gizartea

'Alakrana' ontziaren bahiketa 'Playa de Bakio'-rena baino luzeagoa izan daitekeela uste du Espainiako Gobernuak

Sei egun egon zen piraten esku 'Playa de Bakio' atunontzia. Bart gauean Espainiako soldaduek 'Alakrana'-ko bi bahitzaile atxilotu dituzte, eta Fiskaltzak kartzela zigorra eskatu du. Ontzia Somaliako kostaldearen aurrean ainguratuta dago.

2009ko urriaren 5a
16:28
Entzun
Sei egun igaro zituen Playa de Bakio atunontziak Somaliako piraten esku iazko apirilean, eta gaur Carme Chacon Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak jakinarazi duenez, Alakrana Bermeoko ontziaren (Bizkaia) bahiketa luzeagoa izan daiteke. Bart gauean Espainiako soldaduek bi bahitzaile atxilotu dituzte eta horrek erreskatea baldintza dezakeela uste du Chaconek. Arrantzaleak ahalik eta azkarren "onik askatzeko" ahalegin guztiak egingo dituztela nabarmendu du. Bermeoko Alakrana atunontzia pasa den ostiralean bahitu zuten piratek Somaliatik 375 miliara.

Espainiako Fiskaltzak ustezko bi bahitzaileen aurkako kartzela zigorra eskatu du, 36 arrantzaleren bahiketan parte hartzea, indarkeria erabiliz lapurreta egitea eta armak erabiltzea leporatuta.

Atunontzia Somaliako kostaldearen aurrean ainguratuta daukate, eta inguruan Espainiako eta Frantziako soldaduak daude.

Indiko Ozeanoan dauden ontzien segurtasuna bermatu behar dela-eta, defentsa ministroak gaineratu du ez dela posible itsasontzietan soldaduak joatea legeak onartzen ez duelako. "Ontziek babes neurriak hartu behar dituzte, batez ere, Indikoko Ozeanoan. Zaintzaile pribatuak edo ur kanoiak eta elektrizitate hesiak jar ditzakete arrantzaleak babesteko".

Etxebastar Fleet enpresako Alakrana ontzian 36 arrantzale daude, eta horietatik zazpi Euskal Herriko arrantzaleak dira. Ontzian Galiziako bederatzi arrantzale daude, Indonesiako zortzi, Boli Kostako bi, Ghanako lau, Senegalgo hiru, Malaysiako bi eta Seychelleetako arrantzale bat. Atzo arrantzaleek haien senitartekoekin telefonoz hitz egin zuten eta"beldurtuta" egon arren "ondo" daudela jakinarazi zuten.

"Erreklamazio politikoak alde batera utzi eta ontzia askatzeko indarrak batzeko" eskatu du Erkorekak

Josu Erkoreka Espainiako Kongresuko EAJko diputatuak "erreklamazio politikoak alde batera utzi eta ontzia askatzeko indarrak batzeko" deia egin du. "Ontzia babesterakoan ez dugu jakin eraginkorrak izaten, eta beraz, askapenean eraginkorrak izan beharko dugu" nabarmendu du Erkorekak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.