Akusazioen lekukoen txanda iritsi denean, agerian geratu da akusazioen ahulezia. «Terrorismoa goratzea» egotzita epaitzen ari dira Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez. Horiek argi azaldu zuten Anoetako ekitaldian zer egin zuten eta zer ez: Otegik proposamen politikoa azaldu beste antolaketa lanik ez zuela egin azaldu zuen; Permachek, joandako jendetzaren ondorioz ekitaldiaren hasiera atzeratu egingo zela abisu eman ziela bildutakoei, mikrofono bidez; eta, Alvarezek, Belodromoa alokatzeko eskaera bere izenean egin zuela, tramiteak beste pertsona batek, Iñigo Balda Donostiako zinegotzi izandakoak, egin arren.
Baldak berak baieztatu zuen Alvarezek sinatu zuela Donostiako Kirol Patronatuak halakoetarako prestatua duen eskaera orria, eta orria eraman eta ekartzeko tramiteak berak egin zituela, Udalaren funtzionamendua ondo ezagutzen zuelako. Jesus Barreiro Kirol Patronatuko zuzendariak baieztatu egin zuen hala izan zela,kontu teknikoak ez zituztela haiekin konpondu gaineratuta. Tramite hutsa egin zutela horiek. Gainontzekoekin ez zuela antolaketa lanetarako inolako harremanik izan esan zuen.
Kazetariei dagokienez, ez zuten zehaztasun handirik eman. Olatz Barriuso El Correo-ko kazetariak duela sei urtekoaz ez dela ondo gogoratzen baina prozedura ohikoa izan zela adierazi zuen. El Mundo-ko Marcos Iriartek aitortu zuen argazkietan erakutsitako irudiak norenak ziren ezin duela esan.
«Brouard abokatua»
Arratsaldean polizia txostenak egin zituzten ertzain, polizia eta guardia zibilek deklaratu zuten. Ertzaintzaren txostenak prentsan agertutakoan oinarrituta zeuden. Zehaztasunak eskatzen zitzaizkienean ezin zuten eman, ez oihuak noiz eta nola egin ziren, ez argazkiei buruz, ez Zutabe aldizkariaren banaketari buruz.
Bi guardia zibilek lekuko-peritu gisa deklaratu zuten. Batek argudio bitxia eman zuen bideoko argazkiak ETAko kideenak zirela azaltzeko: «Jendearen erreakzioa ikustean, txaloka hasten zela, ondorioztatu genuen ETAkoak zirela». Santi Brouard ezagutzen ote zuen galdetu zion orduan Iruin abokatuak. «Bai, ezker abertzaleko abokatu bat da», esan zuen. «Ez zen abokatua, medikua zen» , zuzendu zion asaldatuta Iruinek.
Akusazioen lekukoek defentsa indartu dute
Akusatuek ez zutela ekitaldiaren antolaketa prestatu esan dute, eta ohiko ekitaldien gisan egin zela Anoetakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu