Espainiako Gobernuak igandean indargabetuko du alarma egoera eta, hiru egun falta direla, ez dago argi nola kudeatu beharko duten errealitate berria Hego Euskal Herriko administrazioek. Bide orri propioa diseinatzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, nor bere aldetik, baina badakite epaileen oniritzia beharko dutela zenbait neurri murriztaileri eusteko.
Oraingoz, Nafarroako Gobernua da kartak mahai gainean jarri dituen bakarra: Javier Remirez lehendakariordeak atzo azaldu zuenez, itxiera perimetrala indargabetu eginen da igandetik aitzinera, eta, beraz, baimendua izanen da mugak zeharkatzea, ateratzeko zein sartzeko. Dena dela, litekeena da zenbait oztopo izatea Euskal Herriko beste herrialdeetara mugitzeko. Adibidez, oraindik ere ez da garbi Nafarroatik Gipuzkoara eta Arabara sartzea baimendua izanen den, Jaurlaritzak dekretu bidez eutsi nahi baitio itxiera perimetralari. Gainera, Nafarroatik Ipar Euskal Herriko lurraldeetara joan ahal izateko, ezinbestekoa da PCR negatiboa —muga ondoko herrietako biztanleek salbu—. Kontrako noranzkoan, Iparraldetik Nafarroa Garaira joateko, funtsezko arrazoiengatik baizik ezin da muga zeharkatu.
Mugimendu askatasunari dagozkion aldaketez gainera, behin alarma egoera bukatuta, posible izanen da eremu pribatuetan etxe berekoak ez diren sei lagun biltzea orain arte, bizikideak soilik bil zitezkeen; bi bizikidetza unitate elkartzen ahalko dira, gehienez. Ostalaritzari eragiten dioten neurriak ere arinduko dituzte: terrazak 22:00ak arte izanen dira zabalik, eta hilaren 20an aztertuko dute barnealdeak ireki edo ez.
Etxeratze aginduari dagokionez, berriz, Nafarroako Gobernuaren asmoa da orain arte bezala mantentzea 23:00etatik 06:00ak arte, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren oniritzia beharko du hori eta beste neurri batzuk ezartzeko.
Jaurlaritzaren plana, auzitan
Eusko Jaurlaritzak ere prest du alarma egoeraren ostekoa kudeatzeko dekretu baten zirriborroa, eta asteartean igorri zion EAEko Auzitegi Nagusiari, maiatzaren 10ean indarrean jartzeko xedez. Fiskaltzak, ordea, ez du bat egin Jaurlaritzaren ikuspuntuarekin. Iruditzen zaio ezinezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan, probintzietan eta herrietan ere sartu-irtenak mugatzeko asmoa eta etxeratze agindua arautzea behin alarma egoera bukatuta. «Oinarrizko eskubideak mugatuko dituzten neurriak salbuespenezkoak dira, eta ezin dira ezarri jende multzo zehaztugabeentzat, indarrean dauden osasun legeetan oinarrituta», irakur daiteke fiskalaren txostenean. Jende bilerak mugatzeko bai, aukera ikusten du fiskalak, biltzeko eskubidea urratzen ez delakoan. Epaileak gaur aztertuko du dekretuaren zirriborroa, eta bihar ezagutarazi.
Polemika ere sortu da horren harira, Miguel Angel Revillak esan baitu Urkulluk itxiera perimetralari eusteko asmoa jakinarazi ziola; lehendakariak, ordea, atzo ukatu egin zuen Revillari halakorik esan izana. Bihar fiskaltzaren jarrera nagusitzen bada, Hegoaldeko lurraldeen artean zirkulatzeko aukera izango da urritik aurreneko aldiz, igandetik aurrera.
Koronabirusa
Alarma egoeraren ostekoa kudeatzeko erak nahasmena eragin du Hegoaldean
Nafarroako mugak igandean irekiko dituzte, baina epaileen esku dago etxeratze aginduari eustea. EAEko fiskaltza joan-etorriak mugatzearen kontra agertu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu