Alardearen auzian irtenbide «justu» bat nahi du Mendozak

Gipuzkoako ahaldun nagusia prest azaldu da bidean laguntza emateko. Ez du esan «parekidea» eta «publikoa» izan behar duenik

Mendoza, agintari gehiagorekin, Jaizkibel konpainia txalotzen. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Alarde publiko eta parekide bat» lortze aldera zer egiteko asmoa duen galdetu zion atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduko batzarkide Garoa Lekuonak Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozari. «Konponbide bat» lortzen laguntzeko prest dagoela erantzun zuen, baina ez zuen esan «parekidea» izan behar duenik alardeak, ezta «publikoa» izan behar duenik ere. Beste hitz batzuekin adierazi zuen nolakoa izan behar duen bere ustez konponbideak: «Justua eta bidezkoa izan behar du».

Galdera egitean, Lekuonak gogoratu zion Mendozari legeak «espresuki» zehazten duela andreak ezin direla baztertu inoiz eremu publikoetan. EAEko Berdintasun Legearen 25. artikulua aipatu zuen propio. Horiek horrela, estimatu egin zuen EAJk urte askoan izandako jarrera «hautsi» izana Mendozak aurten, eta Hondarribiko alardearen egunean —irailaren 8an— Jaizkibel konpainia parekidea txalotzera joan izana, baina kritika ere egin zion. Izan ere, gogora ekarri zuen diputatu nagusia ondoren alardeari harrera egiten ere geratu zela; desfile horretan andreak baztertzen direnez, auzitan jartzeko moduko jarrera da, EH Bilduko batzarkidearentzat: «Biei harrera egitea ez da jarrera neutrala».

Mendozak ez zuen propio azaldu zergatik geratu zen bi desfileak ikusten. Alardeena auzi zaila dela esan zuen: «Gai hau oso konplexua da; ez dago errezeta sinplerik». Aldarri parekideak izan duen bilakaeraren harira, nabarmendu zuen Hondarribian denek «sufritu»dutela, eta esan zuen«isilik egoten» ere jakin behar dela gai hau tratatzeko orduan. Baina Gipuzkoako Diputazioak gaiarekin «konpromisoa» duela azaldu zuen, eta hori erakutsi nahi izan duela aurten egin duen keinuarekin. «Askok esan dute keinuen urtea izan dela, eta bat nator. Seguruenera, denak ez ziren izango denen gustuko».

Esan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak gai honetan «erraztaile» jardun duela lehendik ere, aurten «fruitu» batzuk ikusi dituztela konponbiderako bidean, «keinu» batzuk egiteko gogoa ere agerikoa zela, eta horregatik «babestu» nahi izan zituela horiek. «Hori izan da gure ekarpen apal eta xumea. Oso zintzoa izan da, bihotzez egindakoa».Eta lanean jarraitu nahi du:«Ahaldun nagusi naizen heinean, prest naiz udalari babesa eskaintzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.