Bi urte bete ditu Sarek, euskal presoen eskubideen defentsan aritzen diren herritarren sareak—2014ko ekainaren 15ean sortu zen—. Pozik daude hango kide eta arduradunak, uste baitute bi urte hauetan «hainbat jatorritako pertsonak sentsibilizatzea» eta giza eskubideen alorrean «erreferentzia» izatea lortu dutela. Baina badakite orain arte egindako lana ez dela nahikoa izan, eta, horregatik, jardunbide berriari ekingo diote, datozen hilabeteetan «aktibatze aroa» zabaltzeko.
Salatzen Dut jarri diote izena ekinbide berriari, eta Sareko bozeramaile Arantza Aldezabalek eta Joseba Azkarragak azaldu dutenez, presoen giza eskubideen defentsaren inguruan bi urteotan bildu dituzten indarrak «aktibatzea» izango du xede, indar eta babes horiek are gehiago hedatzeaz batera. «Gizarte zibila euskal presoen giza eskubideen banderapean egituratu, aktibatu eta parte hartzaile bihurtu» nahi dute dinamika horren bidez.
Jardunbide berriak Salatzen Dut izenburua duen arren, «salaketa hutsetik harago» joan nahi dute, eta pertsona bakoitza «atxikitze eta aktibazio tresna» bilakatu. Presoen giza eskubidean errespetatzearen alde daudenek aldarrikapen hori gune eta esparru guztietara eramatea nahi dute, eta aldarrikapen horren babesean euskal presoen giza eskubideekin zerikusirik duten dinamika guztiak sare batean ehundu nahi dituzte: sakabanaketaren kontrako aldarria, salbuespen legeriaren salaketa, gaixo handi dauden presoen egoera, zigorra beterik duten eta kalean beharko luketen zazpi presoena, eta abar.
Dinamika horrekin bat egin nahi duten herritarrak ez dira esku-hutsik abiatuko. Joan den maiatzaren amaieran aurkezturiko txosten juridikoa, ehun bat legelari, abokatu eta zuzenbide irakaslek atondua, lanabes izango dute zeregin horretan. Sarek iragarri du txosten hori Europako hainbat erakundetara igorriko duela, baina, orain, herritarrek ere aukera izango dute agiri hori mundu osoan hedatu eta ezagutarazteko.
Urriaren 15ean Donostian Gaixo larriak etxera goiburupean egingo duten nazio manifestazioa ere Salatzen Dut dinamika horren barruan kokatu dute Sareko bozeramaileek. 2017ko otsailean egingo duten Batzar Orokorra ere bide horretan mugarri izatea nahi dute, eta, horretarako, ordura arteko tartea baliatuko dute herritarrei Sarerekin bat egin dezaten proposatzeko.
Hauteskundeei begira
Laster hasiko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Sareko kideek badakite hori traba izan daitekeela datozen asteetan euren mezua barreiatu ahal izateko, baina, aldiz, oztopoa aukera bilakatu nahi dute, eta abagunea baliatuko dute hautagaiei dei egiteko, Salatzen Dut aldarrikapenarekin bat egin, eta euren agendan eta lehentasunen zerrendan sar dezaten.
Sareko kideek uste dute hauteskundeetatik aterako den legebiltzarrak «giza eskubideen aldeko gehiengo zabala» izango duela. Baina gehiengo horrek batera aritzeko «borondateak batzeko urratsa» ezinbestekoa dela deritzote. Sare prest dago «beharrezko diren zubiak» eraikitzeko, «legealdiaren hastapenetik akordioak» lortzeko xedez.
«Aktibatze aroa» zabaldu nahi du Sarek presoen giza eskubideen defentsan
Salatzen Dut izeneko jardunbidea abiaraziko dute, gizartea «eragile aktibo» bilakatzeko. Urriaren 15ean nazio manifestazioa egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu