Inputatu zutenean, «ezkutatzeko ezer» ez zuela adierazi zuen Iñaki Goioaga euskal presoen abokatu eta Amaiurreko senatariak, eta dokumentuak eskuan erantzun die epaileari eta fiskalari. «Hain zuzen, faltsukerien eta inputazioaren zitalkeria frogatu da», esan zuen atzo, kazetarien aurrean, Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratu berritan. Ordu erditik gora aritu zen auzitegian galderei erantzuten, besteak beste, ETAko kide izatea egotzita. Miguel Colmenero epaileak ez dio kautelazko neurririk ezarri.
Irailean hasi zuten Auzitegi Gorenean Goioagaren aurkako auzia, Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen eskariz. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko presoen abokatuen aurkako auziaren barruan dago senatariarena ere. «ETAren kartzeletako fronteko» kide izatea egozten dio Velasco epaileak, eta ustezko egitura horretan «garrantzi berezia» duela dio. Zehazki, ETAren aginduak EPPK-ko kideei helaraztea, iraultza zerga deiturikoan bitartekari aritzeagatik «terrorismoa finantzatzea» eta dirua zuritzea, eta Ogasun eta Gizarte Segurantzari iruzur egitea leporatzen dio Goioagari.
Besteak beste, gertukoen, Jone Goirizelaia abokatuaren eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuaren babesa izan zuen Goioagak auzitegira joatean. Galdeketan «soilik lan profesional juridikoarekin» lotutako gaiak atera zituztela argitu zuen abokatuak, eta ziurtatu zuen «normaltasunez» jarraituko duela defendatzen dituen presoen aldeko lanean. Zehaztu zuen, gainera, ez ziotela galderarik egin leporatzen dizkioten delitu ekonomikoen inguruan. «Agerian geratu da azpijoko handi bat dela guztia».
Auzi berarekin lotuta dago joan den urtarrilaren 12an Guardia Zibilak egindako sarekada. Hamabi abokatu atxilotu zituzten orduan, beste lau herritarrekin batera. Orduan inputatu zuten Goioaga ere, baina ez zuten atxilotu, foruduna delako. «Erakunde terroristako kide» izatea egotzi zieten haiei ere. Polizia operazio harekin «abokatuen kolektiboa ekonomikoki hornitzen zuen finantza egitura» desegin zutela adierazi zuen Espainiako Barne Ministerioak. Epaile aurretik pasatuta, aske utzi zituzten abokatu denak.
«Jazarpen ideologikoa»
Urtebete lehenago ere egin zutenabokatuen aurka. Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak atxilotu zituzten, beste sei lagunekin batera, EPPK-ko bitartekari taldearen aurkako operazio batean. Haiek biak dira oraindik preso dituzten bakarrak, bakartuta. Gertukoek askotan salatu dute egoera hori, «tratu txar edo torturatzat» jota.
Goioaga bera ere egon zen espetxean, ia bi urtez. 2009ko ekainean atxilotu zuten, ustez ihes egiteko saialdi batekin lotuta. Absolbitu egin zuten gero, froga faltagatik. Auzipetu zutenean, ezker abertzalearen aurkako «jazarpen ideologiko eta politikoaren» barruan kokatu zuen inputazioa, eta «harro» agertu zen euskal presoen eskubideen alde egindako lanarekin.
Akusazioen «faltsukeriak frogatu dira»
Auzitegi Gorenean deklaratu du Iñaki Goioaga abokatu eta senatariak.«ETAren kartzeletako fronteko» kide izatea leporatzen dio epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu