Alarde mistoaren bandera eskaini diote Jaurlaritzari

Jaizkibel konpainiak 18 urte beteko ditu aurten alarde parekidearen alde lan egiten.Hondarribiko Udalak alardea «pribatizatu» duela esan dute

Jaizkibel konpainiako banderaduna, iazko desfilean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2014ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Hondarribiko (Gipuzkoa) Jaizkibel konpainiak Eusko Jaurlaritzari eskaini dio alarde parekideko bandera eramatea irailaren 8an, alardearen desfilean. Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri egin diote lehenik proposamena. Hala ere, Jaizkibelek aitortu du badakitela lehendakaria «lanpetuta» egongo dela, eta, horregatik, Kultura eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte hondarribiarrari eskaini diote Jaizkibel konpainiaren banderaduna izatea.

Konpainiak azaldu du Uriarte sailburuak «alarde pribatuaren jabe den fundazioari» babesa erakutsi diola publikoki. Izan ere, joan den abuztuaren 17an, Alarde Fundazioaren —alarde ez parekidea antolatzen duen fundazioa da— egoitza berriaren aurkezpenaren harira antolatutako pintura erakusketa batean izan zen Uriarte. Gainera, Jaizkibelek sailburuari gogorarazi dio «babesten duen» Alarde Fundazioak ez zuela Jaurlaritzaren legeztapena lortu; fundazioak «berdintasunaren kontra» egiten duelako. Azaldu dute horregatik Alarde Fundazioak Nafarroara jo behar izan zuela legeztatzeko.

Hondarribiko Udalak uztailaren amaieran mozio bat onartu zuen, PP, EAJ eta Hamaikabat alderdien babesarekin: Jaizkibeli eskatu zioten gogoeta egiteko urte hauetan erabilitako estrategiaz eta sortutako ondorioez. Horrez gain, alarde parekidearen desfileko ordutegia atzeratzeko ere eskatu zuten. Jaizkibelek aurten hemezortzi urte beteko ditu alarde parekidearen alde lan egiten. «Eskerrak» eman dizkie Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari orain arte jasotako babesagatik. Esan dute udalaren babesa jasotzea gustatuko litzaiekeela; baina «udalak nahiago izan du alardea pribatizatu, berdintasunaren alde egin baino». Iñigo Lamarca EAEko arartekoaren ustetan, erakunde guztien ordezkaritzak Jaizkibel konpainia babestera joan beharko lukete aurtengo desfilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.