Gipuzkoako Aldundiak Berdintasun Zuzendaritzatik Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara pasatu du alardeen auzia. Irunen eta Hondarribian urtez urte errepikatzen den «gatazkari» ikuspegi «zabalago» bat eman beharra argudiatu dute.«Genero osagaia badu, nolabait. Baina ezinbestekoa da ikuspegia zabaltzea. Bizikidetza arazo bihurtu den gatazka honetan, beharrezkoa da, era berean, askatasunaren, errespetuaren eta legezkotasunaren printzipioak sustatzea udal esparruko festen antolaketaren inguruan», azaldu dio BERRIAri Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak.
Auziak baditu hogei urte, eta ez du uste irtenbidea berehalakoan lor daitekeenik. «Epe luzerako dinamika da martxan jarri nahi duguna: errealistak gara, badakigu luzerako izango dela eta ez dela egun batetik bestera konponduko». Vaqueroren esanetan, elkarrizketak abiatuko dituzte, «denekin»: «Eragileekin, erakundeekin, talde politikoekin, herritarrekin... Adostasun txikien bila joango gara, eta deliberoa errespetuzkoa eta leiala izatea eskatuko eta eskainiko dugu, gatazka handitu ez dezagun».
Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak azaldu du interes «berezia» duela Irun eta Hondarribiko eragileekin elkarrizketa zabaltzeko: «Haiek dira protagonistak, eta haiekin egin beharreko lana da: jarrerak oso enkistatuta daude, eta elkarrizketa sustatu beharko dugu etengabe».
Lehenengo, erakundeen arteko mahaira deitu nahi duela adierazi du Vaquerok, eta, hortik aurrera, «pausoz pauso» joango direla. Pauso horiek zeintzuk izango diren ez du zehaztu, «eseri aurretik» hedabideetan «ika-mikarik» sortu nahi ez duelako: «Denon aldetik debate mediatikoaren intentsitatea jaistea komeni da». Elkarrizketa, hori izango da lehen pausoa: «Denekin hitz egiten hasiko gara, eta ikusiko dugu bidean zer aukera ikusten ditugun. Nire ustez, ikuspegia zabaltzeak elkarrizketa zabaltzeko aukera emango digu».
Urtero, alardeen desfilearen aurretik, instituzioek egiten dieten harreraz Gipuzkoako Aldundiak zein jarrera hartuko duen galdetuta, «egokiena» hartzen saiatuko direla adierazi du Vaquerok. «Saiatuko gara bizikidetzaren aldeko jarrera hartzen: egiten dugun hori plus bat izan dadila, eta ez minus bat».
Ez dute «makila magikorik», Vaqueroren esanetan. Eta, bai, aldiz, lan aurreikuspen handia, haren esanetan: «Eragile asko daude hitz egiteko, eta, beraz, denbora beharko dugu: konfiantza izan beharko dugu gure artean, eta horrek denbora emango digu. Beharbada, hasierako pauso batzuk ez dira ulertuko, askotan gertatzen den bezala, dena zalantzan jartzen delako. Nik uste dut aurreiritzirik gabe errespetu hori irabaztera joango garela».
Aurreko foru gobernuak Jenny Pearce Kolonbiako adituari eskatu zion gaiaz arduratzeko. Vaqueroren esanetan, «ondo» baloratzen dute haren lana, baina azpimarratu du lana norekin egin baino garrantzitsuagoa dela «nola» egingo duten: «Agian Pearcekin edo aditu gehiagorekin».
Alardeen auzia Berdintasun Sailetik atera du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Aurrerantzean, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak jorratuko du gaia. Auzia «ikuspegi zabalago batetik» landu beharra argudiatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu