Aktibo eta aktibista

Adineko emakumeak ere talde feministetan biltzen dira. Onekako, Boga Bogako eta Basauriko Emakume Feminista Zaharren Taldeko kideei hitza eman die BERRIAk, zahartzaroaz dituzten bizipenak, kezkak eta aldarrikapenak plazaratzeko.

Adineko emakumeek aldarrikatu dute subkejtu politiko aktiboak direla. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Ondarroa, Basauri, Bilbo
2024ko martxoaren 3a
05:00
Entzun

«Zorionekoa taldera etorri nintzen eguna». Ondarroako Boga Boga elkarteaz (Bizkaia) ari da Agurtzane Iriondo. Erretiroa hartu ostean deskrubritu zuen «altxorra», adineko andreez osatutako talde aberatsa: «Guk bizitzan aukera txikiak izan ditugu, eta oraintxe ate handia ireki zaigu». Oneka Euskal Herriko emakume pentsiodunen plataformako kideek ere esaten dute «oso etapa onean» daudela, baina erantsita ez daudela geldi geratzeko prest: «Zahartzaroan ere, aktibismoan», berretsi du Mertxe Mendez Arraiak. Ildo beretik, gizarteari ekarpen asko egiteko moduan daudela aldarrikatu dute Basauriko Emakume Feminista Zaharren Taldekoek (Bizkaia): «Subjektu politiko aktiboak gara, eta hala izaten jarraitu nahi dugu», adierazi du Bego Larrea Azkuenagak. Hiru taldeotako emakumeekin egon da BERRIA, zahartzaroaz hausnartzen.

Nola zahartzen dira emakumeak? Gai horren inguruan eztabaidatzeko grina eta premia hedatzen ari da azken urteotan, bai feminismoaren barruan, bai andre edadetuen artean: hitzaldiak eta lantegiak antolatzen hasi dira emakumeen etxeetan, eta Emakundek ere haiei eskaini die aurtengo Martxoaren 8ko kanpaina. Halere, adineko andreek euren buruaz duten irudia ez dator bat gizarteak duenarekin. «Ni zaharra naiz, baina bizitzeko gogo handia daukat, eta ikasteko, emakume hauekin elkartzeko», esan du Maria Jesus Arantzamendik, Boga Bogako lagunei begira; «Zaharra izatea ohore bat da: bizi nahi badut, zahartu egingo naiz. Baina eskatzen dut errespetua».

«Ni zaharra naiz, baina bizitzeko gogo handia daukat, eta ikasteko. Zaharra izatea ohore bat da: bizi nahi badut, zahartu egingo naiz. Baina eskatzen dut errespetua».

MARIA JESUS ARANTZAMENDIBoga Bogako kidea

Izan ere, ohartarazi dute adineko emakumeak homogeneizatzeko joera handia dagoela, eta kontrakoa direla: talde heterogeneoa. Izatez, askotariko bizimoduak izan dituzte egun 65 urte baino gehiago dituzten andreek: batzuk etxean zaintzen arituak, beste batzuk etxetik kanpo enplegua izandakoak; batzuk erlijiora kateatuta, beste batzuk askeago. «Aldaketa asko eta oso azkarrak bizi izan ditugu: telefonorik gabeko garaiak ezagutu ditugu», ekarri du gogora Begoña Zorrozua Elberdin Onekako partaideak; «Gure aurreko belaunaldikoak etxean gelditzen ziren, edo oso gutxi kotizatzen zuten. Ez zuten libertaterik; eta guk hartu egin genuen». Askatasun hori, baina, zahartzaroan ezagutu dute batzuek. Maria Dolores Iparragirrek 89 urte ditu egun, eta Boga Bogari esker daki sexualitateaz: «Aurkikuntza bat izan zen. Guri irakatsi ziguten gauza zikin bat zela: sexu harremanak eskatzen zure gizonarengana joanez gero marizikin bat zinen. Sexologoaren ahotik gauza batzuk entzun nituenean, pentsatu nuen: ‘Non egon naiz ni?’».

Gizartearen parte

Feminismora iristeko bideak ere askotarikoak izan dituzte. Basauriko taldea Marienea emakumeen etxe aitzindariak antolatutako gogoeta baten harira sortu zen orain gutxi, baina ia partaide guztiek daukate ibilbide luzea militantzian: euskara taldeetan, sindikatuetan… «Garrantzitsua da emakume zaharron ikuspegia feminismoan zein gizartean txertatzea: bizirik gaude, gauza asko egin nahi ditugu, herriaren parte garelako», adierazi du Emi Moralesek.

Eta orain, irmo dabiltza cohousing proiektu bat sustatu nahian. Delia Martinez Sarmientok azaldu duenez, belaunaldi arteko etxebizitza bat egiteko lursaila eta aurrekontua galdegin diote udalari: «Administrazioa inplikatzea nahi dugu, orain arte halako egitasmoak pribatuak izan baitira. Baina geuk kudeatu nahi dugu, gure premien arabera. Ez dugu zahar etxerik nahi; independentzia nahi dugu, zaharrok erabaki nola bizi».

Dozena bat andrek baino gehiago osatzen dute Ondarroako Boga Boga taldea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Dozena bat andrek baino gehiago osatzen dute Ondarroako Boga Boga taldea. ANDONI CANELLADA / FOKU

Boga Bogak, berriz, bide luzeagoa du. Orain 36 urte abiatu zen, andreen sustapenerako talde gisa: jostura eta sukaldaritza ikastaroak egiten zituzten, psikologoa joaten zitzaien... Gerora, beste teknikari bat feminismoaz hitz egiten hasi zen: ahalduntzeaz. «Lehen, irakasten zitzaigun emakume perfektuak izaten: ondo janzten, kozinatzen, garbitzen… Eta, orain, esaten digute ez daukagula zertan perfektuak izan, izan behar dugula inperfektuak», zehaztu du Iriondok. Iparragirrerentzat, esnatze bat izan zen: «Nik pentsatzen nuen eman eta eman egin behar nuela, baina ikasi dut inportantea dela norbere burua maitatzea, niretzat denbora hartzea, eta ezetz esatea ez dela neurekoia izatea».

«Lehen, irakasten zitzaigun emakume perfektuak izaten. Orain, esaten digute ez daukagula zertan perfektuak izan, inperfektuak izan behar dugula».

AGURTZANE IRIONDOBoga Bogako kidea

«Bizitza etxean» eman dutenetako bat baita Iparragirre. Elkartean beste mundu bat topatu duela nabarmendu du, «gurean ezjakintasun handia zegoen eta». Pasadizo bat kontatu du, Eliza katolikoak zuen eraginaren seinale: «Sei seme-alaba izan nituen zazpi urtean, bikiak tartean. Garai hartan, aita santua pilularen aurka zegoenez eta egunero zegoenez pilularen aurkako iragarkiren bat, pentsatzen nuen Elizaren baimen bat behar nuela pilula hartzeko. Egun batean, seigarrena jaio eta gero, hondartzan, emakume batek esan zidan nahikoak zirela sei ume, eta haurdun geratu aurretik konponbide bat bilatzeko. Joan nintzen konfesatzera, eta apaizak berak esan zidan medikuarenean pilula eskatzeko; galdetu nion ea Elizaren baimenik ez al zidan eman behar, eta hark ezetz, joateko medikuarengana zuzenean. Harrituta geratu nintzen. Lagun guztiei esan nien».

Pentsio bidegabeak

Argiago ikusten ditu egun emakumeen mendekotasunak eta diskriminazioak. Adibidez, pentsioetan: «Alargunak zergatik kobratu behar du gutxiago senarra joaten denean?». Bidegabea da Arantzamendirentzat ere: «Diru sari hori ez du gizonak bakarrik irabazi; emakume bat izan du alboan, bere behar guztiak betetzen. Gizona hiltzean, emakumeari pentsioa murrizten diotenean adierazten diote: ‘Zuk ez duzu ezertxo ere egin’».

Onekako kideen ustez, horregatik da beharrezkoa, besteak beste, feminismoa zahartzaroan ere: «Emakumeak konturatzeko zer eskubide duten eta zer eskubide ez duten erabili», esan du Zorrozuak; «Guretzat, sekulakoa da gure hitzaldi batean andre batek esaten digunean konturatu dela berak bizi osoan egin duela lana, baina etxean». Izan ere, pentsioen taulak argi mintzo direla uste du Mendezek: «Gutxien kobratzen dutenen artean emakumeak daude; erdian, tarte batzuetan, parekatuta daude; eta gehien kobratzen dutenak gizonak dira, argi».

Onekako kide Begoña Zorrozua eta Mertxe Mendez, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Onekako kide Begoña Zorrozua eta Mertxe Mendez, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Andreen pobreziarekin ez ezik, bakardadearekin ere lotu du gaia Zorrozuak: «Emakume horiei esaiezu txango bat egiteko, gimnasiaren ostean kafe bat hartzeko edo aisialdi jarduera batera etortzeko... azkenean, ordaindu egin behar da, eta ez dira iristen. Eta hala hasten dira beren burua bazterrean uzten, ezinezkoa zaielako etxetik atera eta gastatzea, ez dutelako ibili nahi azalpenak ematen...».

«Emakume horiei esaten diezu txango bat egiteko... Ordaindu egin behar da, eta ez dira iristen. Eta hala hasten dira beren burua bazterrean uzten, ezinezkoa zaielako etxetik atera eta gastatzea».

BEGOÑA ZORROZUA ELBERDINOnekako kidea

Abagune horietan ere, antolatuta eta babestuta egotearen garrantzia azpimarratu dute Onekakoek, baina kritiko mintzatu dira zahartzaro aktiboaren inguruko ideia orokorrekin. Ez dute uste aktibotasun hori jarduera fisikoa edo txangoak egitera mugatu behar denik. Gizartean inplikatzea garrantzitsua da, Mendezentzat: «Ondo dago yoga egitea, baina hori bakarrik egiteak badu alienaziotik pixka bat. Gu kontziente izan gara zer herritan bizi garen, eta, orain, erretiratuta, arazo guztiak desagertu dira? Zure ilobak erraz dauka etxe bat lortzea? Zer lan baldintza ditu? Aldarrikatzeko gauza asko daude oraindik». Erretiroa hartzean andre asko lan boluntarioetan hasten direla gaineratu du Zorrozuak: «Ez dut esango ez dagoenik ondo, baina gizartea ari da egiten instituzio publikoei dagokien zaintza lan pila bat. Oreka bat behar da hor».

Zaintzak zeharkatuta

Edonola ere, andre guztien bizitza baldintzatu du zaintzak. Denen bizipenetan ageri da zaintzeko agindu sozialaren arrastoa. Ondarroako Etxelilan elkartutako emakumeak senarren laguntzarik ia gabe arduratu ziren seme-alabak hazteaz. Baina Maria Rosario Azkaratek azaldu du orain bestela kudeatzen saiatzen direla: «90 urteko koinata bat daukat, eta nire gizona joaten da harengana, bere arreba da eta. Badaude zaintzen duten gizonak, baina, tira, nik behartu nuen». Arantzamendik erantsi du ezetz esaten ikasi duela: «Semeetako bati esan nion bere haurra ez nuela nik zainduko hark denbora libre gehiago edukitzeko. Nik nire sasoian ezin izan nuen aisialdiaz disfrutatu, eta oraintxe nabil berreskuratzen. ‘Behar nauzu? Hemen naiz. Baina ez zuk nahi duzunean’. Ez zen erraza izan, baina denboragaz ulertu du».

Etorkizunari begira, baina, euren zaintza premiei ere erreparatu diete batzuek, eta zahar etxera joatearen tabua hausten hasi dira. Halere, zama bihurtzearen beldurra ere agertu da Iriondoren hitzetan: «Aurreko belaunaldiarentzat, zahar etxera joatea aldats handia zan, ulertu ezinekoa. Baina, gaur egun, gu bizkorrago joango gara egoitzara traumarik gabe, etxean traban egotea baino». Basaurikoei, ordea, bidegabea iruditzen zaie zahartzaroaz hitz egitea zainduak izateko premian oinarrituta. «Zaintza behar dugu denok, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte. Ez da soilik zaharron kontu bat, eta ez da, noski, emakumeon kontu bat. Zaintza lanak banatu egin behar dira», azaldu du Moralesek.

Basauriko taldea, Marienean; ezkerretik eskuinera, Martinez, Velez de Mendizabal, Rodero, Morales eta Larrea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Basauriko taldea, Marienean; ezkerretik eskuinera, Martinez, Velez de Mendizabal, Rodero, Morales eta Larrea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gainera, Larreak oroitu du ez dela oraingo borroka: «Gu izan ginen lehen belaunaldia lanera itzultzen, ama izan ostean. Fabrikara bueltatu ginen, oztopo askorekin, batez ere gizonezko lankideen partetik». Alboan du Maite Velez de Mendizabal Prieto, buruarekin baiezkoa adierazten: «Gizon bati lanpostu bat kentzen ari zinen eta. Hori entzuna diot nik senar ohiari. Gero atzera egin zuen, baina hasieran horrekin tematu zen. Emakumeek etxean egon behar baitzuten». Lanaldi bikoitza eta hirukoitza izan zuten, baina batzuek lortu zuten moldatzea, Larreak dioenez: «Gu oso kontzientziatuta geunden, eta bikotekideak ere kontzientziatu genituen».

«Edo dibortziatu egin ginen», esan du Martinezek. 1984an banatu zen, senarrak lehen aldiz eskua altxatu ondoren. «Aurre egin nion, eta ikaratu egin zen. Aurrez ez zen inoiz bortitza izan, baina esaten zidan feministak burua jaten ari zitzaizkidala, lesbiana bihurtzen ari nintzela... Ni, zorionez, Basauriko emakumeen batzordean nengoen, eta banuen kontzientzia. Lehen zaplastekoa eman zidan, baina bigarrenik ez». Halere, ulertzen ditu hala jokatu ezin duten emakumeak: «Hondatuta daude, erreakzio gaitasunik gabe. Askotan galdetzen da ea nola iraun dezaketen horrela hainbeste urtez; bada, ez dagoelako modurik».

«Zaintza behar dugu denok, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte. Ez da soilik zaharron kontu bat, eta ez da, noski, emakumeon kontu bat. Zaintza lanak banatu egin behar dira».

EMI MORALESBasauriko Emakume Feminista Zaharren Taldea

Gazte garaiko giroa nolakoa zen gogoratu dute Marienean. «Patriarkatua», laburbildu du Martinezek: «Erosketa batzuk egiteko senarraren sinadura behar nuen, edo kontu korronte bat irekitzeko. Nire soldata hark kobratu zezakeen. Horren aurka borrokatu ginen». Bat dator Irene Rodero Matos: «Hezi gintuzten ezkontzeko, umeak izateko eta zaintzeko. Kito. Gauza asko normal ikusten genituen. Denbora asko pasatu zen ohartu nintzenerako ez nuela zertan hitzezko indarkeriarik jasan».

Adinkeriaren aurka

Orain, hizlari gehienek 70 urteak pasatuta dituztela, beste diskriminazio batzuk ere pairatzen dituzte. Arrakala digitala aipatu du Mendezek: «Dena da telematikoa. Esaiozu bizi osoan etxean lan egin duen emakume bati alargun pentsioa eskatzeko Internet bidez». Tratua salatu du Arantzamendik: «Gizonak errespetu handiagoz tratatzen dituzte, baina edadeko emakumeak, zerbait eskatzen badu, isilarazi egiten dute». Aisialdirako eskubideaz mintzatu da Velez de Mendizabal: «Tabernetan gauez, adibidez, arrotz gara andre zaharrak. Ematen du gizonak ez direla inoiz zahartzen bizitza sozialerako, eta emakumeak, aldiz, lekuz kanpo gaudela».

Eta guzti-guztiek salatu dute osasunaren arloan jasotzen duten tratua. Arantzamendi: «Zergatik ematen dizkiote azalpenak nire alabari eta ez niri?». Rodero: «Ez da gauza bera gaixo egotea gaztea izanda edo zaharra izanda: ez dute aztertzen zer duzun, daukazuna zaharra zarelako daukazulakoan. Eta eritasunak ez du zertan lotuta egon zahar izatearekin. ‘Zer nahi duzu, zure adinarekin?’, esaten dit medikuak. Bada, nik nahi dut ondo artatzea eta aurpegira begiratzea».

«Ez da gauza bera gaixo egotea gaztea izanda edo zaharra izanda: ez dute aztertzen zer duzun, daukazuna zaharra zarelako daukazulakoan».

IRENE RODERO MATOSBasauriko Emakume Feminista Zaharren Taldeko kidea

Bazterketez eta adinkeriaz kontziente dira andreok. Nabaritzen dute gizarteak batzuetan «sobran» dituela adinekoak, eta zahartzaroari «beldurrez» edota «mespretxuz» begiratzen zaiola oro har. «Baina zergatik da txarra zaharra izatea?», galdetu du Martinezek. Izan ere, hizlariok argi utzi nahi dute euren ikuspegia zeharo diferentea dela. Pozik aritu dira zahartzaroak ekarritakoaz. Iriondori kontzientzia eman dio: «Hezi gintuzten emateko, besteentzat izateko. Eta lortu dugu kontziente izatea badauzkagula eskubideak, eta merezi ditugula». Zorrozuari, lagunak: «Beste adiskidetasun mota bat aurkitu dut». Roderori, lasaitasuna: «Lehen, denak kezkatzen ninduen pila bat: zer esango dudan, zer jantziko dudan, nola egongo naizen... Orain, pixka bat berdin dit horrek guztiak. Bizi osoan itota ibili naiz leku batetik bestera, eta orain disfrutatzeko nago. Aktibo nago, baina lasai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.