Azaroaren 30ean etengo dute Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzuaren kontratua

Eusko Jaurlaritzak eta La Pau enpresak akordioa iragarri dute, Gasteizen eginiko bileraren ostean.

Larrialdiko anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Larrialdiko anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urriaren 22a
19:35
Entzun

Zurian beltz jarri dute jakina zena: La Pau enpresak uko egin die Osakidetzarekin dituen kontratuei, eta, hortaz, aurrerantzean ez du kudeatuko Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzua. Atzo heldu zen lehen baieztapen ofiziala, Lorea Bilbao Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuordeak onartu baitzuen Kataluniako enpresak ez duela kontratuari eusteko asmorik, eta horren berri emana ziola Eusko Jaurlaritzari, administrazioarekin eginiko azken bileretan. Gaur, berriz, kontratuen eteteari buruzko xehetasunak eman dituzte.

Eusko Jaurlaritzak ohar bidez adierazi duenez, Osasun Sailak eta La Pau enpresak akordioa sinatu dute, zerbitzua «era ordenatuan» bukatzeko, azaroaren 30a baino lehen. Edonola ere, Jaurlaritzak argi utzi nahi izan du anbulantzien zerbitzua «bermatua» egonen dela une oro, etenik gabe. Hori bermatu ahal izateko, behin-behineko kontratua eginen diote beste enpresa bati, osasun garraioari segida eman diezaion. «Erabaki honen bidez, Osasun Sailak lehentasuna eman die bai pazienteei bai enpresen langileei eta, nola ez, baita batzuek eta besteek dituzten eskubideei ere», gaineratu du Jaurlaritzak.

https://www.berria.eus/euskal-herria/eusko-jaurlaritzak-baieztatu-du-pau-enpresak-uko-egin-nahi-diela-osakidetzarekin-dituen-kontratuei_2132324_102.html

Erabakia «adostua» izan dela berretsi du Osasun Sailak, «aukera guztiak aztertu ostean». Bilbao sailburuordeak eta La Pau enpresako ordezkariek bilera egin dute gaur Gasteizen, eta horren ostean iragarri dute akordioa. «Hau da konponbide egokiena», laburbildu dute.

Arazoak eta salaketak

La Pau Kataluniako enpresak Arabako eta Bizkaiko anbulantziak kudeatzen ditu 2020. urteaz geroztik, bai larrialdietakoak, bai programatutakoak, eta urte hauetan guztietan makina bat gatazka izan ditu. Langileen lan baldintza kaskarrekin eta osasun zerbitzu desegokiarekin zerikusia duten salaketak pilatu zaizkio enpresari: atzerapenak nominen ordainketan, langile nahikorik ez izatea, anbulantzietan material eskasa egotea... Sindikatuek gogor jo dute La Pauren kontra, «hutsegite oso larriak» argudiatuta, eta nahiz eta Lan Ikuskaritzak behin baino gehiagotan zigortu izan duen, Jaurlaritzak ez du kontraturik eten. Are, salaketa eta isunak gorabehera, berriro esleitu zion enpresari anbulantzien kontratua. Larrialdietako kontratua 147 milioi eurotan adjudikatu zion, eta programatutakoa, 135 milioitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.