Ezohiko egoera batean egin genuen, eta eutsi egin genion ahal izan zen denbora luzeenean, beste alternatiba batzuk bideragarri zirela frogatu genuen arte». Hala gogoratzen du EAJren eta PSE-EEren arteko lehen gobernu akordioa Xabier Arzalluz EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidente ohiak bere memoria liburuan. Zuhurragoa da Ramon Jauregi gobernu hartako lehendakariorde sozialista. Hark bere oroitzapenetan idatzia utzi duenez, Euskal Herrira baino gehiago, haiek Madrilera begira zeuden; Felipe Gonzalezen (PSOE) lehen agintaldian ezustean harrapatu omen zituen abertzaletasunean izandako hausturak, hori aukera bat izan zitekeela pentsatu zuten, baina baita arazo bat ere. Dena den, eskura zituzten kartak «modu egokian» jokatu zituztela uste du PSE-EEko idazkari nagusi ohiak.
Gaur egun bezala, 1980ko hamarkadaren hasieran, abertzaletasunak botoen bi herenak biltzen zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina EAren sorrera dela eta, EAJk galdu egin zuen hegemonia instituzionala; ordura arte, gehiengo osoarekin gobernatzen zuen erakunde nagusietan —HBk ez zuen Eusko Legebiltzarrean parte hartzen—. Hala, aurrerantzean, akordioak beharrezkoak izan ziren. EAJko hausturak, gainera, eragin zuen 1986ko azaroko Eusko Legebiltzarreko bozetan PSEk irabaztea eserleku kopuruan —bi gehiago—, nahiz eta EAJk boto gehiago lortu.
Negoziazioak Jose Maria Benegas Txiki lehendakarigai sozialistak eta PSEren orduko idazkari nagusiak hasi zituen, EArekin eta EErekin. Baina porrot egin zuen, batzuek eta besteek diotenaren arabera, Gizarte Segurantzaren transferentziagatik izandako desadostasunengatik. Baina Jauregiren eta Arzalluzen iritzian, «benetako arrazoia» beste bat izan izan zen: «EAk lehendakaritza nahi zuen», dio Jauregik, eta, Arzalluzen ustez, hori ezin zuten inolaz ere onartu Madrilen. «PSOEn beldur ziren [Carlos] Garaikoetxearekin, erradikalegia zelako. Horrek, Madrilgo egoera politiko nahasiak —1981eko militarren estatu kolpearen hotsak entzuten ziren oraindik, Jauregiren arabera— eta sektore ekonomikoen presioek —Arzalluzek gerora aitortu izan duenez— eraman zuten Jose Antonio Ardanza (EAJ) lehendakaritzara.
EAJ eta PSE-EE, baina, hasiak ziren aurrez zubiak eraikitzen: 1985ean, «larrialdiko akordio bat» egin behar izan zuten, Garaikoetxeak dimisioa eman eta Ardanzak hartu zuenean lehendakaritza, baina sozialistak ez ziren gobernuan sartu. Adibide grafiko batez azalduta: lehenengo akordioa egunkariko orri batean sartzen zen, eta bigarrenak 62 orri zituen. 1987koak, beraz, konpromiso zehatzagoak jasotzen zituen, bi parteentzat. Hala, koalizio gobernua osatu zuten, sailburu kopuru berarekin: sei bakoitzak. Jeltzaleek, Jaurlaritzako lehendakaritzaz gain, beren esku mantendu zituzten, bereziki, Gernikako Estatutuaren garapenarekin loturiko sailak, Herrizaingoa eta Ogasuna —kupoaz arduratzen zen—. Baina sozialistek aurrekontuaren %80a kudeatu zuten, sail garrantzitsuen bitartez: Hezkuntza eta Ekonomiaren bidez, esaterako.
Jauregiren arabera, akordioa, batik bat, «metodologikoa» izan zen: besteak beste, EAJk konpromisoa hartu zuen lege egitasmo oro PSErekin adosteko, eta PSEk, berriz, Jaurlaritzaren egitasmoak atzera ez botatzeko eta zentsura moziorik ez aurkezteko. Dena den, hainbatetan izan ziren aurrez aurre: hogei alditan bozkatu zuten ezberdin. Agintaldiko azkeneko urtean izan zuten talkarik gogorrena: 1990ean, EAJk EArekin eta EErekin batera, autodeterminazioaren aldeko mozio bat onartu zuen. Jeltzaleek sozialistei leporatu zieten ez betetzea estatutuaren garapenarekin hartutako konpromisoak. Jeltzaleek keinua egin bazuten ere, hausturarik ez zen izan.
Lehen legealdiko akordio nagusia Ajuria Eneko Ituna izan zen (1988). HBk ez beste guztiek sinatu zuten. Gatazka politikoa konpontzeko proposamena izan zen sinatzaileentzat; ezker abertzalea baztertzeko, HBrentzat. Estrategia hori nork diseinatu zuen ez da inoiz erabat argi egon. Baina Benegasek, 2014an ABC Espainiako egunkarian kontatu zuenez, Madrilen prestatu zuten: «Ajuria Eneko Ituna nire ideia izan zen. Madrilen saiatzea bururatu zitzaidan. Denak geunden prest, EAJ izan ezik. Orduan, Xabier Arzalluz bazkari batera gonbidatu genuen Felipe Gonzalezekin, Adolfo Suarezekin eta Miquel Rocarekin batera, baina esan genion [Madrilgo itunetik EAJ] kanpoan geratuko zela. Madrilgoaren ostean jarri nuen mahai gainean Euskal Herrikoa». Tartean, Aljerren, negoziatzen ari ziren Madril eta ETA, eta GALen jarduna indarrean egon zen 1987a arte. Egon zen Ajuria Eneko Ituna Aljerko negoziazio horiek baldintzatzeko estrategia gisa ikusi zuenik. Baita abertzaleen arteko gerturatze bat oztopatzeko saio modura ikusi zuenik ere.
Pendulua
Gerra zikina eta ustelkeria kasuak zirela eta, legealdi zaila izan zuten sozialistek Madrilen, eta 1989ko Espainiako hauteskundeetan Gonzalez gehiengo osorik gabe geratu zen. EAJren eta CIUren beharra izan zuen agintaldi berrirako, eta haiek eman, hainbat baldintzarekin: jeltzaleek, estatutuaren garapena. Sozialisten ahuldadea ikusita, bi urte geroago, 1990eko EAEko hauteskundeen ostean, PSOErekin izandako ituna hautsi zuten jeltzaleek, eta gobernu koalizio berri bat egiten saiatu zen autodeterminazio eskubidearen aldekoekin, HBrekin izan ezik. EAJren eta EAren arteko liskarrak eta EEren barne gatazkek amaitu zuten gobernu hura, 1991n, eta azkar itzuli ziren aurrekora.
1991ko ituna hausteko arrazoi ofiziala izan zen EAk babestu egin zituela independentziaren eta ETArekin negoziatzearen alde HBk udaletan aurkeztutako mozioak. Gainera, akordioa indarrean zela, 1991ko udal eta foru bozen ondoren, EAJk Gipuzkoako Aldunditik eta Donostiako Udaletik kendu zuen EA. Gipuzkoan hirugarren indarra izan zen EAJ, baina PSEren babesa eskuratu, HB lehen indarra abstenitu egin zen, eta diputazioa bereganatu zuten jeltzaleek. Donostiako Udalean, PPrekin batera hirugarren izandako Odon Elorza sozialista babestu zuten jeltzaleek.
EAJk, EAk eta EEk osatutako hirukoaren krisiak bat egin zuen, gainera, Leitzarango autobidearen auziarekin. Gipuzkoako EAJk Lurraldea koordinakundearekin negoziatu zuen ibilbide berria, EAren bizkar —ezker abertzalearen gertukotzat jotzen zen talde hura; horren buruan zegoen Jonan Fernandez azkenengo lau urteotan Iñigo Urkulluren Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari izandakoa—. Azpiegitura hura ETAren mehatxupean zegoen, eta askok negoziazio haren atzean ikusi zuten EAJ eta ezker abertzalearen arteko gerturatze bat, eta, bidenabar, EA indargabetzeko saioa. «Etor daitekeenaren saio modu bat izan zen», esan zuen Juan Mari Ollora jeltzaleak. Hain zuzen, EAJren talde negoziatzaileko kide izan zen Ollora Lizarra-Garaziko akordioan.
Hirukoaren hausturaren ondoren, hiru urteko gobernu akordioa egin zuten EAJk, PSEk eta Euskadiko Ezkerrak. Azkar joan ziren negoziazioak. EAJrentzat, ezinbestekoa zen gobernu egonkorra egitea; hargatik, malgu jokatu zuen sozialistekin. Hamar egunean lortu zuten ituna. Programaren hainbat ataletan amore eman behar izan zuten jeltzaleek, eta Jaurlaritzako sailen banaketan, berriz, sozialistek. EAJk bederatzi departamentu kudeatu zituen, eta PSEk, sei. Euskadiko Ezkerrak —ordurako desegite fasean— apenas hartu zuen parte negoziazioetan, eta sail bakar batekin geratu zen. Bi urteren buruan —1993an—, Euskadiko Ezkerra eta PSE alderdiek bat egin zuten.
1995eko hauteskundeek erabat zatituta utzi zuten Eusko Legebiltzarra, eta ordura arte izandako gehiengo osorik gabe geratu ziren jeltzaleak eta sozialistak. Hori hala, Ardanzak gobernurako bazkide berriak bilatu behar izan zituen, eta EArekin lotu zuen tratua. Nolanahi ere, akordioa lortzeko negoziazioak ez ziren errazak izan, EAJ PSE-EErekin ere ari zelako. Azken unera arte ez zen posible izan ados jartzea.
Bilera eta elkarrizketa saio luzeen ostean onartu zuten sozialistek gobernuan sartzea. Errezeloz ikusten zuten hirukoa osatzea, gobernuak ildo abertzalea har zezakeelako, baina Txiki Benegasek eta Jesus Egigurenek bultzatuta sartu ziren gobernuan. Sail batzuetan amore eman zuen EAJk, PSE-EEren mesedetan. Hamar sail izan zituen gobernu horrek: bost EAJren esku geratu ziren, PSE-EEk hiru kudeatu zituen, eta EAk bi. Akordioa udaletara eta aldundietara zabaldu zuten.
Legealdi osoa iraun zuen harremanak. Hala ere, bakegintzan izandako desadostasunek gorabehera ugari eragin zuen. Lehendakariak Ajuria Eneko Ituna HBri zabaldu nahi izateak eta 1998an Ardanza plana zeritzon bide orria proposatu izanak geroraPSE-EEk Jaurlaritza uztea eragin zuen. Gainera, PSOEren hamalau urteko egonaldiari amaiera emanda, 1996tik Jose Maria Aznar (PP) zegoen Espainiako Gobernuan, EAJren babesarekin.
1998ko irailean, Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zuten alderdi eta sindikatu abertzaleek, eta, hil berean, ETAk su-etena hasi zuen. Orduan amaitu zen EAJk eta PSEk elkarrekin hamalau urtez eginiko ibilbidea.
Zuria eta beltza
Ardanzak egun onartzen du Gernikako Estatutuaren garapenean —eta hori zen akordioaren helburu nagusietako bat— «ezer gutxi» lortu zutela hamalau urte horietan —24 eskumen 144tik—, baina akordioak balio izan zuela orduko krisialdi ekonomikoari aurre egiteko, «egonkortasuna» eman ziela euskal instituzioei, eta urratsak egin zituztela «bizikidetzan». Uste du, gainera, ez zegoela «beste aukerarik» garai hartan; ETAren jarduna zela-eta, bereziki, ezker abertzalearekin ez zegoelako «zer eginik», eta EA sortu berria zelako —jeltzaleen arerio nagusi gisa zen orduan—. Orain, beste aukera batzuk egonda ere, ados da PSE-EErekin bat egitearekin: hala esan zuen EAEko autogobernu lantaldean 2014ko azaroan, eta berretsi egin du aurtengo uztailean, EHUren Udako Ikastaroetan: «Sinetsita nago gatazkaren erroei heltzeko ezinbestekoa dela euskal gizarteak berezkoa duen nortasun dualtasun aintzat hartzea».
Ados dago horrekin Jauregi. «Beti pentsatu dut herri honen etorkizuna EAJk eta PSEk eraiki behar dutela». Eta pozik dago koalizio gobernuek eginiko lanarekin. «Argi zegoen gobernu zentrala erabat inplikatzen ari zela akordioetan, eta itunek hainbat arazo planteatzen zizkiotela, baina emaitza, oro har, positiboa izan da». Jauregik bere memorietan azpimarratzen du sozialistek Araban, Bizkain eta Gipuzkoan boto galera nabarmena izan bazuten ere, hori ez zela izan Gasteizko gobernuan emandako urteengatik izan, Madrilen egindako «akatsengatik» baizik.
Arzalluz, berriz, «engainatuta» sentitzen da. Esana du inoiz ez litzakeela errepikatu behar halakorik, ezer gutxi lortu zutela sozialistekin gobernatu zuten urteetan, eta aro «lasai eta geldoegia» izan zela, «denbora mortu bat ia». Hitz horiek bere garaian asko haserretu zuten Ardanza, eta urrundu egin zituen bi agintariak, lehendakari ohiak uda honetan Donostian azaldu zuenez.
«Salbuespeneko egoera izan zen hura. Inola ere ez nuke berriro babestuko», utzi du idatzita bere memorietan Arzalluzek. Orain, beste bat bada egoera, eta beste batzuk EAJko eta PSEkoburuzagiak.
Eusko Jaurlaritzako gobernabidea. EAJ-PSE koalizioak
Akordioen memoria
EAJ eta PSE-EE berriz ere elkarrekin arituko dira Eusko Jaurlaritzan, gaur izenpetuko baitute gobernu akordioa. 1987an ekin zioten bideari. 11 urte iraun zuen saio hark, eta 18 urtera helduko diote berriro. PSE-EEk beti balorazio ona egin du. EAJn, denek ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu