«Izeba aterako da orain, eta txalo-txalo egin behar duzu». Umetxo bati, gaur, hamarrak eta hogei jotzeko zirela, alarde parekideak desfilea noiz abiatuko zain, usadioak hasi aurretik eskatu ohi den isiltasun hunkigarriaren aurretik. Eta irten dira izebak, osabak, amonak, amak eta artean horiek guztiak izan daitezkeenik ere ia irudikatzen ez duten nerabeak. Arrakastaz egin du gaur berriro ere bere bidea Irungo alarde parekideak, harro, baina behar adinako aitortzarik gabe.
Baga: propio eskatu zioten orain hilabete batzuk udalari hartzeko bere gain alardearen antolaketa, baina alkatearen erantzunik ez dute jaso oraino. Biga: gaur alkatea ez da udaletxeko balkoian egon alarde parekidea udaletxe aurreko plazan egon denean. Ohi duen eran, harrera egin die Jose Antonio Santano alkateak alarde baztertzaileko kideei; alde egin du, ordea, parekidea heldu zenean.
Aurrena isiltasuna eskatu dute, usadioek ohi duten hunkidura horrekin. Ondoren, bidea hasi du alarde parekideak. Aurten ere udalaren erantzunik jaso gabe, baina harro. Txalo eta aldeko oihu artean. 1996an hasi zuten lehen andreek aldarria. Ez dute isilduko. @berriapic.twitter.com/BRUWw2kevY
— Arantxa Iraola (@ArantxaIraolaAl) June 30, 2022
Bidasoko Hitza-ko kazetariek hartu dituzte haren adierazpenak, justu udaletxetik alde egiten ari zela. Bi urteko etenaren ondoren alardeak berriz ospatu izana pozgarria zela nabarmendu du Santanok, «emozio» handiko eguna dela. «Konponbide bat» lortzeko ahaleginak egin dituela adierazi du, eta kalean «normaltasunez» bizi dela egun bi alarde izatea; uste du sentimendu hori «instituzioetara» eraman behar dutela orain: «Guztiontzat». Baina bera ez da agertu balkoian.
Eserialdia egin dute alarde parekideko kideek udaletxe aurrean. @berriapic.twitter.com/L8vxLIG4Kd
— Arantxa Iraola (@ArantxaIraolaAl) June 30, 2022
Agerikoa izan da hutsunea. Izan ere, ia talde politiko guztietako zinegotziak izan dira gaur udaletxeko balkoian, lehenbiziko aldiz. Irungo Udaleko Berdintasun zinegotzi Miren Etxebestek (Ahal Dugu) nabarmendu du datu hori: «PP ez beste, gainerako talde politikoetako ordezkariak egon gara harrera egiten. Hori pauso bat da, eta bidea irekitzen ari da alderdi guztietan».
Balkoitik udaletxeko arkupetara jaitsi denean egin ditu adierazpenak, hunkituta, alarde parekideari hiriko bandera eman baitio. Dudarik gabe, eguneko beste irudietako bat izan da hori ere, nabarmengarria, eta Ahal Dugu PSE-EErekin batera udal gobernuan egoteak ahalbidetu duena. «Lehen aldia da Berdintasun zinegotzi batek hiriko bandera alarde parekideari ematen diona. Nik uste dut hemendik aurrera karguan dagoen edonork hauxe egin beharko duela, alarde parekidea baita berdintasuna defendatzen duen bakarra», adierazi du.
Nahigabetuta mintzatu da Santanoz. Udalak berriz alardea antolatzeko eskeei ez dielako erantzun: «Milaka lagun gara, milaka hiritar; ez du erantzun ere egin». Balkoian egon behar zuelako: «Alkateak ez du egon nahi izan. Ez dut ulertzen. Gutxienekoa da harrera egitea, hemen milaka hiritar daude». Nahigabea adierazi du, baita ere, San Martzial mendian egiten duten ekitaldian «atzera pauso» bat egon delako aurten; pandemiako urteetan talde politiko guztiek batera ospatu izan zuten, baina aurten, ordutegian aldaketarik egin ez delako, joan ezinik geratu dira alarde parekidearen aldekoak.
Gainerakoan, balkoian lehendik ere babesa eman izan dieten talde politikoetako ordezkariak egon dira, eta alarde parekideari babesa erakustera joan izan diren erakundeetakoak. Han izan dira, besteak beste, Denis Itxaso EAEko Espaniako Gobernuaren ordezkaria, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Ines Ibañez Maeztu Arartekoko ordezkaria, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Batzar Nagusietako bozeramailea eta udaleko EH Bilduko ordezkariak, eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea. Ozenak izan dira Santanori eginiko kritikak. Landaida: «Pena oso handia da alkatea ez agertzea. Alarde mistokoak urtero eskatzen ari dira keinu bat».
Ibañez de Maeztuk lehen urtea zuen Irungo alardean. Harrituta egon da: «Bi alarde egin behar izatea; ez dut ulertzen». Haserre alkatearekin: «Gatazkei aurre egin behar zaie. 26 urte dira auzi hau hasi zela; hau, gainera, giza eskubideen kontu bat da. Emakumeek eskubidea dugu edonon egoteko». Aldarri horixe bera eserialdi baten bidez ere adierazi dute alarde parekideko ordezkariek.
Keinu «itsusia»
Alarde parekideko jeneral Maite Bergarak pozarren egin du goizeko martxako balorazioa. Alarde handia egin dutelako: «1.700 pertsona inguru izan gara. Hazten ari gara». Dena ondo atera delako: «Euriarekin ere, dena ondo joan da». Pozarren jakin du balkoian ohi baino udal ordezkaritza sendoagoa izan dutela begira: «Hori berri ona da». Ezin uka, «itsusia» iruditu zaio alkatearen portaera. «Egin du egin behar ez zuena». Beraiek, aldiz, egin behar zutena egin dute: «Eta jarraituko dugu egiten».