Aldundiak jai parekideen aldeko gidan Irun eta Hondarribiko udalei ere egin die eskea, «inplizituki»

Elkarrekin Gipuzkoa taldeak egindako galderei erantzunez, hitza hartu du gaur Gipuzkoako Diputazioko Berdintasun zuzendari Nerea Isasik Batzar Nagusietan, eta esan du foru erakundeak ez duela jaien gaineko erabakimenik, udalei dagokiela.

Irungo alarde parekidea, iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irungo alarde parekidea, iaz. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
Donostia
2024ko ekainaren 24a
17:00
Entzun

Gipuzkoa, berdintasunezko jaien alde izeneko kanpaina aurkeztu zuen lehengo astean Gipuzkoako Diputazioak, jai parekideen alde. Bost konpromiso jaso ditu gida batean, eta horiek betetzeko gomendioa egin die udalei. Irun eta Hondarribiko jaien aipamenik ez dute egin propio gidan, nahiz eta bi udalerri horietan orain dela 27 urte aldarri parekide bat loratu zen eta oraindik ez den gauzatu: izan ere, alarde baztertzaileak egiten dira bietan. Urte askoan, gainera, gutxietsiak eta jazarriak izan ziren aldarri horren sustatzaileak. Horregatik, gidan gai hori zergatik ez den agertzen galdetu du gaur Elkarrekin Gipuzkoa taldeko Marivi Eizagirrek Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta zer egingo duen aldundiak gidarekin sustatu nahi diren gomendioak Irunen eta Hondarribian konpli ditzaten. Berdintasun zuzendari Nerea Isasik hartu du hitza; esan du gidarekin Irungo eta Hondarribiko udalei ere egin zaiela gomendio parekideak betetzeko eskea: «Inplizituki». Irunen aste honetan bertan izango da alardea, hilaren 30ean.

Giza Eskubideen Batzordean izan da agerraldia. Izan ere, Giza Eskubideen Zuzendaritzan kudeatzen dute Gipuzkoako Foru Aldundian alardeen gaia, aspaldiko eskea bada ere Berdintasun Zuzendaritzara eramateko, berdintasun faltaren ondorioa baita Irunen eta Hondarribian gertatzen dena. Berriz ekarri dute aldarri hori gogora EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak, eta  adierazi dute paradoxa horren erakusgarri dela gaur batzordera Berdintasun zuzendaria joan izana azalpenak ematera. Berez, ahaldun nagusi Eider Mendozarentzat ziren galderak, baina hark erabaki du Isasiren esku uztea erantzunak. Agerraldian, gidaren alde egin du Berdintasun zuzendariak: nabarmendu du antolatu duten kanpainarekin «desberdinkeria guztiak» eragozteko bidea ireki nahi izan dutela, orokorrean: herrialde osora begira. Halaber, esan du udalei «jai berdinzaleak planifikatzeko» deia egin nahi izan dietela orobat modu zabal horretan.

Isasik nabarmendu du, halaber, udalen «eskumena» dela herrietako jaiak antolatzea, eta aldundiak hor ez duela erabakimenik. «Aldundiak desberdintasunak detektatzeko eta horiei aurre egiteko gomendioak egin diezazkieke udalei, baina udalek daukate eskumena herrietako jaiak planfikatzeko», argudiatu du. Hala «nahi duten» udalei «laguntzeko eta gomendioak emateko» prest daudela azaldu du. Alardeak eta jaietan dauden gainerako berdintasun arazoak maila berean jartzeagatik kritikak egin badizkiete ere, horren egokitasuna defendatu du: «Alardeak badu bere garrantzia, baina desberdintasun maila guztiei erantzun behar diegu». 

«Alardeak badu bere garrantzia, baina desberdintasun maila guztiei erantzun behar diegu».

NEREA ISASI Gipuzkoako Diputazioko Berdintasun zuzendaria

Akordio bat urrian

Eizagirrek gogora ekarri du kanpaina honen abiaburua izan zela urrian batzar nagusietan onetsitako mozio bat, gaiaren inguruan EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk hitzartutako akordio baten emaitza. Aldundiari eskatu zitzaion Irungo eta Hondarribiko udalekin lankidetzan jarduteko konponbide baten alde, eta kanpaina bat ere abiarazteko jai parekideak sustatzeko. Eta horregatik egin dute, hain justu, aurkeztu berri duten kanpaina. Ez da aski sendoa alardeak aipatzen ez baditu, Eizagirreren ustez. «Ezin duzue alardeen gaian burua lurpean sartu. Baina hori egiten ari zarete, 27 urteren ondoren», egotzi dio Berdintasun zuzendariari.

Antzera solastatu da EH Bilduko batzarkide Zelai Amenabarro. «Egokia iruditzen zaigu edukia», esan du gidaren alde. Baina ohartarazi du ezin dela antzua izan: «Mezu hori bete egin behar da». Gogora ekarri du, gainera, gidan jasotzen diren konpromisoak legez konplitu beharrekoak direla. EAEko Berdintasun legeak, hain justu ere, eragotzi egiten du jai eremuetan-eta parekideak ez diren kultur jarduerak egitea. «Araudia hor dago, gida ere bai; jakin nahi genuke betetzeko borondate irmorik badagoen».

«Ezin duzue alardeen gaian burua lurpean sartu. Baina hori egiten ari zarete, 27 urteren ondoren».

MARIVI EIZAGIRREElkarrekin Gipuzkoako batzarkidea

Kritiken harira, Gipuzkoako Diputazioko Berdintasun Zuzendaritzak desfile parekideen alde egiten duen lana goraipatu du Isasik. Diru laguntzak ematen dituztela azaldu du. Eta, oro har, aintzat hartzekoak direla aldundia konponbidearen alde egiten ari den urratsak ere: «Hondarribiko Udalarekin prozesu bat martxan da, eta aldundia bitartekari da. Irungo Udalari ere laguntza eskaini zaio, baina ez du nahi izan». Hondarribian prozesua «bide onetik» doala nabarmendu du.

Agerraldian, PSE-EEk, EAJk eta PPk, oro har, ontzat eman dituzte Isasiren argibideak. PPko batzarkide Iñigo Manriquek gonbita egin dio Berdintasun zuzendariari: proposatu dio joateko datorren igandean Irunera, eta jaiak «errespetuz» egiten direla ikusiko duela. Iaz alarde egunean Irunen egon zela erantzun dio, eta bi desfileak ikustea «tokatu» zitzaiola: mistoa eta «tradizionala». Eskertu dio gonbita, baina aurten diputatu nagusia eta Giza Eskubideetako zuzendaria joango direla jakinarazi du.

Bost konpromisoak
Horra gidan jasotzen diren bost konpromisoak, zerrendatuta: erakundeek jaietan ere berdintasunaren aldeko ekimen eta gogoetak sustatzea, emakumeen partaidetza sustatuko duen antolakuntza bultzatzea, aukera berdintasuna bermatzea ekitaldi guztietan, indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatzea, eta irudi eta mezu berdinzaleak erabiltzea. Irunen alarde parekidea antolatzen hasteko eskea askotan egin dute desfile hori antolatzen duten herritarrek, baina udalak ez du bere gain hartu oraindik ardura hori.

Alarde parekidearen aldeko keinuak ere oso urriak izan dira orain arte. Jose Antonio Santano alkateak (PSE-EE) iaz egin zuen lehen aldiz alarde mistoa udaletxe aurrean elkartu zenean hari balkoitik oles egiteko keinua, udalaren lema 2002tik zeraman arren. Orain ja ez dago alkatetzan. Abendutik Cristina Laborda da alkatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.