Hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean Carmen Gisasola, Oskar Abad eta Jose Ramon Martinez preso ohien kontrako epaiketa. Duela 30 urteko auzi bat ebazten ari dira: 1990eko urtarrilaren 30ean, bizikleta batean jarritako lehergailu batek eztanda egin zuen Galdakaon (Bizkaia), eta leherketak Jose Ignacio Perez polizia espainiarra hil zuen. Hiru akusatuek ukatu dute atentatuan esku hartu zutela. Fiskalak 30 urteko kartzela zigorra eskatzen du bakoitzarentzat.
Carmen Gisasola 24 urtez egon da espetxean, eta Langraiz bideaizenekoa hartu zuen, kartzelan zegoela. 2014an askatu zuten. Bere abokatuaren galderei baino ez die erantzun, eta esan du ez zuela atentatu hartan parte hartu. Halaber, azaldu du aspaldi utzi ziola ETAko kidea izateari.
Oskar Abad eta Jose Ramon Martinez ere preso ohiak dira: Martinezek 18 urte eman zituen preso, eta Abadek, berriz, 21. 2009an eta 2012an kaleratu zituzten, hurrenez hurren. Biek ala biek ukatu dute atentatuan parte hartu izana, eta esan dute atxilotu zituztenean, 1991n, torturatu egin zituztela.
Bi preso ohiek deklaratutakoaren arabera, tortura horien ondorioz onartu zuten errudun gisa salatzen zituen agiria sinatzea, eta Carmen Gisasola eta Julian Atxurra ere inkulpatu zituzten, poliziek hala egitea agindu zietelako.
Atxurra ez dira auzibide horretan epaitzen ari. Frantziak Espainiaren esku utzi zuen 2013an, eta gaur egun espetxean dago zigorra betetzen, baina orduan leporatzen zizkioten delituen artean ez zegoen Galdakaoko hilketarena, eta, hortaz, orain ezin dute horregatik epaitu.
Atzo iluntzean mobilizazio bategin zuten Bakion (Bizkaia), Bakea eta demokrazia. Erasorik ez! lelopean, «mendekuan oinarritutako epaiketa» salatzeko: «Gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko ordua da, eta ez errepresioan tematzekoa. Espetxeak husteko garaia da, espetxe politika aldatzeko inoizko adostasunik zabalena dagoen honetan», azaldu zuten.
Akusatuek esan dute ez zutela esku hartu Galdakaoko hilketan
Hiru preso ohi epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean 1990eko atentatu batengatik. Haietatik bik torturak salatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu