Akordiotik legera, bide malkarra

Larunbatean beteko da urtebete EAJk eta PSE-EEk EAEko Hezkuntza Legea onetsi zutenetik. Urte eta erdi lehenago onartu zuten akordioak izan behar zuen legearen oinarri, baina legea ontzeko prozesuan desadostasunak sortu ziren.

Hezkuntza akordioa onartu zuten taldeen ordezkariak, Zelai Nikolas legelaria ondoan dutela, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Hezkuntza akordioa onartu zuten taldeen ordezkariak, Zelai Nikolas legelaria ondoan dutela, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Larunbatean beteko da urte bat Eusko Legebiltzarrak EAEko Hezkuntza Legea onartu zuenetik. EAJren eta PSE-EEren babesa jaso zuen; aldiz, ezetz esan zion oposizio guztiak.

Gorabeheratsua izan zen legea ontzeko prozesua. 2021eko urrian onartu zuen Eusko Legebiltzarrak hezkuntza ituna jorratzeko lantalde bat sortzea. Lantaldean, dozenaka hezkuntza eragileri entzun zieten, eta, azkenean, lortu zuten testu baten bueltan ados jartzea: 2022ko martxoan hezkuntza ituna izenpetu zuten EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk.

Gerora etorriko zen legearen oinarria izan behar zuen hark; ordea, egon zen korapilorik. Hezkuntza publikoko eragileak hasiera-hasieratik egon ziren aurka, eta babes politikoa ere kamustuz joan zen pixkanaka; Elkarrekin Podemos-IUk ezezkora jo zuen, itunpeko sarearen mesedetan ari zirela iritzita. EH Bilduren desadostasuna, batez ere, hizkuntza ereduei lotutakoa izan zen. Izan ere, hezkuntza akordioak ez zuen aipatzen hizkuntza ereduak mantenduko zituztenik; legeak bai, ordea. Halaber, gaitzetsi zuten ez zeudela zehaztuta ikastetxeak Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren parte izateko betebeharrak. Honatx gai nagusiak nola geratu ziren jasota hezkuntza itunean eta legean:

1

Hizkuntzak

Biek ala biek aipatzen dute euskara ardatz duen sistema eleaniztuna lortzeko helburua. Dena dela, itunean ez zaie aipamenik egiten hizkuntza ereduei; legean, ordea, bai. Aipatzen du legean jasota daudela, besteak beste, hizkuntzen trataera integratua eta ikasleen hizkuntzak eta kulturak sustatzeko neurriak. Zera gehitu zuten: «Hori guztia ikastetxe bakoitzaren hizkuntza proiektuan egituratu behar da, Gernikako Estatutuan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen II. Tituluko II. Kapituluan ezarritako eskubide aitortuak eta printzipioak barne hartzen dituen esparru komun baten barruan, unean-unean indarrean dauden hizkuntza ereduen sisteman oinarrituta, eta eredu horien edozein garapen edo eguneratze erregelamendu bidezko garapenaren bidez egingo dela ziurtatuz, eskubide eta printzipio berberak bermatuz».

Halaber, akordioan eta legean esana dute ikasleek B2 maila lortu beharko dutela euskaraz eta gazteleraz DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerako. Besteak beste horretarako, akordioan jaso zuten Euskararen Ikaskuntzarako Institutua sortzea. Izena aldatu zioten legean: Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua egitea onartu zuten.

2

Eskola sareak

Akordioak eta legeak aipatzen dute Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa, baita hori eskola publikoen eta itunpekoen bidez emango dutela ere. Akordioan eskola horiek «bete beharrezko baldintzak» jasota daude, besteak beste, hauek: hizkuntzei dagokienez, ezarritako helburuak bete beharko dituzte, beren ingurune soziolinguistikoa kontuan hartuta; laikotasuna bermatu beharko dute; eta segregazioaren aurka konprometituta aritu beharko dute. 

Bestela dago jasota itunean. Dioenez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen duten eskolak «printzipio hauei jarraikiz» araututa egongo dira: «Diskriminaziorik eza; gardentasuna; irabazi asmorik eza; ikasle zaurgarriei eta ikasleen aniztasunari arreta ematea; hezkuntza formalean inplikatutako sektoreen parte hartze demokratikoa; segregazioaren aurkako konpromisoa; inklusioaren, ekitatearen eta aukera berdintasunaren aldeko konpromisoa; Eusko Jaurlaritzak ezarritako curriculumarekiko eta ebaluazio mekanismoekiko begirunea; euskara hezkuntza sistemaren barruan lehenestea, hezkuntza jardueran zein harreman profesionaletan, baita ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere; eta ezarritako hizkuntza helburuak betetzea». Ez du adierazten funts publikoak jasotzeko ezinbesteko baldintza izango direnik. Legean banan-banan ageri dira betebeharrak, bakoitza xehe azalduta; legean, berriz, «printzipioak» elkarren segidan ageri dira, azalpen gehigarririk eman gabe.

3

Erlijioa

Legean jasota dago ikastetxeek erlijio sinesmen oro errespetatu beharko dutela, baina «beren izaera propioari» uko egin gabe; horrelakorik ez dago akordioan. Hau bai: biek diote Erlijioa irakasgaian oinarrizko legediak ezarritako gutxienekoa izango dela ikastetxeek eskain dezaketen gehienekoa, eta doktrinamendurik ez egotea bermatuko dutela.

4

Digitalizazioa

Digitalizazioa da hezkuntzan zeresana eman ohi duen beste gai bat. Itunean jasota dago digitalizazio etikoa, arduratsua, euskalduna eta eraginkorra bermatu beharko dela; euskalduna eta eraginkorra hitzak ez dira ageri itunean. Itunak eta legeak bat egiten dute beste puntu batean, eta zera diote: «Bitarteko teknologiko auditagarriak, berrerabilgarriak, libreak eta gardenak» erabili beharko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.