Hauteskundeen ondorena. EAJren akordio proposamena

Akordiorako joko zelaia

Krisia gainditzeko, bakea lortzeko eta autogobernuan sakontzeko proposamena egin die EAJk gainontzeko taldeeiInstituzio guztietako 2013ko aurrekontuak bermatzea izango da jeltzaleen lehentasuna

Jakes Goikoetxea - Jokin Sagarzazu
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
«Euskadik hiru nazio erronka dauzka, eta denon elkarlana beharrezkoa da». Hauteskundeak irabazi berritan bere lehentasunak zeintzuk izango diren argi zehaztu zituen Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak. Krisia gainditzea, bakea eta elkarbizitza irabaztea, eta «Euskadi, Nazioa Europan» proiektua gauzatzea. 258 orriko programan jasota daude erronka horiek, 172 konpromiso eta 610 egitasmoetan xehetuta. Gobernua osatzeko abiatu dituen bileretan, baina, hiru erronka horiei eusten die EAJk, baina programan baino zehaztasun gutxiagorekin. Hori da akordiorako joko zelaia. Kanpoan geratu dira, baina, beste arlo batzuei buruzko proposamenak: Ertzaintza, lurralde harremanak, euskara...

Ekonomia

Babes eske, aurrekontuak onartu ahal izateko

EAJren lehentasuna aurrekontuak bermatzea da. EAJk lehen lerrotik esan die gainerako alderdiei. Patxi Lopezek bazekien 2013ko aurrekontuak aurrera ateratzeko zailtasunak izango zituela, eta hauteskundeak aurreratu zituen. Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak ere kanpaina hasterako zekien 2013rako aurten baino nabarmen diru gutxiago izango zuela. Mila milioi euro gutxiago izango zirela haizatu du urte osoan; azkenean, gutxienez 700 milioi euro gutxiago izango dira, urriko Finantzen Euskal Kontseiluan onartutako kopuruen arabera. Gehiago ere izan daitezke, kupoa gorabehera.

Aurrekontuak bermatzeko, EAJk quid pro quo eskaintza egin die EH Bilduri, PSE-EEri, PPri eta UPDri: akordio zabal bat, alderdiek erakunde guztietako —foru aldundiak eta udalak barne— aurrekontuak onartzea errazteko, «ez eragozteko» behintzat. Desadostasunak adierazi bai, baina osoko zuzenketarik ez; ezta zatikako zuzenketarik ere, aurrekontuen «filosofia eta edukia eraldatzen badute».

Akordio konplikatua da: Araba eta Gasteiz PPren esku daude, Bizkaia eta Bilbo EAJren esku eta Gipuzkoa eta Donostia EH Bilduren esku. Eta PPrentzat balio duen akordioak ez du balio EH Bildurentzat. Eta PP konbentzituta ez du gehiengo nahikoa Eusko Legebiltzarrean, PSE-EE edo UPD ere konbentzitu beharko luke. PSE-EE alde izateak Eusko Legebiltzarrean lagunduko lioke; baina EAJ PSE-EEri orain eskaintzen ari zaio aurreko hiru urte eta erdian ukatu dion akordioa.

Trukean zer eskaini die EAJk alderdiei? Defizit publikoa gutxitzeko neurriak hitzartzea, gastu arruntak gutxitzea, inbertsioak diru sarreretara egokitzea, bikoizketak saihestea, erakunde publikoen kopurua «zentzuz antolatzea» eta enplegu publikoari eustea.

Urkullu, EAJ, behartuta dago zerga politika aldatzera. Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak ere aurten onartu behar izan du. EAJk zerga politika aztertu nahi du, batzorde baten bidez, «ahalik eta progresibotasun handiena lortzeko, jarduera ekonomikoa bizkortzeko eta zerbitzu publikoei eusteko behar besteko baliabideak lortzeko».

Aldaketa hitzartuak, nahi ditu, harmonizazioa. Alegia, hiru foru aldundiek zerga arau berdinak izatea. «Oinarrizko adostasun maila» lortu beharra aipatzen du, baina orain arte ezinezkoa izan da. Gaur egun zerga arauak ezberdinak dira: Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga aldaketa batzuk (PFEZ, ondare zerga...) proposatu izan ditu eta, Arabak eta Bizkaiak onartu nahi ez dituztenez, Gipuzkoak bide propioa egin du. Gipuzkoak, gainera, abian du sozietate zerga sinplifikatzeko prozesua.

EAJk Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerga aldaketa egitasmo bat aipatzen du lanerako oinarrizko txostenean: aberastasun handien zerga. Zerga horrek ondare zerga ordezkatuko luke, eta urtean 700.000 euroren baino gehiagoren aberastasunak dituztenei eragingo lieke, Gipuzkoan 6.000 herritarri. Gipuzkoa bakarrik aurrera egiteko prest dago, eta PSE-EEren babesa du. Araba eta Bizkaia guztiz kontra daude. EAJk, baina, dio akordioan parte hartzen duten alderdiek konpromisoa hartzen dutela zerga hori «aztertzeko eta adosteko», Zergak Koordinatzeko Organoan, «herrialdeetan behin betiko onartu aurretik».

Zerga iruzurraren kontrako borrokak erakundeen arteko iskanbilak sortu izan ditu aurreko legegintzaldian. Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Foru Aldundiari leporatu izan dio ez dituela zerga iruzurrari buruzko datuak partekatu gainerako erakundeekin. Orain EAJ prest dago zerga iruzurraren kontrako sistemak «indartzeko eta hobetzeko». Hori bai, lurralde bakoitzak araudi propioa izatea onartuko luke.

Ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko hainbat proposamen egin ditu EAJk, hauteskunde programan jasotakoak guztiak, orokorrak. Proposamen horiei lotuta, EAJk gizarte zerbitzuei eusteko neurriak ere proposatuko dizkie, «gizarte zerbitzuei eusteko». Oinarrizko txostenean ez dago zehaztasunik.

Bakegintza

Zehaztasun gutxi; akordio zabalak helburu

Guztientzako balio duen bakea lortu nahi du EAJk. Eta denen inplikazioa lortu nahi du. Adierazpen orokor horretatik haratago, eta horregatik, agian, zehaztasun gutxi ditu jeltzaleen proposamenak. Besteak beste, aipamen bakar bat ere ez du egiten Aieteko Adierazpenari buruz, nazioarteko eragileen lanari buruz edo Espainiako zein Frantziako gobernuen erantzukizunari buruz.

Txostenean nabarmentzen denez, euskal erakundeetatik bultzatu behar da lan hori. Horretarako, eta lan tresna gisa, hiru oinarriren gainean lan egitea proposatzen du EAJk. Oinarri etikoa: giza eskubide guztien defentsa eta bortxakeria mota ororen eta horren defentsa edo «legitimazio nahiari» aurka egiteko konpromisoa. Oinarri demokratikoa: aniztasunaren aitorpena eta proiektu guztiak egingarriak direla defendatzea. Eta oinarri metodologikoa: elkarrizketa eta akordioa.

Oinarri horiek aurrera eramateko hiru esparrutan lan egitea proposatzen du EAJk. Hirurak martxan daude jada Eusko Legebiltzarrean. Batetik, Bake eta Elkarbizitzarako lantaldeari jarraipena eman nahi dio, «lan esparru partekatua sortzeko». Gogoratu beharra dago lantaldearen sorrera oso gatazkatsua izan zela eta ibilbide laburra izan duela. Ezker abertzalearen parte hartzea ez zuten ziurtatu eta horrek, besteak beste, Aralarren banaketa eragin zuen. Ikusteko dago EH Bilduk lantaldean parte hartuko duen edo ez, eta, erabaki horren ondorioz, beste alderdiek, PPk bereziki, bertan parte hartzen jarraitu nahi duen edo ez.

Lantaldearen sorreran finkatutako helburuei beste bat gaineratu die EAJk, espetxe politikarena. Une honetan askatzen zailen dirudien korapiloa. Alderdi jeltzaleak ebazpen bat adostu nahi du lantaldean parte hartuko duten alderdiekin. Zehaztasun gutxi ditu, baina, EAJren proposamenak. Ebazpen horretan espetxe politikari buruzko «gomendioak» adostu nahi dituela dio. Baina, testuan ez da proposamena zehatzik aipatzen ezta gomendio horiek nori zuzendu behar diren.

Beste lan esparrua Oroimenaren eta Giza Eskubideen Institutua litzateke. Azken legealdiaren amaiera sortu zuten institutua, baina oraindik osatu gabe dago. EAJren txostenean erakunde horren helburua zein izan behar den zehazten da: «Biktima guztiei oroimena eta aitorpena eskaintzeko politika publikoak koordinatzea eta bake eta giza eskubideen kultura sustatzea eta hedatzea».

Hiru aldi bildu nahi ditu bertan: «gerra zibila, trantsizioa eta demokrazia». Lehenengo aldiari dagokionez, gerrako eta Frankismo garaiko biktimei aitorpena eta ordaina emateko prozesuak garatzea eta osatzea proposatzen du. Beste bi epeei dagokionez, proposatzen du bai «terrorismoaren» biktimei, bai poliziaren gehiegikerien biktimei eta giza eskubideak urratuak izan dituzten biktimei aitorpena eta ordaina emateko prozesuak garatzea eta burutzea, «nazioartean dauden estandarren arabera».

Estatus politiko berria

Lantalde bat, autogobernuan sakontzeko

Zortzi orrialdeko txostenean hiru paragrafo eskaintzen dizkio EAJk «euskal autogobernuaren etorkizunari». Bakegintzaren arloan bezala, atal horretan ere zehaztasun gutxi azaltzen da jeltzaleen akordio proposamenean. Autogobernuaren etorkizunari buruz EAJren apustua zein den ez da zehazten —independentzia ez da aipatzen testuan—. Halere, epe batzuk zehazten dira. Hala, EAJk proposatzen du 2013 urteko lehen seihilekoan, Eusko Legebiltzarrean, lantalde bat sortzea. Lantaldean ordezkatuta egongo den talde bakoitzetik ospe handiko jurista biren parte hartzearekin. Gehien jota, urtebeteko epea zehazten du aditu talde horren lana amaitzeko. Horren ondoren, eta adostutako puntuen arabera, «artikuludun testu bat» egitea proposatzen du EAJk, tramitatua eta onartua izan dadin, eta «euskal gizarteak bere onespena eman diezaion».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.