Alardea

Alardean «beldurraren» bidea baztertzeko eskatu dute

Guztion Alardeak salatu du parekidetasunaren aurkako agiri bat sinarazi nahi dietela Hondarribiko desfile baztertzaileko bandako partaideei

Hondarribiko alarde baztertzailea, 2019. urtean. GORKA ESTRADA / EFE.
Arantxa Iraola - Aitor Garmendia Etxeberria
2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
«Arbasoek» utzi zuten eran bakarrik senti daiteke, Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkarteak ondu duen agiri baten arabera, Hondarribiko alardea; aldarri parekidearen aurka egotea ezinbestekotzat daukate horretarako, eta, ondorioz, konpainiako kideei eskatu diete «erantzukizun adierazpen» bat izenpetzeko, adieraziz alardea ulertzeko era hori dutela eta andreak soilik kantinera gisara nahi dituztela desfilean. Era berean, agiri horretan bertan onetsi behar dute konpainiatik «kanporatu» egingo dituztela alarde parekidearen aldeko urratsen bat egiten badute. Guztion Alardea taldeak hilabeteak daramatza alarde parekidearen aldeko urratsak eskatzen, eta mezu bat zabaldu du gaur: salatu du alarde baztertzailearen aldekoek «beste behin», auzia bideratze aldera, «beldurraren bidea» hautatu dutela, eta, jokaera hori arbuiagarritzat daukatenez, «esku hartzeko» eskatu diote Hondarribiko Udalari.

Alkatetzan aldaketa izan da justu aurten Hondarribian. Urteak egin ditu jeltzaleen esku, eta alarde baztertzailearen alde nabarmen egin dute EAJko alkateek, baina azken udal hauteskundeetan Abotsanitz plataforma izan zen garaile, eta haiena da orain alkatetza. Aldarri parekidearen alde jeltzaleek ez bestelako jarrera izan du plataformak; Jaizkibel konpainia parekideari ere, esaterako, urtero egin dio harrera, eta aldaketak espero dira aurten. Datorren astean da, hain justu ere, alardea: irailaren 8an. Urteroko eran, Jaizkibel konpainiak ere berriro desfilatuko du, alarde parekide baten alde.

Hondarribiko Alardeko Musika Bandaren agiriaren harira, kritika egin dute Guztion Alardeko kideek. «Hondarribiko Alardearen gaurko antolatzaileek, genero berdintasuna ez errespetatzeaz gain, pertsonen sentimendu eta ideia aniztasuna kolokan jartzen dute», salatu dute. «Dokumentua idatzi eta sinarazi dutenei alardea hondarribiar guztiona dela ahaztu zaie, eta edozein hondarribiar alardetik kanpo uztea onartezina da». Horregatik eskea: «Hondarribiko Udalari jarrera hauen aurrean esku hartzea eskatzen diogu».

Bestalde, Igor Enparan Hondarribiko alkateak uste du «goizegi» dela balorazio bat egiteko. Jakinarazi duenez, badaki sarean dokumentu hori zabaldu dela, baina adierazi du alkatetzari ez zaiola kexa «ofizialik» iritsi: «Zuzenean ez zait iritsi herritarren eskaerarik». Esan du Guztion Alardeak ere berari ez diola eskaera ofizialik egin. Sarean zabaltzen diren mezuen aurrean «kautelaz» jokatu behar dela uste du, eta ez daukala «oinarri sendo bat» balorazio bat egiteko.

Halere, gaiari «jarraipena» egingo diotela azaldu du Enparanek. Alarde fundazioarekin hitz egin du alkateak, eta dokumentuaren berri izatea ukatu diote: «Niri transmititu didatenez, ez dute dokumentuaren inguruko berri zehatzik». Fundazioko talde bakoitzak modu independentean jarduten duela argudiatu diote alkateari.

Gero eta ozenago

Aldarri parekidea nabarmen ozendu da aurten Hondarribian. Guztion Alardeak uztailean jakinarazi zuen sinadurak biltzen hasiko zela gatazka «konpontzearen alde». Toki aski seinalatuan egin zuten hori: Guadalupeko zelaietan. Zabala eta irekia izan zela nabarmendu zuten: «sentsibilitate ideologiko eta belaunaldi anitzetako» herritarrak elkartu ziren. Konponbidea bideratze aldera, «oinarrizko» lau punturen inguruan lortu nahi dituzte atxikimenduak, eta, funtsean, andreen parte hartzea onetsiko duen konponbide bat proposatzen dute.

2019an abiatu zen Guztion Alardea mugimendua. Herriko hainbat gaztek jarri zuten martxan; alarde parekidearen alde daudela argi esan zuten hasieratik, eta, horren abaroan, iaz 64 andrek eskari bat egin zieten Alarde fundazioari eta udalari: alardean parte hartu nahi zuten. Ez zuten baiezko erantzunik jaso.

Hauek dira aurten plazara atera dituzten lau puntuak, herritarrak horien inguruan batze aldera. Lehena usadioak herriarentzat duen esanahi handiarekin lotuta dago: «Alardea hondarribiar guztion ondare immateriala da». Bigarrenak dio andreen eskubideak bermatu gabe ez dela lortuko inoiz auzia bideratzea: «Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa dauka». Hirugarrenak eskatzen du jaiaren antolaketa pribatuak bazter uzteko: «Ospakizunaren etorkizuna bermatzeko, alardeak herriaren eskuetara itzuli behar du». Laugarrenak hitzaren alde egiten du: «Gatazka honen amaierak elkarrizketaren bidetik etorri behar du, hori baita norbanakoaren zauriak sendatzen hasteko modu bakarra».

Aurtengo beste berrikuntza bat da Saindua proposamena. Saindua taldekoek proposamen bat egin zioten andrerik onartzen ez duen desfilearen antolatzaileari, Alarde fundazioari: «Konpainia misto eta konkretu bat non emakumeek soldadu gisa parte hartzeko era izango luketen».

Aldarri parekiderik ez da agiri horretan. «Gizartea» eta «legediak» aldatzen ari direla nabarmendu zuten, eta alardeak baztertzailea izaten jarraituz gero ezingo duela izan «etorkizun duin bat». Horregatik proposatu zuten aldaketa, alardea babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.