'Kutxabank auziaren' epaiketa. Akusatuen deklarazioa

Akusazioak EAJ, PP eta PSE-EE egin ditu «iruzurraren erantzule»

«Koldarrak» ez izateko eta, iruzurra frogatzen bada, «pauso bat emateko» eskatu diete. Pribatizazioan atzera egitea galdegin dute

Herri akusazioak egindako elkarretaratzea, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
LAB, ESK, Steilas, Hiru, Bizkaiko EHNE, EKA eta Pentsionistak Martxan-ek osatzen duten herri akusazioaren ustez, Kutxabanken pribatizazioa ahalbidetu zuten alderdiak daude «ustezko iruzurraren atzean». EAJ, PP eta PSE-EE egin dituzte gertatutakoaren erantzule, eta eskaera zehatza ere egin diete: «Ez zaitezte koldarrak izan, eta, zuzeneko egileen iruzurra frogatzen denean, eman ezazue pauso bat aurrera».

Herri akusazioaren izenean, Urtzi Ostolazaga eta Ana Perez «pozik» agertu dira, «ustez iruzurraren egile zuzenak direnak akusatuen jesarlekuan eserarazi» dituztelako. Esan dutenez, defentsak ezin izango du frogatu Cabiecesek kobratzen zuen ordainsaria zerbitzu baten truke izaten zela, «existitu ez den lan batengatik» jasotzen baitzuen aipatutako dirua, haien aburuz.

Baina «iruzurraren ustezko egile zuzenetatik» harago, «euskal kutxak pribatizatzea erabaki zutenak» jarri ditu herri akusazioak jomugan, uste baitute haien «erabaki politikoen ondorioz» gertatu zirela «ate birakariak, mesede tratuak eta Kutxabanken egindako iruzurra». «Orain, iruzur hauei bide eman zieten alderdiak ez badira epai judizialarekin kontsekuente eta ardura gabe jokatzen badute, koldarkeria politikoa erakutsiko dute», erantsi dute.

Mesedeak eta abantailak

Herri akusazioa osatzen dutenen iritziz, Cabiecesi «mesedea» egin zioten, eta hori alderdi politikoek eskuratzen dituzten «abantailetako» adibide bat baino ez da «bankua kapital pribatuari saltzeagatik». Uste dute alderdien arteko akordioak «euren onurarako» erabiltzen dituztela EAJk, PPk eta PSE-EEk.

«Enpresariek eta bankariek politika publikoak erabakitzen dituzte», erantsi dute herri akusaziokoek, «eta erabakiak hartu dituzten politikariak, zeregina amaitzen dutenean, haien enpresetan kokatzen dituzte».

Herri akusazioak iragarri du aurrera jarraituko duela usteko iruzurraren egileek «euren delituengatik ordaindu arte», baina harago joan dira, eta euskal kutxen pribatizazio prozesuan «atzera egiteko» ere eskatu dute, «haien izaera sozial eta publikoa indartuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.