HONDARRIBIKO ALARDEA

Alarde tradizionaleko talde batek adierazi du emakumeek "eskubide osoa" dutela parte hartzeko

Idatzi bat argitaratu du gazte talde batek, eta dei egin du Hondarribiko alardeko gatazka konpontzera. "XXI. mendeak eskatzen dituen aldaketak bermatzea" galdegin dute. Bilera bat eskatu diote Alarde fundazioari.

Adierazpena sinatu duten gazteetako batzuk, talde argazkian. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 7a
12:25
Entzun

Hondarribiko alardearen inguruan (Gipuzkoa) 1990eko hamarkadatik dagoen gatazka konpontzera eta emakumeen parte hartzea bideratzera deitu du herriko gazte talde batek. Andreak soldadu gisa onartzen ez dituen desfilearen bueltakoak dira: alardean ateratzen diren gizonak, kantinera izandako emakumeak eta desfilea espaloitik ikusten dutenak. 70 lagun inguru elkartu ziren atzo testu bati atxikimendua adierazteko eta argazki bat ateratzeko, eta gaur ezagutarazi dituzte idatzia eta irudia. "Irailaren 8ko eguna merezi duen duintasunera eraman behar dugu berriro".

Alardearen inguruko gatazkaren ondorioz herrian dagoen egoerari buruz hainbat gogoeta plazaratu nahi izan du taldeak. Alardearekiko "maitasunetik" mintzatu dira, ospakizuna "modu osasuntsuan" bizitzeko gogoz. "Izan ere, gaur egungo errealitateak alardea hondatzea eta hari kalte egitea besterik ez dakar, eta haren etorkizuna kolokan geratzen ari da".

Era berean, gogora ekarri dute egungo alardea "mendeetan izandako aldaketa askoren emaitza" dela, eta nabarmendu dute "XXI. mendeak eskatzen dituen aldaketak bermatu" egin behar direla errituaren etorkizuna ziurtatzeko: "Horregatik, Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa duela iruditzen zaigu. Eta, hain zuzen ere, bakoitzak bere aukera modu askean egitean datza gatazka honi amaiera emateko modu bakarra".

Bide horretan aurrera egiteko, elkarrizketa aldarrikatu dute: "Hondarribiko herritarren artean hitz eginez bakarrik konpon daiteke". Azpimarratu dute beren adineko gazteak gatazkan hazi direla: "Ez dugu istilurik gabeko alarderik ezagutzen". Baina, aldi berean, uste dute horrek indargune bat ekar dezakeela: "Ziurrenik, hasierako urte gogor haietan parte hartze zuzenik ez izateagatik, gure belaunaldietan elkar ulertzeko aukerak handiak direla sentitzen dugu".

Oraindik beldurrez

Gazteek berretsi dute "talde aktiboa" izan nahi dutela konponbide prozesuan. Jendaurrean agertu ostean, bigarren urrats baten berri ere eman dute: bilera bat eskatu diote Alarde fundazioari, Hondarribiko alardea antolatzen duen erakundeari.

Dena den, idatziaren sustatzaileek aitortu dute oraindik ere beldur handia dagoela alardearen auziaz jendaurrean iritzia emateko: "Argazkian ateratzeko ezezkoa eman diguten pertsona gehienen arrazoia beldurra izan da, testuak dioenarekin guztizko adostasuna adierazi arren". Edonola ere, atxikimenduak eta iradokizunak biltzen jarraituko dute. Helbide elektroniko bat jarri dute horretarako: [email protected].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.