Akordiorik lortu ez badute ere, Martin Garitanori emango dio botoa Aralarrek

Edukietan ados dauden arren Bilduk ez duela biko lankidetzarako akordiorik sinatu nahi izan azaldu du Aralarrek

Aintzane Ezenarro, Oxel Erostarbe eta Rebeka Ubera, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Aralar eta Bildu saiatu dira Gipuzkoako Foru Gobernurako akordioa egiten. Baina, edukietan ados dauden arren, itunik ez dute egin. Nolanahi ere, Aralarrek irekita dauzka ateak akordiorako, eta horren erakusle, Bilduren hautagai Martin Garitanori emango dio, gaur, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko botoa. Negoziatzen jarraitzeko eta Gipuzkoan aldaketa soziala eta politikoa lortzeko borondatea erakutsi nahi du horrela alderdiak, Rebeka Ubera batzarkideak zein Aintzane Ezenarro eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideek emandako prentsaurrekoan Erostarbek azaldu duenez.

Bi alderdietako negoziazio taldeek giro onean egin dituzte bilerak, eta edukietan desadostasunik ez da egon. Baina Bilduk ez duela hitzarmenik nahi esan die Aralarreko kideei, negoziazioetako azken bileretan. «Harrituta» hartu dute erabakia Aralarreko kieek, koalizioko kideek publikoki eta pribatuan esan baitute elkarlanerako prest daudela.

Legealdi osorako elkarlanerako ituna proposatu dio Aralarrek Bilduri, «bakerako eta elkarbizitzarako eta Gipuzkoako Diputazioan aldaketa sozial eta politikorako ekarpena partekatzeko akordio markorako proposamena» egin dio. Gernikako Akordioa osorik gara dadin diputaziotik lan egiteko akordioa, eta politika publikoak ezkerrera eramango dituena.

Aralarreko kideek ez dute azaldu Bilduren ezetzaren zergatia,hori azaltzea koalizioko kideei dagoekiela uste dutelako. Nolanahi ere, aldaketa bultzatzeko borondatea du Aralarrek, eta horregatik emango dio botoa Bilduko hautagaiari, gaur, aukera ikusten baitute akordioa egiteko bakeari eta elkarbizitzari dagokienez zein programari eta kudeaketari dagokienez.

Ituna ixteko itxaropena ez ezik, beste arrazoi bat ere badu Aralarrek Bilduri botoa emateko: «Benetan sinesten dugu erakundeen kudeaketa bere gain hartzea urrats garrantzitsua izan daitekeela bakea finkatzeko eta normalizazio politikorako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.