Alarma egoera onartu du Espainiako Gobernuak, sei hilabeterako luzatzeko asmoz

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko buruek edukiko dute egoera kudeatzeko eskuduntza eta erabaki propioak hartzeko aukera. Elkartzeko eskubidea mugatuko du Espainiak, eta etxeratzeko agindua ezarriko du gauean. Urkulluk eta Txibitek ontzat jo dute erabakia.

Gaurko Ministro Kontseiluko irudi bat. ESPAINIAKO GOBERNUA
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 25a
13:35
Entzun

Maiatzaren 9ra arte arte luzatu nahi du Espainiako Gobernuak alarma egoera, izurriari aurre egiteko. Igande honetan, Madrilen, Ministro Kontseilu berezian onartu dute sei hilabeterako ezarri nahi duten egoera. Printzipioz, hamabost egunerako ezarri dute. Sei hilabeterako luzatzeko, Espainiako Kongresuak onartu beharko du.

Martxoaren 14an ezarritakoa baino arinagoa izango da alarma egoera oraingoz: ez da konfinamendu orokorrik egongo. Baina biltzeko eskubidea mugatuko dute, eta gauean etxeratzeko agindua ezarriko dute. Eztabaida dago etxeratzeko aginduaren ordutegiaren inguruan, baina 23:00etatik 06:00etarako tartea proposatu du Pedro Sanchezen gobernuak.

Autonomia erkidegoetako buruek kudeatuko dute, eta ordutegiak moldatzeko aukera izango dute: etxeratze agindua ordubete aurreratu edo atzeratu ahalko dute —alegia, 22:00etatik 07:00etara, gehienez—. Araututako tarte horretan ezingo da kalean ibili, ez bada lanerako, zaintzarako edo botikak erosteko.

Erkidegoek erabaki ahalko dute, gainera, euren lurraldeko mugak ixtea, edo haien barruko eremu bat zarratzea. Asko jota sei pertsona elkartu ahalko dira, ez badira elkarrekin bizi.

Astelehenean bilerak

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak abegi ona egin diote Espainiako Gobernuaren erabakiari, eta biek azaldu dute astelehen honetan bertan bilduko direla erkidego bakoitzeko jarraipen mahaiak, egoera aztertzeko, eta neurriak hartzeko. Erabaki «orekatuak eta proportzionatuak» hartuko dituztela adierazi du Urkulluk.

Txibitek azaldu du bere gobernuak indarrean dituela alarma egoerarekin baimendutako neurri batzuk; herrialdea hala itxi dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren bermearekin, eta bilerak sei lagunera murriztu dituzte. Etxeratze agindurik ez zutela agindu esplikatu du, Nafarroak ez zuelako horretarako eskumenik, baina alarma egoerarekin Espainiako Gobernuak agindu du orain. Nafarroak bihar aztertuko du neurri berriak hartzeko aukera.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakariek hala eskatu zuten ostiral arratsaldean alarma egoera ezartzea, neurriak hartu ahal izateko, eta erkidegoen esku uztea haren kudeaketa, eta halaxe egin du Sanchezen gobernuak. EAEko Justizia Auzitegiak, hain justu aste honetan, debekatu egin dio Jaurlaritzari bilerak sei lagunera mugatzea; orain, Gasteizko gobernuak aukera izango du neurriak zorrozteko.

Urkulluk uste du orain egoera arinago eta zehatzago kudeatzeko aukerak izango direla, eta gogorarazi du abuztuaren 8az geroztik ohartarazi duela urrats horiek egiteko beharraz. Juridikoki, alarma egoeraren «autoritate delegatuak» izango dira erkidegoetako presidenteak. Horrek esan nahi du haiek hartuko dituztela erabakiak, eta erkidegoetako kontseiluan koordinatuko dituztela.

Pedro Sanchezen agerraldia

Ministroen kontseiluaren ondoren, hedabideen aurrean agerraldia egin du Sanchez, alarma egoeraren xehetasunak azaltzeko. Azken asteotan COVID-19 kasuak gehitu egin direla eta Europako beste hainbat estatuk neurri zorrotzak hartu dituztela argudiatu du Sanchezek.

Izurriaren bigarren olatua ezberdina dela adierazi du Sanchezek: gutxiago hiltzen du, eta jende gazteagoa ari da kutsatzen. Horregatik, alarma egoera ezberdina izango dela gaineratu du: erkidegoekin hasieratik «kogobernantzan» arituko dela esan du.

Tarteko luzapenik gabe

«Zergatik sei hilabete?», galdetu du Sanchezek. Eta erantzun du adituek uste dutela epe hori behar dela bigarren olatuari aurre egiteko; arnas aparatuko gaitzei kalte egiten dieten birusak udazkenean eta neguan erasaten diete gehien pertsonei. Radar-Covid aplikazioa instalatzeko eskatu du Sanchezek, eta etxean geratzeko eta harremanak murrizteko ahal bezainbeste.

Udaberrian, alarma egoera bi astetik bi astera luzatzen jardun zuen gobernuak, eta, orduan ez bezala, orain alarma egoera luzea du buruan Espainiako Gobernuak. Bozketa bakarrarekin, sei hilabeterako ezarri nahi du, udaberrian gertaturikoa gerta ez dadin: hau da, bi astetik behin egoera luzatzeko eztabaida eta bozketa egin behar izatea Kongresuan.

Baina Alderdi Popularrak gobernatzen dituen bost erkidegoek ez diote orain arte sostengurik eman alarma egoera ezartzeko neurriari. Eta erabakia Alderdi Popularraren sostenguarekin hartu nahi du Sanchezek, harekin gatazkarik sortu gabe. Eguerdiko agerraldian galdetu diote PPren babesa izango ote duen; ez du erantzun, baina harremanetan daudela jakinarazi du. Dekretua Kongresuan onartzeko gehiengoa edukiko duela uste du Sanchezek.

Astelehenean, bestalde, Sanchezek bilera telematikoa egingo du autonomia erkidegoetako presidenteekin, goizeko hamarretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.