratsaldea. 20:00etan ezohiko osoko bilkura egin zen udaletxean, eta aho batez onartu zen Alkortaren aldeko adierazpen instituzionala —EAJko zinegotzirik ez zen agertu—. Alkorta atxilotzea «bake bidearen kontra» doala dio Ondarroako Udalak bere oharrean. Bestalde, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok Espainiako Polizia eta Guardia Zibila eskaini zituen atzo Alkortaren atxiloketa burutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.