Akordioa sinatu dute anbulantzietako langileek

Aurreakordioa adostu zuten sindikatuek sinatu dute, hau da, ELAk, UGTk eta CCOOk. LABek, berriz, kritikatu du hitzarmenak ez dituela jasoko «batasun sindikalak kalean eginiko aldarrikapenak».

 Anbulantzietako langileek greba mugagabearen hasieran egindako protesta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Anbulantzietako langileek greba mugagabearen hasieran egindako protesta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko ekainaren 12a
15:45
Entzun

Anbulantzietako langileek apirilaren erdialdean adostu zuten aurreakordio bat; ordura arte, bi hilabete eman zituzten greba mugagabean. Bada, orain, aurreakordioa onartu zuten sindikatuek akordioa sinatu dute; hau da, ELAk, UGTk eta CCOOk. 2022tik 2028ra egongo da indarrean, eta 1.500 langileri eragingo dio. ELAren ustez, hitzarmenak langileen soldatak eta lan baldintzak hobetuko ditu; LAB sindikatuak, berriz, salatu du akordioak albo batean utziko duela «zerbitzuaren publikotasuna». Izan ere, LABek ez du akordioa sinatu.

2021ean amaitu zen anbulantzietako langileen hitzarmena, eta 2022ko urtarriletik ari ziren beste bat negoziatu nahian. ELAk nabarmendu duenez, lortutako hobekuntzarik garrantzitsuenetarikoa hitzarmena «ez aplikatzeko klausula» da: «Horrek bermatuko du enpresa esleipendunek ezingo dutela prozesua alde bakarrez kudeatu». Langileen baldintzak hobetu dituzten neurriak ere zehaztu dituzte, sindikatuaren arabera. Hauek dira hobekuntzetako batzuk: «%30,64ko soldata igoera metatua ezartzea, lanaldia 124 ordu murriztea, antzinatasun plusa hobetzea, lanpostu hutsak arautzea, hitzarmena betearazteko klausula sartzea eta familien legea hobetzea».

CCOOk ere txalotu du akordioa: «Aldarrikapen historikoa lortu dugu: 35 lanorduko astea; are, beharginek erosteko ahalmena galduko ez dutela bermatuko da». Izan ere, CCOOk esan du soldata igoerek lagundu egingo dutela Osakidetzako gainerako langileekin parekatzen. Errelebo kontratuak ere onartuko ditu hitzarmenak, eta horrek «lantaldea gaztetzeko modua emango du». CCOOk esan duenez, sinatu berri duten akordioak langile askoren oniritzia jaso du.

Sindikatu guztiak, baina, ez daude konforme hitzarmenarekin. LABen ustez, albo batean utzi dute «zerbitzuaren publikotasuna», eta horrek baztertu egingo du Osakidetzarekin parekatzeko homologazio prozesua. Gainera, hitzarmenak ez du konponduko azken urteotan langileek galdu duten erosahalmenaren arazoa. «Baldintza horiek ez dituzte asetzen batasun sindikalak kalean eginiko aldarrikapenak, langile askorengan hainbesteko eragin emozional eta ekonomikoa izan dutenak», gehitu dute.

LABek kritikatu du sinatutako hobekuntzen oinarria dirua eta orduen murrizketa direla. Izan ere, «ez dago hobekuntzarik» baimenei eta lizentziei dagokienez, eta «jasotzen direnetako asko indarrean daude jada estatuko familia legearekin». LABek argi utzi du anbulantzia zerbitzuaren kudeaketa publikoa funtsezkoa dela herritarrei zerbitzu ona emateko.

La Pauren jarrera, zalantzan

Grup La Pau enpresak kudeatzen du anbulantzien zerbitzu gehiena; Araban eta Bizkaian ematen du zerbitzua. Akordioa sinatu ostean, ohar bidez esan du «borondate ona» erakutsi nahi izan dutela horrekin. Halere, CCOOk salatu du azken hilabeteotan La Pau akordioa oztopatzen saiatu dela, «eskura dituen baliabide guztiekin». Bide beretik, LABek zalantzan jarri du enpresa gai izango ote den hitzarmena aplikatzeko.

Izan ere, LABek gogoratu du enpresak aurreko hitzarmena ez aplikatzea proposatu diela langileei. Duela astebete, enpresak planteatu zuen aurreko hitzarmena ez aplikatzea; hau da, udazkenera bitartean nominak %12 murriztea. Gainera, Grup La Pauk txosten bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzari, etengabe galerak zituela eta bederatzi milioi euroko defizita aurreikusten zuela adieraziz. Langileei murrizketa nabarmenak egin ezean hartzekodunen konkurtso batera jotzea ere aurreikusi zuen.

Orain, halere, langileen soldatak handituko dituen hitzarmena sinatu du, nahiz eta UGTk enpresaren kontrako helegitea jarria zuen, anbulantzia programatuen kontratuaren berritzea dela eta. Iazko abuztuan berritu zuten larrialdietako anbulantzien kontratua, eta aurtengo maiatzean berritu behar zuten programatuena. Horren harira, sindikatuak gogorarazi zuen arau hauste «oso larriak» egin dituzten konpainiek ezin dutela esleipen publikorik jaso, eta finantzaketa berria geldiaraztea lortu zuen. Zehapena ez da irmoa, baina UGTk argudiatu zuen enpresak berandu ordaindu izan dituela nominak. Are, Grup La Pauk beste 22 arau hauste «larri» egin ditu azken urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.