Aktibista izateko hamaika era

Hizkuntza aktibismoa hizpide, gazteek euren esperientzien berri eman diote elkarri Higa topaketetan. Hizkuntza gutxituen hiztunen eskubideak ez direla bermatzen salatu dute

Higa hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketaren mahai ingurua, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Leire Yue Ortubay Ibabe
Gasteiz
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
«Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, hark irautea bermatzen ez duen estatu baten baitan antolatzen ez garelako baizik». Beñat Jusue Gazte Euskaltzaleen Sareko kidearen hitzak dira. Higa hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketaren lehen mahai inguruan parte hartu zuen atzo Gasteizen, Mariona Miret filologoarekin, Ainhoa Ruiz de Angulo Zeinu Kaxa hizkuntza akademiako fundatzailearekin eta Franca Umasoye Igwe hizkuntza indigenen defendatzailearekin batera. Lau hizkuntza aktibistek beren ibilbide eta bizipenak kontatu zituzten.

Zer ote da, baina, hizkuntza aktibismoa? «Gainean beste hizkuntza nagusiago bat egotea eta guretzat naturala den hizkuntza baztertzea eta gutxiestea da», Ruiz de Angulok azaldu zuenez. Zeinu Kaxa hizkuntza akademia sortu zuen —Cristina Campo lankidearekin batera—, keinu hizkuntza zabaltzeko eta gizartea sentsibilizatzeko asmoz. Guraso eta anai-arrebak gorrak ditu, eta, hori dela eta, bere hizkuntza «naturala» keinu hizkuntza da. Ahozko hizkuntza keinu hizkuntzaren gainetik ezartzen dela salatu zuen, eta azaldu «dagokion lekura» eramateko lanean ari dela. Haren ustez, keinu hizkuntza araututa egoteak ez du benetan irisgarri egiten. «Ez dira gure eskubideak bermatzen; behin eta berriro behartzen gaituzte ahozko hizkuntzara egokitzera».

Jusuek ere antzeko aldarrikapena egin zuen: «Euskara Nafarroako hizkuntza dela onartzen bada, zergatik Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez du ia euskarazko irakasgairik eskaintzen?». Tuterakoa (Nafarroa) da, eta euskara erresistentziatik bizi izan du beti. «Betaurreko berdeak» janzteko gonbidapena egin zuen, «ez bakarrik euskaraz hitz egiteko, euskaratik eta euskararen alde egiteko baizik». Haren iritziz, euskara instituzionalizatzeko borroka ezinbestekoa da, «noizbait herritarrak euskaraz hitz egiteko erabakiaz nekatzen direlako, eta hizkuntza nagusietara jotzen dutelako».

Antzeko bizipenak kontatu zituen Miretek ere. Okzitanieraren aldeko militantea da, eta Nafarroan euskarak duen egoerarekin alderatu zuen: «Katalunian okzitaniera ofiziala izan arren, ez dago bermatuta gazteek hitz egingo dutenik».

Nigeriako bizipenen berri eman zituen Igwek. Afrikako herrialde horretan 500 hizkuntza baino gehiago daude, baina hiru baino ez dira nagusi. Unibertsitatean zegoela geratutakoak bultzatu zuen hizkuntza aktibismora: «Ekpeyeko ikaskide batekin komunikatzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu ikaskideak ez zekielako ekpeieraz».

Komunitatea, ardatz

Hiztun komunitatea oinarrizkoa da hizkuntza gutxituek bizirik irauteko. Ideia horretan bat etorri ziren lau gazteak. Zeinu Kaxaren sortzaileak euskaldunen komunitatearekin alderatu zuen keinu hiztunen komunitatea: «Identitate bat da, bai euskara eta baita zeinu hizkuntza ere, bere kultura eta ohiturekin».

Jusuek bat egiten zuen ideia horrekin, eta azpimarratu komunitate bat artikulatzeko balio duela hizkuntzak. «Herri eredu propioa sortzeko hizkuntzak zeregin oso garrantzitsua betetzen du komunitatean». Haren ustez, hizkuntza bat ez da soilik «transmisiorako tresna bat». Kontrara: «Bizitza guztia artikulatzeko erdigunean jarri behar denelementu kultural garrantzitsua da».

Euskararen aldeko militantzia erdigunean jartzearen garrantzia nabarmendu zuen Jusuek. Haren esanetan, «Tudela» izatetik «Tutera» izatera pasatu dadin, borroka fronte ugaritan aritu behar da, baina denen oinarrian euskararen aldeko borrokak egon behar du: «Euskaratik sortua, beste borrokekin batera». Tutera Kirol Elkartea da horren adibide: euskara erdigunean jarrita, kirola beste modu batean ulertzen dute, lehiakortasunetik at.

Hizkuntza gutxituen artean bada ezaugarri komunik, baina baita ezberdintzen dituzten elementuak ere. Ruiz de Angulok keinu hizkuntzaren inguruan dauden «mito batzuk» deseraiki zituen: «Ez dago zeinu hizkuntza bakarra munduan, 300 baino gehiago daude, askotarikoak dira eta beti existitu izan dira». Halere, badago elkarrekin komunikatzeko nazioarteko keinu hizkuntza, eta, sistema horri esker, munduko edozein txokotara joanda, erraz ulertzen dute elkar.

Oso bestelakoa da Igweren bizipena. Guztiz kontrakoa gertatzen zaio: «Nire herrian ingelesez ulertzen dute elkar, baina nire sorterria den ingurura baldin banoa, ez didate ulertuko hizkuntza horretan mintzatzen banaiz».

Ondorioak

Hizkuntza aktibista izatea ez da erraza, Miretek kontatu zuenez. Are, militantzia horrek bere bizitzan izan ditu ondorioak: «Okzitaniera eta katalana garrantzitsuak dira niretzat, eta benetan kezkatzen naute. Buru osasunean eragin dit; militantzian etenaldiak egiten ikasi behar dut». Izan ere, Miretek argi utzi zuen hizkuntza gutxituek hala izango direla «60 urte barru», eta, beraz, borroka ez dela bihar amaituko, «epe luzekoa» baita.

Hizkuntza aktibismoak bere bizitzan izandako ondorioen berri eman zuen Josuek ere. Aisialdirako denbora askorik izan ez arren, militante izateak «ondorio positibo asko» dituela nabarmendu zuen: «Oso lagungarria izan zait inguruan daukadana modu aberasgarriagoan ikusteko, ulertzeko, gozatzeko eta bizitzeko». Hizkuntza gutxitu baten aktibista izatea are nekezagoa da gorra izanda, Ruiz de Angulok kontatu zuenez: «Gorra eta emakumea izanda, bidea gogorra da entzuleen komunitatean, baina baita gorren komunitatean ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.