Aktibismo lodiak «bizia salbatu» zion Magda Piñeyra Stop Gordofobia kolektibo birtualeko kideari: «Gauza asko eman dizkit: gertatzen ari zitzaidanari izena jartzea; existitzeko eskubidea edukitzearen sentipen eder hori; 'gose naiz' esan ahal izatea; kirolarekin berradiskidetzea». Gernika-Lumon (Bizkaia) esan zituen hitzok atzo, lodifobiari buruz eginiko Euskal Herriko I. Jatunaldietan, arratsaldeko mahai inguruan. Gizenen aurkako gorrotoak eragindako zauriez mintzatu ziren, baina min indibidualak «kolektibizatzeko eta politizatzeko» premia nabarmendu zuten. «Euskal Herrian, borrokaren hastapenetan gaude, baina, bizipenez ez ezik, proposamen politikoez ere hitz egiten hasi behar dugu. Zerbaiten abiapuntua izan nahi dute jatunaldi hauek», erantsi zuen Mijok, Ezin Kabitu taldeko kideak.
Izan ere, lodifobiaren inguruan asko dute aztertzeko, zabaltzeko, gogoetatzeko eta proposatzeko, mahai inguruko partaideen hitzetan. «Lodifobia ez da bakarrik pertsona lodion kontrakoa: denak diziplinatzeko modu bat da, jendeak beldur baitio lodi izateari», adierazi du Mijok. Eta abisua eman du: neoliberalismoak eta digitalizazioak lodifobia berri bat ekarriko dute. «XX. mendeko lodifobiak eragin du gorputzak eta janariak pisatzea: neurria, araua, kontrola... XXI. mendean bestelako kontrol neurriak ikusiko ditugu, gailu biomedikoen eskutik; jadanik gure artean ditugu egunero ematen ditugun pausoak neurtzeko aparatuak».
Ezin Kabituko ordezkari Nahiak gaineratu du gorputzak neurtuz ezartzen dela zein den desiragarria edota baliotsua: «Gizarteak gorputz konkretu batzuk onartzen ditu, eta loditasunari ezaugarri batzuk ezartzen zaizkio, nagikeriarekin edota higiene faltarekin ere lotuta. Horrek aldatzeko presioa eragiten digu, eta gure izaeraren eta gorputzaren arteko disoziazioa: norbere izaera positibotzat ikusten dugu, baina gorputza, negatibotzat».
Izan ere, lodifobia «toki guztietan» dagoela ohartarazi du Piñeyrak: «Leku batzuetan, gizarte laguntzak jasotzeko agiri bat sinarazten dute, esanez janari osasungarria baino ez duzula erosiko». Loditasunaren aurkako legeak ere izan ditu hizpide: «Pertsona gizenengan jartzen dute arreta, ez egiturazko arazoetan, baldintza sozioekonomikoetan...». Eta, horien eskutik, argaltzeko sistemak gero eta oldarkorragoak direla salatu du: «Hasiak dira haginetan imanak jartzen ahoa itxiarazteko; edo diabetikoentzako botikak diabetesik ez dutenei ematen, argaltzen dutelako; edo organoak birrintzen dituzten kirurgiak gomendatzen. Gure osasunaren alde ari direla esaten dute, baina ez da hala: bizia izorratzen ari zaizkigu».
Hezkuntzaren eremuari ere erreparatu dio Violen Mar.Otok, Komando Gordix talde katalaneko aktibistak: «Gauza asko berraztertu behar dira: ikasliburuak, gorputz hezkuntzako proben parametroak... Eta bullying-az hitz egin behar dugu: zergatik gertatzen da behin eta berriz?». Eta proposamen bat egin du: «Segur aski, aliantza txikiak beharko ditugu instituzioekin, batez ere osasunaren eta hezkuntzaren esparruetan aldaketa batzuk egiteko, gure gorputzak ez baitira sartzen autobusetan, gurpil aulkietan...».
Kolektiborako jauzia
Horretarako, ezinbesteko jo dute aktibismo lodiak sare sozialetatik kalerako jauzia egitea, gizenen taldeak sortzea... Ildo horretan, zuhur mintzatu dira body positive mugimenduaz. «Diskurtso neoliberala dute atzean: 'salba zaitez zu bakarrik', 'maita ezazu zeure burua (gorroto zaituen mundu batean)'... Baina gure gorputza aldagai askoren emaitza da: beti ez da posible aldatzea. Erruduntasun hori ere kendu behar dugu: ez da gure kulpa lodi egotea», adierazi du Pineyrak.
Ildo horretan, aktibismo lodiak subjektibazioan ere eragin dezakeela aldarrikatu du Mijok: «Hemen gauden guztiok argaldu nahi izan dugu gure bizitzako uneren batean. Horren aurka, aktibismo lodia aukera bat da desiratzeko esan diguten hori ez desiratzeko, edo ez desiratzeko esan digutena desiratzeko; edo, behintzat, birpentsatzeko, beste desira batzuk produzitzeko; bideratu gaituzten horri uko egiteko eta disidentziak aktibatzeko».
Aktibismo lodiaren abiapuntua
Euskal Herriko I. Jatunaldiak egiten ari dira egunotan Gernikan. Aurreiritzi, lege eta prozedura lodifoboez ohartarazi dute, eta antolatzera deitu dute, minak politizatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu