LGTBIfobiaren aurkako eguna. Aingeru Mayor. Euskal Herriko Chrysallisen presidentea

«Alabarentzat handia izan zen bere egoeran zeuden umeak ikustea»

Elkarteak bideo bat prestatu du, adingabe transexualen errealitatea azaltzeko; aldez aurretik prestatutako material didaktikoaren osagarri da, baina ez da eskoletarako bakarrik.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ikusmina piztu du Euskal Herriko Chrysallisen azken egitasmoak. Adingabe transexual batzuk ezagutarazten dituen ikus-entzunezko bat aurkeztu zuen duela bi aste. Tarte horretan, 9.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu bideoak. Ideiaren atzean Aingeru Mayor (Donostia, 1972) dago, Euskal Herriko Chrysallisenpresidentea.

Nola sortu zen bideoa egiteko asmoa?

Duela hiru urte, ikus-entzunezkoak bilatu genituen, alabak ikus zitzan bere egoeran zeuden umeak. Gutxi zeuden, eta gure haurren munduarekin zerikusirik ez zuten gauzez hitz egiten zuten: depresioez, mutilazio ahaleginez, suizidioez...

Bideoak ikusi al zenituzten?

Bai, baina itzuli gabe, ingelesez, arreta irudietan jarriz. Txundigarria izan zen ikustea alabaren jarrera. Harentzat handia izan zen bere egoeran zeuden umeak ikustea. Zenbait gurasoren artean hasi ginen lanean. Erakutsi nahi genuen gure haurren modukoak diren umeak daudela, eta pozik bizi direla. Halaber, zerbait egin nahi genuen baliagarria izan zitekeena beste haurrek eta gizarteak gaia erraz ulertzeko.

LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egunean bideoa ikustea proposatu zenuten: ikastetxeetan, ludoteketan...

Argitaratzear geundela, eskola eta haur txoko batetik galdetu ziguten ea maiatzaren 17rako prest egongo ote zen, egun horretan baliatu ahal izateko. Polita iruditu zitzaigun, eta bertatik proposamena. Gure elkartearen ustez, informazioa da fobia guztietarako botikarik onena.

Iaz material didaktikoa prestatu zenuten eskoletan lantzeko. Ikus-entzunezkoa horren osagarria al da?

Biek aukera ematen dute gaia lantzeko: bideoa ikusi, papereko material didaktikoa erabili... Ildo berean doaz biak.

Adingabe transexualak dauden geletan ez ezik, beste edozein ikasgelatan ere erabil daiteke material didaktikoa?

Gure helburua da edozein ikastetxetan lantzea gaia, errealitate horren ezagutza sustatzeko. Kasuren bat dagoen lekuan bereziki erabilgarria izango da, baina gure helburua zabalagoa da. Haur transexual asko daude, beren identitatea adierazteko gai ez direnak, ez zaielako horretarako aukerarik eman.

Aipatu izan duzue haur txikiak direla bideoa modu naturalenean ulertzen dutenak.

Haur txikiak mundua ari dira deskubritzen. Hortaz, errealitate hori deskubritzen dutenean, beste errealitateak bezala onartzen dute, arazorik gabe. Helduagoak direnek oso txertatuak dituzte zuzenak ez diren ideiak; uste dute zakilak mutil egiten zaituela, eta aluak, neska. Burua itxi diete beste aukerei. Elkartean horren adibideak ditugu.

Adibidez?

Igarotze prozesua zenbat eta gazteagotan egin, orduan eta modu naturalagoan barneratzen dute. Ikaskideek askoz modu lasaiagoan bizi dute.

Zer da «igarotze prozesua»?

Igarotze hitzak adierazten du egoera batetik bestera pasatzea. Kasu honetan, garrantzitsua da ulertzea ez direla gure haurrak egoera batetik bestera pasatzen direnak. Gure haurrak direnak dira. Besteon ikuspuntua da aldatzen dena. Alegia, prozesu horretan pasatzen gara haurra sexu batekoa ikustetik hark adierazten duen sexukoa ikustera.

Nola kudeatzen da? Non egiten da prozesu hori?

Etxean, familiako kide guztion artean; bizilagunekin; eskolan, gelan eta gurasoekin... Prozesu horretan, informazioaren transmisioa behar da. Jendeari errealitatea jakinarazi behar zaio. Hor beste guztion begirada aldatzen da, baita hizkuntza ere: semea izatetik alaba izatera pasatzen da, edo alderantziz, adibidez.

Nola eragiten du horrek haurrengan?

Prozesuak aurrera egin ahala, haurra askoz lasaiago dago. Askoz zoriontsuagoa da. Haurrak kanpora adierazteko modua ere aldatzen da. Aldaketa hori gertatzen da guk posible egiten dugulako. Inguruak benetan den bezalakoa ikusten duenean, umeak aukera handiagoa du den modukoa izateko.

Norbaitek egiten du aholkulari lana igarotze prozesuetan?

Igarotze prozesuen motorra familia da. Hori bideratu ahal izateko, laguntza behar dute: informazioa, babes emozionala... Euskal Herrian Chrysallisetik ari gara hori posible egiten, gehienetan.

Eusko Jaurlaritzari zenbait eskari egin dizkiozue azken urteetan.

Batetik, eskoletan formakuntza plan integral bat egotea, eta, bestetik, familientzako arreta zerbitzu espezifikoa abiaraztea. Ematen du aztertzen ari direla zerbitzu espezifikoa martxan jartzea hemendik gutxira.

Zein da Nafarroako egoera gai horien inguruan?

Nafarroako Gobernuak sekulako aurrerapenak egin ditu urtebetean, eta aitortu behar zaio lan hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500