Akordioak erdigunera...

Eusko Legebiltzarrak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu ditu 2022rako aurrekontuak. Elkarrekin Podemos-IUk «epe laburreko mugimendu taktizistatzat» jo du EH Bilduren abstentzioa

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ez da gidoi aldaketarik izan Eusko Legebiltzarrean. Ganberak atzera bota ditu Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk aurkeztutako zuzenketa partzialak, eta ontzat jo ditu Eusko Jaurlaritzaren 2022rako aurrekontuak. Oposizioko alderdiek adierazi dute ez dietela erantzuten herritarren beharrei, baina EAJren eta PSE-EEren gehiengo osoak aise onartu ditu. Alderdien arteko eztabaidan, hizpide izan dute EH Bilduren abstentzioa ere. Jaurlaritzako indarrek koalizioaren jarrera eskertu dute, eta gainerakoek «taktikatzat» jo.

Datorren urtekoak 13.108 milioi euroko aurrekontuak dira, aurtengoak baino %6 handiagoak. Osasun eta Hezkuntza sailak izango dira funts handienak izango dituztenak, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak gogorarazi duenez, eta beste 1.605 milioi euro bideratuko dituzte inbertsioak egiteko, Europatik irits daitezkeen diru laguntzen esperoan. Era berean, Azpiazuk adierazi du ahalik eta baliabide gehien erabiliko dituztela pandemiari aurre egiteko.

Jaurlaritza babesten duten bi alderdiak «harro» daude aurrekontuez. EAJko legebiltzarkide Itxaso Berrojalbizek azaldu du «herritarren beharrak» jarri dituztela alderdien nahien gainetik, eta nabarmendu du «hamar eurotik ia zortzi» gizarte politiketara bideratuko direla, «pertsonak zaintzeko eta babesteko» asmoz. PSEko Sonia Perezek, berriz, inbertsio publikoen aldeko apustua defendatu du. Hala, azaldu du krisi egoerari «lehiakortasunaren bidetik» erantzungo diotela.

Nerea Kortajarena EH Bilduko parlamentariak uste du aurrekontuak ez direla egungo erronkei aurre egiteko modukoak, baina, «ziurgabetasun handiko garai batean», herritarren beharrei erantzuteko asmoz jokatu duela EH Bilduk, abstentzioaren alde eginda. Osakidetzako lehen arretarako funtsera 30 milioi gehiago bideratzeko akordioa jo du horren adibidetzat, ezinbestekoa delakoan osasungintzaren egoerari aurre egiteko.

Elkarrekin Podemos-IUko eledun Miren Gorrotxategik ere osasungintzaren egoera izan du hizpide. Osakidetzako langileek eginiko protesta gogora ekarrita, «ezinbestekotzat» jo du haien lan baldintzak hobetzea: «Herritarren osasunerako eskubidea bermatzeko». Hala, kritikatu egin du berriz ez kontratatzea azken hilabeteetan kaleratutako behin-behineko 4.000 osasun langileak, koalizioak negoziazio saioetan eskatu bezala. Hortik aurrera, gizarte gaietan hainbat murrizketa egingo direla salatu du: «Makillatu daitezke murrizketak, baina asmoa argiki adierazi da».

PP+Cs-k arlo ekonomikoan jarri du begirada, osoko zuzenketen inguruko eztabaidan egin bezala. Luis Gordillo parlamentariak erreforma fiskal bat eskatu dio Jaurlaritzari. Era berean, gastuak murrizteko ere eskatu dio, besteak beste atzerriko ordezkaritzetan, Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko planetan etaEITBren aurrekontuetan.

Voxeko Amaia Martinez urrunago joan da, eta euskara sustatzeko neurri oro bertan behera uzteko eskatu du; besteak beste, egungo hezkuntza ereduari amaiera emateko eta ETB ixteko, «telebista sektariotzat» jo baitu. Izan ere, Martinezek «Espainiatik aldentzeko» asmoa duten aurrekontutzat jo ditu 2022rako prestatutakoak.

Negoziazioak hizpide

Aurrekontuetako funtsak ez ezik, Jaurlaritzak eta EH Bilduk adostutako akordioa ere protagonista izan da legebiltzarrean. Berrojalbizen hitzetan, gobernuak adostasunak lortzeko duen konpromisoaren erakusgarri da. Azpiazuk egin bezala, legebiltzarkideak ere EH Bilduren jarrera eskertu du, eta nabarmendu hura izan dela «aurrerapausoa emateko gai izan den bakarra», aurrekontuak «hobetzeko» modua emanda.

EH Bilduren izenean, berriz, Kortajarenak azaldu du «elefantea mugitzea» lortu dutela akordioarekin: «Beharbada hasi dira ulertzen herri honen erronkek elkarrizketa zabalak behar dituztela». Izan ere, legebiltzarkideak adierazi du hurrengo urteetan «aldaketa sakonak» iritsiko direla, eta urratsak egitea dela lehentasuna: «Ezohiko egoerek ezohiko erantzunak eskatzen dituzte».

Gorrotxategik, baina, oso bestelako ikuspegia du. Koalizio subiranistaren jarrera «epe laburreko mugimendu taktizista bat» dela salatu du, eta «kalkulu elektoralak herritarren eskubideen gainetik» jarri izana leporatu dio EH Bilduri. PP+Cs-ek, berriz, gobernuaren jokabidea gaitzetsi du, eta kezka adierazi EH Bildurekin osatutako «gehiengo berriak» politika ekonomikoetan izan ditzakeen eraginengatik.

Jeltzaleek eta sozialistek, baina, PPren eta Elkarrekin Podemos-IUren gain jarri dute haiekin zuzenketa partzialik adostu ez izanaren erantzukizuna. Perezen esanetan, Elkarrekin Podemos-IUk «aukera garrantzitsu bat» galdu du, eta egindakoa «murrizketak salatuz» justifikatu nahi du: «Baina badakite ez dela halakorik». PP+Cs-ri dagokionez, berriz, Berrojalbizek leporatu dio «konfrontaziora» bideratutako «diskurtso huts bat» duela; Perezek, berriz, «proiektu alternatiborik» ez duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.