11/13 sumarioko epaiketa

Akordioari aukera utziz

Udan jaso duten babes keinuak eskertu dituzte 11/13 sumarioko auzipetuek, eta Bilboko manifestaziora joateko dei egin diete herritarrei

11/13 sumarioko auzipetuak, atzo, Bilbon egindako prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
«Epaiketara goaz». 11-13 sumarioko auzipetuak prest daude epaiketa ez egiteko akordio bat onartzeko, baina, oraingoz, Espainiako Auzitegi Nazionalean egin beharko duten defentsa prestatzen jarraitzea beste aukerarik ez dute ikusten, aitortu dutenez. Bihar zortzi hasiko dira auzi saioak, Madrilen, eta, oraingoz, ez dute akordiorako proposamenik ikusi mahai gainean. «Gure aldetik ez gaude itxita bide hori aztertzera», azaldu du Amaia Izko abokatu eta auzipetuak, Bilbon, prentsaurrekoan.

Guztira, 601 urteko espetxezigor eskariari egin beharko diote aurre euskal presoen babes taldeetan aritutako 47 auzipetuek. Esker ona azaldu dute orain arteherritarrek eskaini dieten babesagatik, eta haien aurkako «bidegabekeriak» jendearengan sortutako sumina «etorkizunari ateak irekitzeko giltza» bilakatu dadin nahi lukete.

«Iraganeko estrategia errepresibo baten aurrean» ikusten dute euren burua auzipetuek, eta egoera hori gainditzeko beharranabarmendu dute horregatik Carlton hotelean egindako prentsaurrekoan. Izkok eta Beñat Zarrabeitiak egin dituzte eledun lanak, eta, haien hitzetan, «ezinbesteko» da euskal preso eta iheslarien auzia agendan sartzea. Eta, azaldu dutenez, mobilizazio soziala da horretarako bidea.

Alor horretan hartu behar liratekeen neurriak zehaztu dituzte: «Urruntze politika amaitu, gaixotasun larriak dituzte presoak kalera atera, zigor luzapenik ez egotea eta bakartzea bukatubeharra dago». Diotenez, herritarrak izango dira aldaketak bultzatuko dituzten protagonistak.

Horregatik, hurrengo larunbatean Bilbon Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian lelopean egingo den manifestaziora joateko deia egin dute. «Elkarbizitza eta bake oso baten aldarria zabaldu nahi ditugu».

Ezinegona eta babesa

«Olatu bat» izan da udan jaso duten sostengua, auzipetuen esanetan. Asko izan dira 47ak Herrian kanpainaren barruan hainbat udalerritan jaso dituzten sostengu keinuak. Zehaztu dutenez, ideologia, sentsibilitatea eta jatorri askotako jendea mobilizatu du haien kausak, eta horren adibide zehatz bat ere eman dute: Jon Maia bertsolariak euren kasuari buruz idatzitako manifestuak izan dituen 11.000 sinadurak.

«Iraganeko estrategiak» gaitzesten ditu Euskal Herriaren gehiengoak, Izkok eta Zarrabeitiak esan dutenez, eta jarrera horren parte dira haiek. «Ez dago jendarte aktibo, mobilizatu eta kritiko bat baino osasuntsuagorik. Gu horren parte gara, tanta bat gehiago itsas zabalean».

Epaiketak dakarren kostu pertsonala ere nabarmendu dute auzipetuek. Atxiloketek, haien lana kriminalizatzeak eta epaiketaren gastuek eragindako «ezinegona» aipatu dituzte, besteak beste, eta datu zehatza ere eman dute: kalkulatu dutenez, 350.000 euro beharko dituzte, guztira, hilaren 16an hasiko den epaiketak eragingo dizkien gastuei aurre egiteko. Diru bilketa kanpaina bat ere abiatua dute, eta, datu zehatzik eman ez badute ere, «ongi» doala esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.