Amalur Alvarez. Gure Esku-ko bozeramailea

«Aktibatzea tokatzen da, gure gutxienekoak argi azaltzeko»

Europan eta Espainiako Estatuan aukera politikoak zabaltzen ari direla uste du Alvarezek, eta testuinguru horretan Hamaika Gara-k bildutako sinadurek balio dutela prozesu instituzionalaren «jarraipena» egiteko.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Hamaika Gara eta erreferendum baten aldeko sinadura bilketa aurkeztu zituzten Tabakalerako eskaileretara itzuli da Amalur Alvarez (Donostia, 1988), urte eta laurden geroago. Larunbatean Bilbon egitekoak diren mobilizazioa du buruan egunotan.

Zer moduz doa prestaketa?

Ondo. Udaberriko kanpainari helburu gisa jarri genion animoak berreskuratzea, kalea aktibatzea. Apiriletik horretan ari gara poliki-poliki. Espektatiba positiboak ditugu. Bilboko mobilizazioak eduki eta aldarri politiko asko izango ditu, Hamaika Gara-tik eragileok eramango ditugunak. Bada garaia une alai bat elkarrekin izateko, harremanak berreskuratzeko, jai giroan egoteko.

Joaten denak zer topatuko du?

Eduki politiko batzuk. Aukera izango dugu izurrian agertu diren behar asko aldarrikatzeko, eta erdigunean burujabetza eta erabakitzeko eskubidea egongo dira. Hamaika Gara osatzen dugunak egongo gara, eta bakoitzak bere edukiak eramango ditu; zertarako behar dugun burujabetza eta erabakitzeko eskubidea: gure lan markoa erabakitzeko, pentsio duinak izateko, bizitza duinak eta gure eskubideak bermatuta izan nahi ditugulako... Hori guztia lortzeko, erabakitzeko tresnak behar ditugu.

Kontzertuak ere bai.

Horretarako beharra ere izan dugu pandemian; kultura kontsumitzea oso konplexua izan da. Bilboko momentua erabili nahi dugu ditugun behar horiek guztiak asetzeko: aldarrikatzeko beharra eta ongi pasatzekoa, komunitatean sentitzekoa.

Bilboko mobilizazioa erreferendumaren aldeko sinadura bilketari lotuta dago. Zer moduz doa?

Ondo, poliki-poliki. Espektatiba oso handiak jarri genizkion sinadura bilketari, ez genuelako espero zer zetorren. Beste eragile askok egin duten bezala, espektatiba horiek pandemiara berregokitu ditugu. Lehentasunak aldatu egin dira, eta, beste erritmo batean badoa ere, badoa aurrera. Bagoaz atxikimenduak biltzen. Udazkeneko kanpaina ere lantzen ari gara.

Noiz arte izango da bilketa?

Abendura arte. Ditugun aukera guztiak baliatzen ari gara. Gure Esku-rentzat eta Hamaika Gara osatzen dugun eragileentzat tresna estrategiko bat da, batez ere gure herriaren erabakitzeko bide propioa eraikitzeko eta bide hori martxan jartzeko. Eragile guztiok erabakitzeko tresnen beharra daukagu, eta argi daukagu sinadura bilketak balio handia duela, eta datozen egun, aste eta hilabeteetan gure lana hori izango dela: tresna horri balioa ematea.

Gutxi gorabeherako kopururik?

17.000-18.000 inguru.

2020ko martxoan abiatu zen bilketa. Duela hilabete, 11.000; orain, 18.000. Azkartzen ari da?

Azken asteetan gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Oraindik baditugu une garrantzitsuak, eta udazkena. Badakigu ez ditugula beteko 2020ko martxoko aurreikuspenak, baina horrek ez du esan nahi baliorik ez duenik. Eragile eta instituzioek ere goitik behera aldatu dute beren agenda; Gure Esku ezin zen salbuespena izan.

Itxaropentsu zarete izurria apaltzeak mobilizazio sozialean izan dezakeen eraginarekin?

Bagoaz pandemiak jarritako oztopo batzuk gainditzen. Apirilean, beldurra zegoen herriz herri kalera ateratzeko, jendeari sinadura eskatzeko. Orain, beste oztopo bat gainditu nahi dugu: goazen kopuru handiago bat biltzera. Egoera konplexu bat pasatu dugu; erokeria bat litzateke dinamika bat planteatzea kontuan hartu gabe pandemiak sortu dituen beldur eta emozio horiek guztiak. Apiriletik hona nabari da aldaketa bat, eta sinadura bilketan antzeman da. Jendeak erantzungo du, gogoa eta beharra dagoelako. Gaur egungo testuinguruan 17.000-18.000 sinadura izatea oso positiboa da.

Sinadurak bilduta, horiekin zer?

Larunbatetik aurrera hasiko gara mezu argiagoak zabaltzen. Hurrengo urratsak zehaztea landu behar dugu Hamaika Gara-ko eragileen artean. Argi daukagu sinaduren helburua zela euskal lurraldeetan erabakitzeko bide propioak martxan jartzea eta horretarako agenda instituzional bat ezartzea. Paraleloki, esaten genuen agenda sozial eta politiko bat ere eraiki nahi genuela.

Badirudi estatus berriaren eztabaida berriz aktibatzekoa dela.

Espero dugu horrela izatea; premia dago. Sinadura bilketa tresna bat da herritarrok bide instituzionalean gure ekarpena, jarraipena eta zaintza egiteko. Autokritika gisa diot: aurreko legealdian, herritarrok aukera genuen eragiteko, eta maila instituzionalean bakarrik eztabaidatzen utzi genuen. Egindako lan horretan aurrerapausoak eman nahi badira, herritarroi eta eragileoi pauso ausartagoak ematea dagokigu. Sinadurak horretarako tresna bat dira; prozesu instituzionalean gure gutxienekoak azaltzeko.

Lantaldean erabakitzeko eskubidearen hiru formulazio bildu ziren. Itxaropentsu zaudete?

Bai. Borondate politikoa dago. Urteotako lanak balio handia izan du, herritarrok ahaldundu egin garelako. Maila politikoan urrats inportanteak egin dira, baina herritarrok ardura daukagu lortuko den emaitzan. Naziometroaren datuek argi diote: adostasun zabal asko ditugu, eta horietako garrantzitsu bat erabakitzeko eskubidearen ingurukoa da. Badagokigu bide instituzionalaren zaintza eta jarraipena egitea. Badakigu herritarrak mobilizatzen garenean gai garela eragiteko. Orain, aktibatzea tokatzen da, gure gutxienekoak argi azaltzeko: prozesua herritarron parte hartzean oinarritu behar da, eta erabakitzeko eskubidea oinarri gisa jaso behar du.

Testuingurua aldekoa da?

Aukerak sortzen ari dira. Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian, Autodeterminazioaren aldeko Caucusak argitasun oinarriei buruzko ekarpen bat egin nahi du lurralde gatazkak konpontzeko. Katalunian, badirudi mahai politikoa aktibatuko dela.

Pirinioetako Bidearen berri eman duzue: 2022rako mobilizazio bat, eragile euskaldun eta katalanek elkarlanean antolatua. Nondik dator ideia?

Esan genuen garaia zela Kataluniarekin sintoniatik sinkroniara pasatzeko. Alderdien artean eta sindikalgintzan, pausoak ematen ari dira elkarlanerako. Ulertzen genuen maila sozialean ere beharrezkoa zela, batez ere, Europari azaltzeko Espainiako lurralde gatazka ez dela katalanena, Espainiako Estatuak duen gatazka bat dela eta konponbide demokratiko bat behar duela. Estatuari begira, uste dugu elkarrekin indar handiagoa dugula eskaintza demokratiko hori egiteko orduan. Pirinioetako Bidearen asmoa da maila sozialean elkarlana aktibatzea katalanekin eta galiziarrekin.

Erronka handia da.

Bai, pandemiagatik atzeratuz joan gara. Elkarlanean sartzean bestelako harreman bat sortzen da. Luzera begirako bidea eraiki nahi dugu. Mobilizazioa horretarako aukera bat da. Guretzat mugarri garrantzitsua da.

Solasaldi zikloa amaitu duzue. Zer balorazio egiten duzue?

Hamaika Gara-ren helburu bat zen benetako elkarlan bat zabaltzea eragileon artean, eta balio izan du. Balio izan digu partekatzeko bakoitzak zer behar dituen, nola ulertzen duen burujabetza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.