Hondarribiko alardea

Alardearen auzian konponbide «bidezko» bat lortzen laguntzeko prest da Eider Mendoza

Gipuzkoako Batzar Nagusietan mintzatu da Gipuzkoako ahaldun nagusia, EH Bilduk gaiari buruz egindako galdera baten harira

jarraia233006.jpg
arantxa iraola
2023ko irailaren 20a
13:58
Entzun

Ez da izan Jaizkibel konpainiari harrera egin dion lehen ahaldun nagusia. Bidea Martin Garitanok urratu zuen, 2011. urtean, Bilduk Gipuzkoako Diputazioan agintean egin zuen legealdian. Baina iragan irailaren 8an, Hondarribian, alarde egunean, nabarmentzeko moduko irudia izan zen: Eider Mendoza ahaldun nagusi jeltzalea Jaizkibel konpainiari txalo egiten. EAJko buruzagiek, oro har, aldarri parekideari bizkarra eman diote beti udal eta probintzia mailan, eta aintzat hartzeko keinua izan zen. Gaur, «alarde publiko eta parekide bat» lortze aldera zer egiteko asmoa duen galdetu dio Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduko batzarkide Garoa Lekuonak Mendozari. «Konponbide bat» lortzen laguntzeko prest dagoela erantzun du ahaldun nagusiak, baina ez du esan «parekidea» izan behar duenik alardeak, ezta «publikoa» izan behar duenik ere. Beste hitz batzuekin adierazi du nolakoa izan behar duen, bere ustez, konponbideak: «Justua eta bidezkoa izan behar du».

Galdera egitean, Lekuonak gogoratu dio Mendozari legeak «espresuki» zehazten duela andreak ezin direla baztertu inoiz eremu publikoetan. EAEko Berdintasun Legearen 25. artikulua aipatu du propio: «Debekatu egiten da emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura jarduerarik antolatzea eta egikaritzea gune publikoetan». Horiek horrela, Lekuonak estimatu egin du aurten Mendozak EAJk urte askotan izandako jarrera «hautsi» izana, eta Jaizkibelekin izan zuen «keinua» txalotu egin du, baina kritika ere egin dio. Izan ere, gogora ekarri du diputatu nagusia ondoren alardeari harrera egiten ere geratu zela; desfile horretan andreak baztertzen direnez, auzitan jartzeko moduko jarrera da EH Bilduko batzarkidearentzat: «Biei harrera egitea ez da jarrera neutral bat; konponbidearen alde zaudela esateko ez zaie biei harrera egin behar».

Lekuonaren ustez, «andreen eskubideen alde» egite aldera, instituzio publikoek jarrera bakar bat izan dezakete: hautu parekideen aldekoa. «Sentsibilitatearen izenean dena onargarria da? Guk pentsatzen dugu ezetz». Mendoza ez da izan aurten Hondarribiko alardeari harrera egin zion agintari bakarra. Hondarribiko alkate Igor Enparanek ere Jaizkibeli eta alardeari, biei egin die txalo. Aurten lortu du alkatetza Enparanek, eta hasieratik esan zuen jarrera hori izango zuela. Abotsanitz plataformako ordezkaria da. Aurrez alkate jeltzaleak egon ziren beti Hondarribian aldarri parekidea hasi zenetik, eta haien jarrera beti izan zen hautu parekidearen kontrakoa, hura baztertu eta gutxiestekoa; aldiz, beti egiten zituzten keinuak hautu baztertzaileari onespena erakusteko. Hondarribiko EAJk oraindik ere jarrera horretan gotortuta jarraitzen duela gogoratu du gaur Lekuonak, eta zinegotzi jeltzaleek aurten ere ez diotela txalo egin Jaizkibeli.

Mendozak ez du propio azaldu zergatik geratu zen bi desfileak ikusten. Alardeena auzi zaila dela esan du: «Gai hau oso konplexua da; ez dago errezeta sinplerik». Aldarri parekideak izan duen bilakaeraren harira, Hondarribian denek «sufritu» egin dutela nabarmendu du behin baino gehiagotan bere mintzaldietan, eta esan du «isilik egoten» ere jakin behar dela gai hau tratatzeko orduan. Baina Gipuzkoako Diputazioak gaiarekin «konpromisoa» duela azaldu du, eta hori erakutsi nahi izan duela aurten egin duen keinuarekin. «Askok esan dute keinuen urtea izan dela, eta bat nator. Seguruenera, denak ez ziren izango denen gustuko», aitortu du. Lehendik ere Gipuzkoako Foru Aldundiak gai honetan «erraztatzaile» jardun duela esan du, aurten «fruitu» batzuk ikusi dituztela konponbiderako bidean, «keinu» batzuk egiteko gogoa ere agerikoa zela, eta horregatik «babestu» nahi izan zituela horiek.

«Keinuen» garrantzia

«Aurten bazen momentua erabaki batzuk hartzeko», adierazi du Mendozak. «Eta hori izan da gure ekarpen apal eta xumea», zehaztu du: «Oso zintzoa izan da, bihotzez egindakoa». Berak eta Hondarribiko alkateak ez ezik, beste hainbat erakundek ere aurten desfile biak ikusteko keinua egin dutela gogoratu du diputatu nagusiak, eta uste du aintzat hartu behar dela horrek erakusten duena. Egia da: kontuan hartzeko mugimendu gehiago izan ziren. Hondarribiko Kale Nagusiko eliza ataria izan da normalean alardeari txalo egiteko agintariak erabili duten tokia, eta aurten han izan ziren mugimenduei erreparatzeak erabateko zentzua izan du auziaren bilakaerari erreparatzeko. Udalbatzan ez zen batasunik izan; EAJko zinegotziak falta ziren Jaizkibelek desfilatu zuenean, EH Bildukoek alde egin zuten alardea pasatu zenean. Baina bi desfileak ikusteko hautua egin zuen, adibidez, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzako ordezkari batek ere: Jose Antonio Ranz Giza Eskubideen sailburuordea han izan zen. Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrena ere han izan zen. Emakundek eta EAEko arartekoak, berriz, betiko jarrera izan zuten: hautu parekideari oles egitera bakarrik joan ziren, hari babesa erakustera.

Gaiaren konplexutasuna berriz nabarmentze aldera, «korapiloen» metafora ere erabili du diputatu nagusiak: «Korapilo asko dituen mataza bat da». Baina esperantzari ere leiho bat zabaldu nahi izan dio, aurten Hondarribian izan diren mugimenduak tarteko. «Espero dugu keinu hauek balio izatea elkarrizketarako», adierazi du. «Ahaldun nagusi naizen heinean, prest naiz udalari babesa eta laguntza eskaintzeko. Halaxe adierazi diot alkateari». Konponbidea lortzeko bidean denok zerbait «albo batera» utzi beharko dutela nabarmendu du.

Lekuonak poza azaldu du diputatu nagusiak «konponbidearen» alde egin duelako. Baina gogorarazi du «legea beteta» bakarrik lor daitekeela behin betiko konponbidea. Eta EAEko Berdintasun Legeak horretarako bidea ondo zehazten duela gogoratu du: «25 artikulua hor dago; 25. artikulua bete behar da». Adierazi du EH Bildu bide horretan «lan egiteko« prest dagoela.

Hondarribian aurten ikusi diren keinuen inguruan erruz hitz egin da egunotan. Aurrez, ekainaren 30ean, zeresana eman zuen keinu bat izan zen Irunen ere. Han ere alardea egiten dute; han ere, udal aginteriek aldarri parekidea baztertu izan dute urte askotan, baina aurten, lehen aldiz harrera egin zion udaletxeko balkoian Jose Antonio Santano alkateak alarde parekideari. Keinu bera izan zuen, ohiko eran, andreak onartzen ez dituen desfilearekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.