Akusazioentzako 3.000 euroko eskeak: ezohikoa

2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira orain arte auzibidea zuzendu duen instrukzio epaileak hartu dituen erabakien artean ezohikoak; legearen barruan hartutako erabakiak dira, baina auzitegietako eguneroko martxan sarri ikusten ez direnak. Iritzi hori du Clara Campoamor elkarteko abokatu Cristina Ramosek. Propio emakumeen eskubide urraketak tartean dauden auzibideetan herri akusazio gisara parte izateko ahalegina egiten dute elkartean, eta esperientzia dute antzeko kasuetan. Baina oraingo honetan «lehenbizikoz» gertatu zaie auzibideko parte izan nahi, eta zio ekonomikoengatik atzera bota behar izatea. «3.000 euroko berme bat eskatu zuen epaileak. Legez, egin dezake; nik badakit hainbat tokitan eskatu izan dutela diru kopuru hori auzibide bateko parte izateko, baina, niri, nire lan jardunean, lehen aldiz jazo zait». Elkarte gisara ere ez dute aurrez horrelakorik ikusi. 3.000 euro eskatu dizkie epaileak, halaber, argazkilariaren kontrako auzibidea abiatzea erabaki duten emakumeei. Ezohikotzat du erabaki hori ere Clara Campoamorreko abokatuak: «Ez da epaileak asmatutako zerbait; legez badu horretarako era. Nik, ordea, ez dut horrelakorik aurretik inoiz ikusi». Kaudimen gisara eskatu zien epaileak andreei diru hori; auzibideak akusatuari «kalterik» eragiten badio, horri aurre egiteko.

Neurri ekonomikoak hartu ditu epaileak akusatuaren aurka ere. Bermerik ez du ordaindu behar izan inoiz espetxea saihesteko, baina diru kopuru bat duela erakutsi behar izan du —hasieran, 250.000 euro izan ziren; gero, igo egin zion 400.000ra—, ziurtatzeko auzibidearen ondorioz «diru erantzukinen bat badu» baliabideak izango dituela horri aurre egiteko, eta ez duela dirua beste toki batzuetara bideratuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.