Akordioen albuma

Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatuko dute bihar, besteak beste EH Bilduren eta EAJren babesari esker. Akordioen eszenaratzea garrantzitsua izan da negoziazioen barruan.

Pedro Sanchez eta Andoni Ortuzar, sinatutako agiriak erakusten. FERNANDO VILLAR / EFE.
xabier martin
2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Irudi batek mila hitzek baino gehiago esaten duela dio esaera ezagun batek hizkuntza askotan. Sarri askotan, eragile politiko biren artean ituntzen den edukia bezain garrantzitsua gertatzen da akordioa plazaratzeko aukeratzen den eszenaratzea: argazkia. EAJk eta EH Bilduk Pedro Sanchezen PSOErekin egin dituzten negoziazio prozesuen emaitzek argazki esanguratsuak eman dituzte. Bihar bertan Sanchez atzera Espainiako presidente izendatzeko modua emango duten akordio bi horien albumak badu zer aztertua eta zer azaldua. Hitzez besteko komunikazio horrek aztarna ugari ematen ditu zer gertatu den eta zer gerta daitekeen ulertzeko.

EH BILDU-PSOE

Urriaren 13a, Espainiako Kongresua. Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkaria eta Maria Jesus Montero Espainiako jarduneko Ogasun ministroa Madrilgo ganberako bulego batean daude, EH Bilduko Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua eta koalizioko senatari Gorka Elejabarrietaren zain. PSOEko beste ordezkari bat dago bulegoan, bilerarako prest: Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea.

Bilerak 70 minutu iraungo du, eta argazki adierazgarri bat utziko du: Sanchez eta Aizpurua erdigunean; Cerdan eta Elejabarrieta izkinetan. Espainiako presidentea EH Bilduren solaskide da jada. «Karga sinboliko handia du argazkiak», azaldu du Estitxu Garai EHUko irakasleak. «Aizpurua goitik behera doa haren koalizioko kolore korporatibo berriarekin. Aizpurua banako batetik harago doan talde baten ordezkari da, alegia». Eztabaida politiko garrantzitsuetan, ohikoa da alderdiko koloreak dituen zerbait janztea; gorbata bat, kasurako. Pedro Sanchezek gorria jartzen du ekitaldi jakin batzuetarako: «Bilera horretarako, jantzi zuen», gogoratu du Garaik.

Argazkiak islatzen dituen jarrerez ere esan daitezke gauza batzuk: «Aurpegierak eta gorpuzkerak hurbiltasuna adierazten dute; irribarretsu daude, eta elkarri eskua ematen diote tarte batean». Argazki politikoek hurbiltasuna ala urruntasuna adierazten dute sarri. Duela lau urte, EH Bilduko ordezkariak eta PSOEkoak Sanchezen aurreko inbestiduraren harira elkartu zirenean, urruntasuna islatu zuen sozialisten orduko bozeramaile Adriana Lastraren jarrerak. «Orain ez dago halako hoztasunik. Bi eragileren arteko normalizazioaren argazkia da, finean», EHUko irakaslearen irudiko.

Argazkiaren erdigunea da hori; izkinetan Cerdan eta Elejabarrieta daude, «lekukoen rola jokatzen». Bulegoak, bestalde, ez du baldintzatzen adierazi nahi den mezu nagusia: «Konpromiso politiko bat eszenaratzen ari dira, ez akordio jakin bat; Sanchez hor dago EH Bilduk exijituko zuelako, eta lekuak lan giroa islatzen du, garbi utzita elkarlanerako prestasuna badela».

EAJ-PSOE

Azaroaren 10a, Espainiako Kongresua. EBBko presidente Andoni Ortuzar Madrilera joan da PSOErekin egindako akordio idatzia sinatzera. Sanchez zain dauka, Maria Jesus Montero jarduneko Ogasun ministroarekin batera. Aitor Esteban jeltzaleen Kongresuko bozeramailearekin iritsi da Ortuzar, baina argazki nagusian soilik bi goi agintariak agertzen dira, eduki zehatzak jaso dituen hitzarmena mahai gainean dela.

«Eszenaratze hori akordioari garrantzia emateko egina da. Agiriak azaltzen dira, eta Sanchezen beraren eskua da PSOEren konpromisoa berresten duena», azaldu du Garaik. Eta ofizialtasuna emateko elementu gehiago daude, tartean banderak. Garairen arreta bereganatu du aldagai horrek: «Espainiako bandera eta Europako Batasunarena agertzen dira soilik, eta nazio aitortza daraman itun bat plazaratzeko eszenan, agian, ikurrina falta da, ezta? Sinbolikoki, gauza horiek badute bere garrantzia».

Ortuzarren janzkeran ere badago beste xehetasun bat arreta ematen duena: gorbata. EAJko buruaren gorbatan ikurrinaren koloreak ageri dira, baina irudien formak ez du laguntzen azkar identifikatzen, Garairen arabera: «Sinbolikoki, Ortuzarrek ikurrinaren koloreak eraman nahiko zituen gorbatan, baina estanpatuaren laukiak hain dira eskoziarrak...».

Horrez gain, EHUko irakasleak gogoratu du duela lau urte EAJk eta PSOEk itundu zuten akordioaren argazkiaren antzekoa dela orain atera dutena. «Hainbesteraino, ezen agerkari digital batzuek orduko argazki bat erabili baitzuten albistea iritsi zenean, eta gorbatak ezartzen du alde nabarmenetako bat bi argazki horien artean». Gogoratu beharrik ez dago: orain lau urteko akordio horren parte bat baizik ez zuen bete Sanchezen gobernuak, eta agian ez da ideia oso ona akordio horren urratzea gogorarazi dezakeen argazki baten alde egitea.

«Edonola ere, giro instituzionala islatu nahi da argazkian», erantsi du Garaik. «EAJk zerbait gehiago lortu nahi zuen. Sanchez EH Bildurekin egon zen, baina, jeltzaleekin, ituna sinatzen soilik». Argazki horiek Eusko Legebiltzarrerako bozei begira plazaratu nahi diren «lorpentzat» ere jo ditu EHUko irakasleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.