Berriro gertatu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak gida bat egin du jai parekideak sustatzeko, udalei propio gomendioak egin dizkie ildo horretan aurrera egite aldera, eta berriz agerian geratu da zer-nolako ezinegona sortzen duen alardeen gaia aipatzeak, eta zenbateko ahalegina egiten den hitza bera saihesteko.
Gida horren abiaburua zera izan zen, udazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan alardeen auziaren harira onetsitako mozio bat, eta irakurketa azkar bat aski da ikusteko Irungo eta Hondarribiko udalek hamarraldiak daramatzatela gida horretan jartzen duena konplitu gabe. Justu kontrakoa eginez askotan. Hala ere, orain, San Martzial jaien atarian, gida aurkeztu dute propio nabarmendu gabe bi udal horiek ere bete behar dituztela gomendioak, eta horretarako dei esplizitua egin gabe.
Berdintasun zuzendari Nerea Isasik hitza hartu du asteon Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta jokaera hori defendatu. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunik eza festetako eremu askotan agertzen dela nabarmendu du, eta bere zabalean erantzun behar diotela horri foru erakundean. «Alardeak badu bere garrantzia, baina desberdintasun maila guztiei erantzun behar diegu». Erantsi du gida plazara aterata bi udalei «inplizituki» eskatu diela gomendioak betetzeko.
Ez balira 28 urte igaro aldarri parekidea sortu zenetik, ez balitz jazarpenezko eta ukaziozko bizipenez beteta egon aldarri horren defentsa, eta instituzioen bilakaera argiagoak eta irmoagoak ikusi izan balira urteotan desfile parekideen alde, horien defentsa argian, aintzat hartzekoa izango litzateke aldundiaren argudioa. Baina errealitatea oso bestelakoa da, eta hori badakite foru erakundean ere.
Ikusi egin beharko da bihar zer gertatzen den Irungo udaletxeko balkoian. Nork egiten dion harrera alarde parekideari, eta nork andreak onartzen ez dituenari. Baina udalentzako gomendioak argitaratu berri, horiek herri eta hirietako hormetan itsatsita daudela, instituzioetako ordezkariek harrera egiten badiote alarde baztertzaileari, txalo egitera ateratzen badira, oraindik ere nabarmenago geratuko da paradoxa.
Ikusi gehiago