Elkarrizketa Urtza Alkortarekin

Alameda laranjaz tindatu da

Herri harresiak babestu du Urtza Alkorta ondarroarra; ehunka lagunek inguratu dute, eta «erresistentzia baketsua» aldarrikatuErtzaintzaren atxiloketa eragozteko, bertara joateko deia egin dute Askegunean

Ondarroa
2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
«Gorabeheratsua, emozioz betea eta hunkigarria». Berba horiekin deskribatu zuen atzo Urtza Alkortak Ondarroan bere atxiloketa saihesteko egindako ekinbidea. Ehunka herritarrek bete zuten Alameda, eta, lurrean jarrita, desobedientziaz erantzuteko jarrera aldarrikatu zuten.

Atzo 10:00ak aldera hasi ziren herritarrak Alamedara gerturatzen. Eguna nola amaituko zen ez bezekiten ere, «gogotsu» agertu ziren herritarrak plazara. Helburua bakarra zen: «Modu baketsuan» Urtza Alkorta ondarroarraren atxiloketa saihestea. ETAri laguntzea egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako bost urteko zigorra betetzeko atxilotu nahi dute. Orduek aurrera egin ahala, jende multzoa handituz joan zen, eta herri harresia osatzeko deia egina zegoen ordurako, ehunka ziren Alkortari babesa adierazteko gertu zeudenak. Alkorta agertu aurretik, batzar txiki bat egin zuten Alamedan bilduta zeudenek. Jarraitu beharreko irizpideak zehaztu zituzten herritarrek. «Erresistentzia baketsua da bidea, eta hori egingo dugu».

Agintari politikoak eta gizarte taldeetako ordezkariak ere agertuz joan ziren gutxinaka. EH Bilduko Maribi Ugarteburu eta Unai Urruzuno izan ziren lehenak agertzen. Ondoren, Lea-Artibaiko LAB sindikatuko ordezkariak, Eleak mugimenduko bozeramaile Txerra Bolinaga eta Ondarroako eta Mutrikuko alkateak agertu ziren, Argia Ituarte eta Joseba Palenzuela, hurrenez hurren.

Argibideak eman ostean, eta agintariak han zeudela, Alkorta agertu zen. Plaza erdian pasabidea egin, alde batera eta bestera begiratu eta ingurua «garbi» zegoela egiaztatu ondoren, Urtza Alkorta Alamedara agertu zen, herritarren txalo zaparrada artean.

Musu, besarkada eta animo eta maitasun hitzekin egin zioten ongietorria Alkortari. Bi egun desagertuta egon ostean, Alkortak beste behin ere herritarren babesa sumatu duela azaldu zuen. Momentu hunkigarria izan zen. Horren ostean, ekintzari hasiera emateko momentua heldu zen: herri harresia eraikitzeko unea.

Alkorta izan zen lehena lurrean jartzen. Atzetik ordezkari politikoak jarri ziren. Eta berdin egin zuten inguruan zeuden beste ehunka herritarrek ere. Minutu baten Alkorta inguratuta geratu zen. Herriko bertsolariek herria berarekin dagoela adierazi ostean, Ondarroako Alamedak zegokion kolorea hartu zuen, Askegunearen kolorea, laranja, alegia. Kamisetak soinean zituztela, zain egotea baino besterik ez zuten han bildutakoek.

Urduritasun, ezjakintasun eta ezinegon sentipenek bat egin zuten orduan. Baina Alkorta ez zen isilik geratu. Bozgorailua gerturatu zioten, eta mezu argi eta zuzen bat emateko erabili zuen: «Hauxe da bidea, konponbide garaia da, eta aurrera egingo dugu!». Hitz horiekin inguruan zituenen animoak goratu zituen Alkortak.

Alarma gorria

Behea hotza sumatu aurretik, ordu bat baino tarte txikiagoan, alarma piztu zen. Turrunak herria eta herritarrak alertan jarri zituen. Ziztu bizian, lurrean eserita zeuden guztiak, Alkorta tartean, zutik jarri eta Alamedako zubirantz abiatu ziren. Alkorta zubi erdian jarri zen, eta alde batetik eta bestetik, herritarrek zubi osoa hartu zuten. Momentu batean, ondarroarrek euren marka berria sortu zuten, herri harresia egitetik zubi harresia egitera pasatu ziren. Bozgorailuek behin eta berriz hasiera bateko argibideak jarraitzeko ohartarazten zuten bitartean, zubian batuta zeudenak alde batera eta bestera begiratzen zuten. Ertzaintza nondik agertuko zain. Bozgorailuen hotsak berriro ere tentsio unea eten zuen. Alarma faltsua. Hasiera bateko postuak hartzeko eskatu zuten Askeguneko koordinatzaileek. Beste minutu bat, eta zubia hutsik geratu zen, Alameda, berriz, beteta. 14:15ean plaza berriro ere laranja kolorez tindatu zen.

Tentsio uneak albo batera lagata, hurrengo orduak normal igaro ziren. Eguneko egitarauak bere horretan jarraitu zuen. Eguzkiaren argia joan zenean ere, gauzak ez ziren aldatu, Alameda gero eta jende gehigok betetzen zuen. Izan ziren hitzaldiak —Donostiako Askegunekoek emandakoak—, eta izan zen herrian zehar egindako manifestazioa ere, zakuak hartuta gaua han pasatu aurretik. Hitzaldiak, musika emanaldiak eta bestelako ekitaldiak zirela tarteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.